Bekak eta laguntzak talentu gazteari "Izango Zara 2018"
Bekak eta laguntzak talentu gazteari "Izango Zara 2018"
Izango Zara beka eta laguntza programak arte, kirol, turismo eta lankidetza arloko gaietan Gipuzkoako gazteen prestakuntza espezializatua osatzea du helburu
- Hartzaile izan daitezke jarrera ekintzailea eta sortzailea duten gazteak, jakin-mina dutenak, beren proiektu bat sortu eta garatu nahi dutenak, ikerketan ibilbidea egin, kirol beka bat eskuratu edo proiektu kolektibo bat aurrera eraman nahi dutenak.
- Talentu gazteentzako beken zenbatekoa 341.500 eurokoa da, gehi gauza bidezko laguntzak, 10 laguntza lerrotan banatua.
- Aurten, 2018an, 2 lerro berri erantsi ditugu: Labore Bekak, Gipuzkoako museoetan proiektuak sortu nahi dituzten artistentzat, eta ELIAS QUEREJETA ZINE ESKOLA (EQZE) graduondoko Bekak.
- Parte hartzaileen adin tartea: 18 eta 30 urte bitartekoa. 2, 3, 6 eta 9 taldeetako beketan izan ezik; horien oinarri espezifikoetan jasota dagoenez.
- Ez dira kontuan hartuko familia errentaren zenbatekoak, helburua pertsona gaztearen jabekuntza baita.
- Informazio ohar bat sartu da PFEZ ordaintzen duten bekentzat (prestakuntza bekek, bidaia solidarioek eta gazteen auzolaneko proiektuek ez dute zerga ordaintzen).
Kultura Departamentuak Izango Zara beka eta laguntza programa deitu du, arte, kirol, turismo eta lankidetza arloko gaietan Gipuzkoako gazteen prestakuntza espezializatua osatzeko. Sorkuntzaren, kulturaren, artearen, turismoaren eta lankidetzaren arloko espezializazio beka horien izendatzaile komuna da aipatutako arlo horietakoren batean bokazio eta trebetasun berezia duten gazteen talentua saritzea, eta jakintza arlo
horietakoren batean espezializazioko ikastaroak edo egonaldiak egiteko baliabide nahikorik ez duten gazteei eta familiei lehentasuna ematea. Programa 341.500 eurokoa da, gehi gauza bidezko laguntzak.
Goizane Alvarez, María José Telleria, Maite Cruzado eta Fernando San Martin, Gazteria, Kultura, Turismo eta Lankidetzako Zuzendariek azaldu dituzte hamar laguntza hauen xehetasunak.
Talentuak ekar dezake etorkizun hobea Gipuzkoarentzat, aberastasun eta ongizate handiagoarekin, enplegu kualifikatu gehiagorekin eta lan aukera hobeagoekin. Lurraldearen etorkizuna ziurtatzeko behar dugun talentu berri hori gazteengan dago
bereziki. Aukera berriak sortu behar dira gure gazte gailenentzako eta, gainera, etorkizuneko aukera berriak zabaldu behar dira gizarte osoarentzat eta lurralde osoarentzat”, esan du Alvarezek.
1- Prestakuntza espezializaturako bekak, ondoko diziplinetan:
Musika: Hobekuntza instrumentu edo ahots interpretazio, zuzendaritza edo konposizioaren alorrean.
Dantza: Hobekuntza dantza klasikoan, garaikidean edo koreografian.
Arte dramatikoa: Hobekuntza antzezte teknikan edo zuzendaritzan.
Diziplina horietan lau beka eskaintzen dira, gehienez 10.000 euro pertsona bakoitzeko.
Ikus arteak eta erakusketa komisariotza: Prestakuntza espezializatua alor desberdinetan.
Moda diseinua: Prestakuntza espezializatua alor desberdinetan.
Arkitektura: Prestakuntza espezializatua eraikuntzan, hirigintzan eta paisajismoan.
Diziplina horietan lau beka eskaintzen dira, gehienez 10.000 euro pertsona bakoitzeko.
