Breadcrumb

Asset Publisher

Back Baliabide guztiak lanean, euriteen kalteei aurre egiteko

Baliabide guztiak lanean, euriteen kalteei aurre egiteko

Lanean ari da foru erakundea kalteak lehenbailehen konpontzeko.

2018/04/12
Baliabide guztiak lanean, euriteen kalteei aurre egiteko

Azken orduetako eurite biziek hainbat kalte sortu dituzte Gipuzkoako errepide sarean. Bide Azpiegituretako departamentuak horiek zehatz-mehatz aztertzen dihardu, eta bere esku dauden “baliabide guztiak” aktibatu ditu normaltasuna “lehenbailehen” berreskuratzeko, Aintzane Oiarbidek gaur ziurtatu duenez. “Azkartasun osoz ari gara jokatzen, larrialdiko lanak egiten eguraldi bortitzak arazoak sortu dituen puntu guztietan. Lan horiekin, gure asmoa da normaltasunera ahalik eta azkarren itzultzea, eta sarea lehenbailehen irekitzea bere osotasunean, erabiltzaileontzat sortutako eragozpenak gutxitzeko”, azpimarratu du. 

            N-1, la N-634 eta GI-627 errepideek jasan dituzte kalte larrienak. N-Iean gaur goizean lur jausi bat gertatu da Itsasondo eta Legorreta tartean, Irungo noranzkoan. Errepidea moztuta dago, eta trafikoa bide zaharretik desbideratuta dago. Lanean ari dira teknikariak, garbitzen eta euste elementuak jartzen, eta 16:00tako irekita edukitzea espero da. N-634an Zarautz eta Getaria artean beste lur jausi bat izan da, pk-20an. Gauez errepidea itxita egon da. Garbitu da eta errei batekin ireki da, trafikoa semaforo bidez txandaka erregulatuz: “Behin betiko egonkortze soluzioa aztertzen ari gara”, adierazi du Oiarbidek.

             Halaber, GI-627an, Eskoriatzako saihesbidean, errepidea egonkortzen ari dira beharginak. Erreka igarotzen da azpitik eta hondoratze bat egon da. Urjentziaz lanean hastea erabaki da eta obrek “zazpi aste inguru” iraungo dute. Hemen ere txandakako trafikoa ezarri da semaforo bidez. Kalteak ikuskatu ditu bertatik bertara Oiarbidek gaur goizean. GI-2634 errepidean, Azkaraten, pk 30 inguruan, beste luizi batek errei bat moztea eragin du. Txandakako trafikoa ezarri da bertan ere,  garbiketa lanek dirauten bitartean. Arratsalde bukaeran erabat irekitzea espero dute departamentuko arduradunek.

 Bestalde, G1-2630an, Udanan, beste luizi bat jazo den, errei bat erabat hartu zuena. Errei horrek itxita jarraitzen du, txandakako trafikoarekin, eta lanei ekin zitzaien martxoan egoera konpontzeko: “Erritmo onean doaz obrak, eta maiatza bukaerarako amaituta egotea espero dugu”. Beste hainbat tokitan ere lur jausiak izan dira, baina tamaina txikiagokoak, trafikoarekiko arazo gutxiagoak sortuz, edo bat ere ez. Puntu horietan ere garbiketa lanak egin dira. Oiarbidek gogorarazi du negua eta udaberriaren hasiera “oso gorabeheratsuak” izaten ari direla, prezipitazioak sortzen ari diren kalteengatik, eta ziurtatu du Aldundiak “prestutasun osoz” jarraituko duela lanean erabiltzaileen segurtasuna bermatu eta trafikoa errazteko. 

  

1370