Beasain-Bergara A-636 errepideko kanona 2022ko ekainaren 30a baino lehen jarriko da indarrean
Beasain-Bergara A-636 errepideko kanona 2022ko ekainaren 30a baino lehen jarriko da indarrean
Aintzane Oiarbide: "Kanonaren zenbatekoak lotura zuzena du azpiegitura eraikitzeko kostuekin eta ustiapen-kostuekin”.
Aintzane Oiarbide diputatuak Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bide Azpiegituretako batzordearen aurrean aurkeztu du Beasain eta Bergara arteko A-631 errepidearen kanona arautuko duen Foru Arauaren proiektua. Araudi horren bidez, zeina Batzar Nagusiek berretsi beharko baitute, errepide horretan erabiltzeagatik ordaintzeko erregimen bat ezartzen da, eta araubide horrek ibilgailu motordun guztiei eragingo die, motozikletei izan ezik, N-I eta A-15 errepideko zati jakin batzuetan jada ezarrita dagoen free Flow teknologiarekin.
Agerraldian foru arduradunak gogoratu du Gipuzkoako edukiera handiko errepide sarean badaudela gaur egun bidesariak, bai AP-8/AP-1 bidean (ibilgailu guztientzat) zein A-15/N-I errepideetan (ibilgailu astunentzako), “eta koherentziagatik eta sarearen uniformetasunagatik, uste dugu, alde batetik, neurri eraginkorrena, bidezkoena eta koherenteena dela erabileragatik ordainketa sistema bat ezartzea. Erabaki hau bat dator Batzar Nagusien gehienagoak onartutakoarekin zein Europako zuzentarauekin”. Diputatuak gaineratu du kanona ezartzeak aukera emango duela, aldi berean, eraikuntzak, mantentzeak, kontserbazioak eta ustiapenak eragindako kostuak ikusarazteko, azpiegitura erabiltzen dutenei helarazteko, barneko lurralde-orekako faktoreak sartzeko eta gure errepideek dituzten kontserbazio- eta kudeaketa-kostu handiei aurre egiteko. Kobrantza hasteko data zehazteke dago, baina ezingo da 2022ko ekainaren 30a baino geroagokoa izan.
Foru Arauaren proiektuak kanonaren zenbatekoak jasotzen ditu, eta horiek azpiegitura kostuak berreskuratzeko printzipioan oinarrituta zehazten dira. Bereziki, kanonaren zenbatekoak zerikusi zuzena du azpiegitura eraikitzeko kostuekin eta kanonaren ustiapen, kudeaketa, garapen eta sarearen hobekuntza eta mantentze kostuekin, egiturazko konponketa barne", azaldu du Oiarbidek. Horrela, erabileraren ondorioz jasandako narriadura arindu eta zerbitzu-maila ezin hobea mantendu nahi da, bai eta Bidegik egiten dituen bide-azpiegiturako politiken jarduketak finantzatzen lagundu ere.
Kanona ordaintzeko, erabiltzaileek hura baldintza operatiboetan erabiltzea ahalbidetzen duten baliabide teknikoak eduki behar dituzte; edo, bestela, matrikula ordainbide batekin lotzea ahalbidetzen duen informazioa eman beharko dute, Bidegik argitaratutako web informazioaren arabera. Aintzane Oiarbide diputatuak gogorarazi duenez, Beasain-Bergara zatian ezarriko den kanona beherapen progresiboen barne egongo da, eta abiatu gailuak eskaintzen duen gastu muga ere bai. "Sistema horren erabiltzaileek AP-1, AP-8 eta A-636 autobideetatik zirkulatu ahal izango lukete, hilean gehienez 32,24 €ordainduta".
Kanona indarrean egongo den zatietan, ordainketa egin ahal izateko, zehazten diren arkuak ezarriko dira, bakoitzak luzera zehaztuta duen errepide zatia zainduko duelarik: Beasaingo arkua, Beasain-Ormaiztegi (2,8 kilometro) zatiaz arduratuko dena; Ezkioko arkua, Ormaiztegi-Zumarraga (5,4 kilometro) zatirako; eta azkenik Deskargako arkua, Legazpi/Urretxu-Bergara (7,3 kilometro) eta Legazpi/Urretxu-Antzuola (2,5 kilometro) autobia zatientzako. Aurreikusten diren ordaindu beharreko zenbatekoak hauek lirateke:
Ibilbidea
Kilometroak
Arinak
Ibilgailu astunak 1
Ibilgailu astunak 2
Beasain - Ormaiztegi
2,8
0,38
0,61
0,78
Ormaiztegi - Zumarraga
5,4
0,74
1,18
1,50
Legazpi/Urretxu – Bergara
7,3
1,41
2,32
2,87
Legazpi/Urretxu - Antzuola
2,5
0,48
0,79
0,98
Une honetan, A-636 errepidea kobratzeko sistema lizitazioan dago, 10.352.00 €-ko aurrekontuarekin eta 5 urte eta erdiko iraupenarekin. Aldi horrek 12 hilabete aurreikusten ditu proiektua xehetasunez idazteko eta, ondoren, 4 urte eta erdiz kudeatzeko eta ustiatzeko.
3393