Breadcrumb

Asset Publisher

Back Bederatzi finantza-entitate atxiki dira enpresa txiki eta ertainak finantzatzeko tresnara

Bederatzi finantza-entitate atxiki dira enpresa txiki eta ertainak finantzatzeko tresnara

Aldundiak eta Elkargi SGR entitateak jarri dute abian tresna hori

Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzaketa-tresna berri bat sortzea erabaki zuen joan den uztailean Elkargi eta Oinarri Elkarrekiko Bermerako Sozietateekin batera -elkartu ondoren Elkargi SGR entitate bakarra-, lurraldeko enpresa txiki eta ertainek inbertsioetarako finantzaketa eskura dezaten. Tresna horri lurraldean aritzen diren entitate nagusienak gehitu zaizkio jarduketa protokolo bat sinatu ondoren: Bankinter, Bankoa, BBVA, Caixabank, Kutxabank, Laboral Kutxa, Rural Kutxa, Sabadell eta Santander.

Aldundiak eta Elkargi SGR entitateak abian jarri duten tresna hori bideratuta dago Gipuzkoako ekonomia ehunerako garrantzi izugarria duten esparruekin lotutako proiektuak finantzatzera: berrindustrializazioa eta enpresa eraldaketa, nazioartekotzea, langileen partaidetza, eta enpresa proiektu berrien sustapena. Izan ere, Gipuzkoan hain errotuta dagoen lankidetza publiko-pribatuaren ereduan sakonduta, lankidetza horri esker, lurraldeko enpresa txiki eta ertainei aukera emango zaie lehen aipatutako lau esparruetan kreditua eskuratzeko, guztiak "lehentasunezkotzat” jotzen baitira lurraldeko ekonomia sustatzeko. 

Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuko diputatu Ainhoa Aizpuruk adierazi duenez, aktibatu den finantzaketa-tresna berri horrek "administrazio publikoaren ohiko tresnak osatu eta sendotuko  ditu”. “Gure asmoa da ahalik eta etekin handiena ateratzea Aldundiaren baliabideei, bai aurrekontuaren bai gizarte baliabideen ikuspegitik. Tresna horren bidez osatu egin nahi da ekonomia sustapenaren eta fiskalitatearen alorretatik ekonomia esparruan egiten ari den lana eta, halaber  efektu biderkatzailea sortu nahi da” esan du. Izan ere, aurreikuspenen arabera, finantzaketa-lerro honek 130 eta 150 milio euro arteko inbertsioa aktibatu dezake Gipuzkoako enpresetan. 

2016. urtean, adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 168 enpresa-proiektu lagundu zituen guztira eta, tresna honi esker, beraien inbertsioen finantzaketa handitzeko aukera  izan dezakete.  Zehazkiago, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako departamentuak diru laguntzak eman zituen, hainbat deialdiren bitartez, 104 enpresen nazioarteko jarduerak finantzatzeko, 12 Start UP plazaratzeko, eta enpresen partaidetza sustatzera bideratutako 52 jarduketa gauzatzeko.

Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako departamentuak eta Elkargi SGR entitateak aukera eman nahi diete enpresa txiki eta ertainei lau jarduketa esparru hauetako inbertsioak finantzatzeko:

Langileen partaidetza zuzena edo zeharkakoa sustatzea enpresen kapitalean.

Gipuzkoako enpresen nazioartekotze prozesuak sendotzea, laguntza emanez kanpoan ezartzeko fasean dauden entitateen enpresa-hazkuntza sustatzeko, esportazioak bultzatzeko eta ordezkaritzak irekitzeko, eta baita ere banatzaileekin akordioak sinatzeko, merkataritza kanpainak gauzatzeko eta ferietan parte hartzeko, besteak beste.

Berrindustrializazio eta enpresa eraldaketako prozesuetan laguntza ematea, Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko xedez.

Finantzaketa eskuratzeko prozesua, bai hazteko aukera handia duten oinarri teknologikoko enpresa berriei edo enpresa eraldatzaileei, bai gora doan negozio eredua duten enpresa-proiektu berriei zuzendutakoa.

Ainhoa Aizpuru diputatuak tresna honen oinarrian dagoen lankidetza eredua azpimarratu du; izan ere, berak adierazi duenez “kreditua eskuratzeko baldintza ezin hobeak eskainiko zaizkie enpresa, langile eta indartzen ari diren proiektuei eta, halaber, finantza entitateek maileguak kobratuko dituztela bermatuko da”.

  

1572