Baso-ondarea sendotzeko eta ‘Baserritar Misto Profesionala’ programa indartzeko neurriak
Baso-ondarea sendotzeko eta ‘Baserritar Misto Profesionala’ programa indartzeko neurriak
Diputatuen Kontseiluak basoen hobekuntzarako dirulaguntzen deialdi berria onartu du, banda marroiari arreta berezia eskainiz, eta baserritarren belaunaldi-erreleborako laguntza-programa handitu du

Aldundiak lehen sektoreari bultzada emateko neurri berriak onartu ditu gaur. Alde batetik, 2025eko baso-laguntzen deialdiari argi berdea eman dio, eta horien artean berritasun gisa sartu da pinudietan agertzen den banda marroiaren aurkako lerro espezifiko bat. Bestetik, 450.000 euroko gehikuntza onartu du baserritar misto profesionalentzako laguntza-programan, lehen sektorean belaunaldi-erreleboa bultzatzeko helburuarekin.
Laguntzak basoen hobekuntzarako
Oraingo astean, foru gobernuak basoen mantentze-, hobekuntza- eta garapenerako laguntzen 2025eko deialdia onartu du, guztira 3,9 milioi euroko aurrekontuarekin. Berrikuntzarik nabarmenenen artean, pinuen orratzetan agertzen den banda marroiak kaltetutako zuhaitzen mozketarako eta birlandaketarako laguntza-lerro espezifiko bat nabarmentzen da, 600.000 euroko diru-zuzkidurarekin. Neurri “garrantzitsu” horrek osasun-izaera du, baina etorkizunari begira ere pentsatua dago: “landaketa-ziklo berri bat bultzatzea eta lurraldeko baso-ondarearen jarraipena eta iraunkortasuna bermatzea” baita helburua, Irune Berasaluze bozeramaileak azaldu duenez.
“Basoak aktibo estrategikoak dira Gipuzkoarentzat, ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik. Banda marroiaren aurkako borroka basoen osasunari lotutako kontua ez ezik, gure basoen etorkizunerako inbertsioa ere bada. Laguntza hauekin, ondare komun hau babestu nahi dugu eta sektoreari konfiantza eman, kudeaketa aktibo eta iraunkor baten alde egiten jarrai dezan”, adierazi du foru bozeramaileak.
Deialdia Lurralde Oreka Berdeko departamentuak 2024-2027 aldirako onartutako Dirulaguntza Plan Estrategikoaren baitan kokatzen da, eta sektoreak dituen erronka nagusiei erantzun nahi die: belaunaldi-erreleboa, kudeaketaren abandonuaren aurkako borroka, sarbide eta azpiegituren hobekuntza, suteen prebentzioa, kalitatezko lehengai berriztagarrien lortzea eta biodibertsitatearen kontserbazioa.
Baserritar Misto Profesionalak
Halaber, baserritar misto profesionalentzako laguntza-programaren zuzkidura 450.000 eurotan handitzea onartu da, hasieran aurreikusitako 300.000 euroei gehituta. Neurri horrek urtarrilean argitaratutako deialdiaren ondoren jasotako eskaerei erantzuten die, eta dagoeneko 14 eskaera ebaztea ahalbidetu du.
Programa hau 18 eta 55 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago, enpresa-inguruneko lan-jarduera bat baserriko lan profesionalarekin uztartu nahi dutenentzat. Lehen sektorerako trantsizioa modu jasangarrian egiteko, Aldundiak lanaldiaren %50era murriztutako eredu bat proposatzen du enpresan, eta laguntza ekonomikoa eskaintzen die bai interesdunei, bai enpresei.
“Proiektu hau lehen sektoreko belaunaldi-erreleboa bultzatzeko bokazioz jaio da, gure biodibertsitatea zaintzeko eta elikagai lokal eta kalitatezkoen ekoizpena bermatzeko funtsezkoa baita. Baserritarren lana ezinbestekoa da esparru horretan”, azaldu du Irune Berasaluze foru bozeramaileak. “Pozik gaude ekimenak izan duen harrerarekin, laguntza hauek enpresatik lehen sektorera igarotzeko trantsizioa errazteko diseinatu baitira, segurtasuna eta laguntza eskainiz bide hori hautatzen dutenei. Etorkizunari aurrea hartu nahi dugu, eta lehen sektorean ingurumenarekin, paisaiarekin eta elikadura-subiranotasunarekin konprometitutako profesionalak izatea bermatu”, gehitu du.
Aldundiak sustatutako programak sei urteko iraupena izango du. Epe horretan, baserritarrek 60.000 euro jasoko dituzte bi ordainketatan —bat hasieran eta bestea hirugarren urtean—, eta trantsizio hori ahalbidetzen duten enpresek 30.000 euroko laguntza bakarra jasoko dute.
1532