Breadcrumb

Asset Publisher

Back Batzar Nagusiek erregimen berezia onartu dute PFEZn enpresa berritzaileen sortzaileentzat

Batzar Nagusiek erregimen berezia onartu dute PFEZn enpresa berritzaileen sortzaileentzat

Erregimen berriari esker, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan laneko etekin osoen % 30eko salbuespena aplikatuko zaie.

2024/05/08
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Batzar Nagusiek gaur goizean onartu dute 2024. urterako zerga aldaketen sorta. Batzarkide-taldeek gaur onartu dituen berritasun nagusien artean, erregimen berezia onartu da PFEZn enpresa berritzaile edo startup deritzon enpresen sortzaileentzat. Araubide berri honen bidez, fundazioaren unean erakunde berritzailearen % 5eko jabe diren eta lan-lotura baten bidez bertan pertsonalki inplikatuta daudenek lan-etekin osoen % 30eko salbuespena izango dute, enpresa eratu zenetik hurrengo hamar zergaldietara arte.

Gaur hartutako neurri berri hau azken bi legegintzaldietan Gipuzkoak zientziaren eta berrikuntzaren arloan duen erreferentzialtasuna sendotzeko onartu diren foru aurrekontuko eta fiskalitateko ekimenei gehitu behar zaie. Azpimarratzekoak dira 2018tik aurrera indarrean egon den talentua erakartzeko erregimena edo gure enpresa berritzaileen hazkundea bultzatuko duen inbertsio-industria sortzeko egin den ahalegina, besteak beste. Ildo horretan, Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak Batzar Nagusietan egindako agerraldian azaldu duenez, “Gipuzkoako Foru Aldundia asmo handiko apustuak egiten ari da aurrekontutik merkatu-nitxo jakin batzuetan, gure lurraldea Europa mailako erreferenteetako bat izan dadin. Gure erantzukizuna da fiskalitatetik laguntzea helburu hori lortzen, eta foru-erakundeak dituen mekanismo guztiak erabiltzea, gaitasunik onenak emateko, berrikuntzan eredugarriak izateko Europa mailan”.

OHZn hobarien bidez etxebizitzen alokairua bultzatzea

Ondasun Higiezinen gaineko Zergari (OHZ) buruzko atalean, 2024rako zerga-aldaketen sortan jasotako zuzenketa berriak aukera ematen die udalei, egoki iritziz gero, ondasun higiezinen gaineko zergari % 99rainoko hobaria emateko, baldin eta etxebizitza alokairuan jartzen badute abenduaren 23ko 466/2013 Dekretuak araututako Bizigune Etxebizitza Hutsaren Programaren bidez edo irailaren 17ko 144/2019 Dekretuak araututako Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Libreen Alokairu Merkatuko Bitartekaritza Programaren (ASAP) bidez.

Etxebizitza erosteko eta alokairua eskuratzeko merkatuan dauden tentsioak direla eta, neurri honen helburua da Gipuzkoako Lurralde Historikoan dauden etxebizitza hutsak alokairuaren merkatuan sartzea, jabeei hobari fiskalak emanez.

Aldaketa fiskal horrekin, Gipuzkoako Batzar Nagusiek aukera ematen diete udalei, beren eskumenen barruan, lurraldean dauden gainerako erakunde publikoak garatzen ari diren etxebizitza-politika babesten eta laguntzen jarrai dezaten.

Alokairuaren merkatuak gaur egun Gipuzkoan duen egoerak etxebizitza-eskaintza handiagoa eskatzen du, eta, horretarako, epe laburrean, Gipuzkoan dagoen etxebizitza hutsen kopurua mobilizatzen saiatu behar da. Gure ustez, segurtasun juridikoa, batetik, eta laguntza-neurri fiskalak eta gastukoak ezartzea, bestetik, funtsezko zutabeak dira tentsioak arintzeko. Bizigune eta ASAP programak, Eusko Jaurlaritza buru dutenak, gure ikuspuntutik sendotzen eta hobetzen jarraitu behar dugun bi tresna dira”, Jokin Peronak bere hitzaldian adierazi duenez.

           

Nekazaritza-praktika jasangarrietako lehen sektorea bultzatzea

Dokumentuan sartzen diren aldaketen artean, nabarmendu behar da, halaber, ingurumena eta klima errespetatzen dituzten laborantza-praktikak (eko-erregimenak) egiten dituzten baserritarrei emandako Erkidegoko nekazaritza-politikako laguntzen zergak ordaintzetik salbuestea Sozietateen gaineko Zergan eta PFEZn Foru Arauan. Horrela, nekazaritza-jarduera jasangarriak sustatzen ere aurrera egin nahi da.

Kultura sustatzeko zerga-pizgarriak onartzea

Kultura sustatzeko pizgarri fiskal berriak izan dira gaur goizean Gipuzkoako Batzar Nagusietan bozkatu den bigarren puntua. Batzarkide talde guztiek aho batez onartu dute zinemarako, arte eszenikoetarako eta musikaletarako eta liburuen ediziorako kenkarien araubidea hobetzeko foru arau berria, eta 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da, atzeraeraginez.

Jokin Peronak bere hitzaldian berretsi duenez, “foru arau berri honen helburua lurraldeko ikus-entzunezkoen eta kulturaren sektorea sendotzea eta epe luzera lehiakortasuna bermatzea da”. “Pizgarri horien helburua da sektore horren balio-kate osoa indartzea eta Gipuzkoa aukera-lurralde bihurtzea profesionalki garatu edo esparru horretan ekin nahi duen pertsona ororentzat”.

Hala, foru-arauan ikus-entzunezko ekoizpenetarako jasotako kenkariak % 50etik % 60ra bitartekoak dira, Euskadin egindako gastuaren arabera. Euskarazko lanen kasuan, izaera orokorreko obretan baino % 10 gehiago desgrabatuko litzateke, eta, hala, % 70eko kenkaria ere izan dezakete. Edozein egoeratan aplika daitekeen gehienezko kenkaria 10 milioikoa izango da film bakoitzeko, eta 3 milioikoa kapitulu bakoitzeko, serieen kasuan.

Arte eszenikoei eta musikalei dagokienez, Gipuzkoako Foru Ogasunak % 30eko kenkari orokorra sartu du araudi berrian zuzeneko ikuskizunen ekoizpenetarako, eta % 40koa euskarazko ekoizpenetarako. Kenkari horren oinarria zuzeneko kostu artistikoek, teknikoek eta sustapenekoek osatzen dute, eta gehieneko kenkaria milioi batekoa izango da zergadun bakoitzeko. Ildo horretan, obra horien irabazien % 50 gutxienez zuzeneko ikuskizun berriak berrinbertitzera bideratu beharko da, lau urteko epean.

Industria-ekoizpen seriatuaren aurretik euskarri fisiko bat egitea ahalbidetzen duten liburuak argitaratzeari dagokion kenkariak eskubidea emango du kuota likidoaren % 5eko desgrabazioa egiteko bere erregimen orokorrean, eta % 15ekoa euskaraz argitaratutako eta euskaratik itzulitako liburu edo aleentzat, baldin eta gutxienez editatutako guztien % 50 badira.

  

5774