Cristóbal Balenciaga Museoa: Duela ehun urte ireki zuen Balenciagak Donostian lehen negozioa
Cristóbal Balenciaga Museoa: Duela ehun urte ireki zuen Balenciagak Donostian lehen negozioa
Balenciagak Donostian lehen denda zabaldu zueneko mendeurrena eta Pariskoaren 80. urteurrena oroituko ditu Museoak.
- 2017an. Balenciaga, sortzailea ez ezik, ekintzailea ere bazela nabarmenduko du programazioak.
Cristóbal Balenciagak moda-sortzaile eta enpresari gisa egindako ibilbide
oparoari hasiera eman zionekoa oroituko dugu Museoan 2017an, 100 urte
betetzen baitira Donostian lehenengo denda ireki zuela, eta 80 urte
Balenciaga Paris etxea sortu zuela.
Mendearen hasierako Donostia aberatsean kokatzen da abentura horren
hasiera. Oso garai bizia zen hura hiriko hirugarren sektorearen jarduera
ekonomikoari zegokionez, Gorteko jendearen udako egonaldiek eta euskal
kostaldeko turismoaren fenomenoak bultzatuta.
Cristóbal Balenciagak 22 urte zituenean jarri zuen abian bere lehenengo
negozioa. Ezer gutxi dakigu horren aurretik izandako esperientziari eta
prestakuntzari buruz; alabaina, 1907tik bizi zenez Donostian –udal-erroldako
erregistroaren arabera–, pentsatzekoa da Parisko modarekin lotura zeukaten
donostiar etxe garrantzitsuetako batzuetan arituko zela; segur aski, Casa
Gómez, New England eta Au Louvre dendetan.
Jakin, badakigu –agirietan hala jasota baitago–, urte horretan bertan zenbait
iragarki jarri zituela prentsan, langileak kontratatzeko, eta matrikula industrialeko
liburuan inskribatu zela, moda-sortzaile epigrafean, maila gorenari zegokion
kuota fiskalarekin, C.Balenciaga gisa, Bergara kaleko 2.ean.
Testuinguru esanguratsu horretan, Museoak erakusketa eta jarduera bereziak
programatuko ditu Donostiako hiriari lotuta, Cristóbal Balenciagaren obra
zabaltzeko eta, batez ere, bere sortzaile- eta enpresari-alderdiak
nabarmentzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Turismo Sailak erakusketa handi hori
baliatu behar du Donostia Eskualdearen irudia zabaltzeko Estatuko zein
Frantziako merkatuetan. Hala bada, Madrilen eta Parisen aurkeztuko dute
erakusketa, Cristóbal Balenciagaren irudi sofistikatu eta dotorea helmuga
turistiko osoarekin gune kultural gisa lotze aldera. Balenciaga Fundazioko buru
eta Kultura eta Turismoko foru-diputatu Denis Itxasok azaldu duenez, «kulturaren
eta turismoaren arloko kazetari espezializatuak eta blogariak deituko ditugu
horretarako, erakusketaren berri ematearekin batera helmugaren balioak eta
baliabideak ere ezagutarazi ahal izan ditzaten. Era horretan, Gipuzkoaren
zabalpen eta sustapen turistikoaren elementu nagusia izango da Balenciaga
urtea.
2213