Pasaiako Itsas Jaialdiak 115.000 ikusle bildu ditu 4 egunetan
Pasaiako Itsas Jaialdiak 115.000 ikusle bildu ditu 4 egunetan
Baina oraindik ez da bukatu, bihar arratsaldean helduko den L'Hermione ontzia iristea falta baita.
Erakunde antolatzaileak «oso pozik agertu dira, bereziki aurreneko edizioa izan delako, pasaitarrek konpromiso handia erakutsi dutelako, era guztietako jendea erakarri duelako, eta itsas programa eta musikakoa kalitatezkoa izan delako eta harrera ona izan duelako»
Era berean, eskerrak eman dizkiete boluntarioei, elkarteei, ostalariei, garraioetako langileei, Pasaiako Portuari, babesleei, eta segurtasun agenteei, eta dagoeneko 2020ko edizioa prestatzeko lanean hasiko direla adierazi dute.
L'Hermione bihar arratsaldean helduko da Pasaiara
Pasaiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak joan den asteburu honetan Pasaian Albaola elkartearekin batera antolatu duten Itsas Jaialdiari buruzko lehenengo balorazioa egin dute, eta nahiz eta aurrerago balorazio sakonagoa egitekotan gelditu diren, oso balantze positiboa egin dute. Izaskun Gómez Pasaiako alkateak, Denis Itxaso Kultura eta Turismo diputatuak, eta Alfredo Retortillo Turismo sailburuak Pasaian elkartu den jendetza nabarmendu nahi izan dute, 115.000 pertsona ibili baitira ostegunetik igandera bitartean. «Lehenengo edizioa zenez gero, ez genekin zer gerta zitekeen, inoiz erabili gabeko formula genuen esku artean, eta intuizioak esaten zigun une eta toki egokian geudela. Apustuak merezi izan du, batez ere, ikustea Pasaiako herriak nola egin duen bat ekitaldiarekin, konpromiso handia adierazita, harrotasunez eta pozez beterik pasaitarra izateagatik. Pasaia itxaropen eta etorkizun ildoetan jartzeko behar zen bultzada izan da».
Antolatzaileek ez dituzte ahaztu nahi izan itsas tradizioarekiko eta ondarearekiko hitzordu hau gauzatzeko lanean aritu diren guztiak: kultur elkarteak, elkartasun elkarteak, boluntarioak (200 lagun baino gehiago), ostalariak, Portuko Agintaritza, garraio publiko langileak, segurtasuneko eta babes zibileko agenteak, babesleak, Albaolako teknikariak, Oarsoaldeko Garapen Bulegoko teknikariak, eta GET IN musika sustatzaileko arduradunak. «Horiei guztiei eta pasaitarrei gure esker ona adierazi nahi diegu, eguraldi ona lagun Pasaia jendez bete den egun hauetan egin duten lanagatik eta antolaketa bikainagatik». Era berean, itsas ondarea sustatzeko lan egiten duten euskal elkarteei eta Galiziatik eta Bretainiatik etorritakoei eskerrak eman dizkiete «itsas kultura gehiago eta hobeto ezagutzeko aukera eman digutelako».
Aipamen berezia merezi dute Trintxerpeko, San Pedroko eta Donibaneko ontziralekuetako ilaretan, informazio guneetan, uretan eskifaiei laguntzen, eta Ciriza etxean otorduak ematen lan egin duten boluntario guztiak. «Horien laguntzarik gabe ezin izango genukeen jaialdia antolatu. Eskerrik asko bihotz-bihotzez» esan dute Gomez, Itxaso eta Retortillok.
Jaialdiko zifak
Antolatzaileen arabera, osteguneko inaugurazio ekitaldian 10.000 lagun inguru egon ziren Pasaiako badiako sarbiderako bi aldeetatik Kaskelot itsasontzia sartzen ikusten, eta San Pedron egin zen Kiko Venenoren kontzertuan (3.500 pertsona). Ostiralean jaitsi egin zen ikusle kopurua; 7.000 pertsona inguru elkartu ziren, horietatik 1.800, Anne Etchegoyen eta Maika Makovskiren kontzertuan, Donibaneko Bizkaia plazan. Egun nagusia larunbata izan zen, ikus zitekeen ontzi kopuruagatik, eta guztira 55.000 pertsona ibili ziren Trintxerpe, San Pedro eta Donibanen (gauean, 15.000 pertsona egon ziren Morcheeba taldea entzuten Hospitalilloko parkinean). Igandea ere egun handia izan zen; 43.000 lagun elkartu ziren, eta musika ekitaldi ugari egon zen egunean zehar hiru barrutietan, baina ontzi kopurua jaitsi egin zen, ontzi batzuk etxerako bidea hartu zutelako.
Nolanahi ere, Pasaia oraindik L'Hermione ontziaren zain dago; bihar arratsaldean da iristekoa Pasaiara. «Jaialdia luzatu egingo da horrela, baina ez dugu orain arteko azpiegitura guztia izango -adierazi dute antolatzaileek-. Jaialdia bizi izan dugun ilusio berarekin gaude L'Hermione ontziaren zain, eta errepika zoragarri hau ikusi nahi duten bisitari guztiak gonbidatu nahi ditugu Pasaiara etor daitezen asteartetik igandera bitartean».
2020ko jaialdiari dagokionez, euskal erakundeak lanean hasteko eta behar beste denbora eta baliabide eskaintzeko prest agertu dira, eta dagoeneko hasi dira nazioarteko jaialdi honek Pasaia inguruan izan duen eragin ekonomikoa ezagutzeko pausoak ematen, hurrengo asteetan egingo den azterketa baten bidez.
2101