Ikastaroen iraupena, gutxienez 4 hilabete eta gehienez 10 hilabete jarraitukoa izango da, eta deialdiaren urteko irailaren 1etik ondoko urteko azaroaren 30era bitartean gauzatu ahal izango dira.
2- Prestakuntza espezializatuko Nicanor Zabaleta beka hari instrumentistentzat
Beka hau 26 urte bete ez dituzten pertsonei zuzendurik dago. Biolin, biola, biolontxelo, harpa edo kontrabaxu bakarlari gisa espezializazio ikasketak egiteko, dedikazio profesionaleko musika jotzaileak beharrezkoa duen prestakuntza bideratzea helburu. Bekak urtebeteko iraupena izango du eta zenbatekoa 14.000 eurokoa izango da.
3- Labore bekak Gipuzkoako museoetan proiektuak sortu nahi dituzten artistentzat
Beka berri hau artistei zuzendurik dago, adin mugarik gabe, Gipuzkoako museoetan site specific izaerako arte sorkuntza proiektuak sortu eta gauzatzeko.
Hau da, berariaz museo zehatz baterako diseinatua, espazio horrekin lotura berezia izango duena eta horren berrinterpretazioa edo museoko bildumarekin, eraikuntzarekin, ingurunearekin edo gizarte testuinguruarekin harremana proposatuko duena.
Hiru hilabeteko iraupena izango du –deialdiaren urteko irailaren eta ondoko urteko ekainaren artekoa-. Egoitza izaerakoa izan daiteke, edo ez. Amaitzean, emaitzen jendaurreko aurkezpena antolatuko da. Beken kopurua eta zenbatekoa: 4 beka, bakoitza 7.500 €-koa.
4- José Ignacio Tellechea Idígoras beka ikerketa historikoak egiteko
Beka honen xedea Gipuzkoako Lurralde Historikoari buruzko ikerketa historikoak egitea da, eta Gipuzkoako Artxibo Orokorrak kudeatua dago. Azterlanak hainbat diziplinatatik hel daitezke. Beka gai diren lanen iraupena 12 hilabetekoa izango da. Gehienezko zenbatekoa: 11.500 euro.
5- Irungo Gordailuan (Gipuzkoako Kultura Ondare Higigarrien Zentroa) prestakuntza praktikak egiteko beka
Ondare etnografikoaren eremuan, bereziki bildumen dokumentazioaren alorrean, prestakuntza praktikak, izaera teoriko zein praktikokoak, Gordailuan egitea.
Bekak 8 hilabeteko iraupena izango du. Gehienezko zenbatekoa: 10.000 euro.
6- ELIAS QUEREJETA ZINE ESKOLAko (EQZE) graduondoko ikastaro batean matrikulatzeko beka
Hiru beka EQZEko ikastaroetako batean matrikulatzeko: Artxiboa eta filmak babestea, Ikus-entzunezkoen Komisariotza eta Sorkuntza zinematografikoa.
Aztergai den alorrean oinarrizko prestakuntza gainditurik, era profesionalean alor horretan jarduteko asmoz, espezializazio eta hobekuntza ikasketak eta ikastaroak egin nahi dituzten pertsonei bakarrik zuzenduriko bekak dira hauek.
Bekaren iraupena EQZE graduondoko ikastaroari dagokiona izango da eta 7500 eurokoa izango da.
7- Turismo sektoreari aplikaturiko ikerketa bekak
Gutxienez 5 beka banatu ahal izango dira eta beka bakoitza, gehienez, 10.000 eurokoa izango da.
Ikerketa alorrak ondokoak dira: Planifikazio turistikoari eta lurralde orekari buruzko ikerketa; produktu eta baliabide berriak garatzea eta balioan jartzea; turismoa eta iraunkortasuna hiru alderdiei dagokienez, hau da, ekonomikoa, ingurumena eta gizartea; turismo arduratsua eta turismoaren eraginari buruzko azterlanak. Bekaren iraupena, gehienez, 10 hilabetekoa izango da.
8- Diru laguntza poltsak proiektu solidarioetan parte hartzaile direnen bidaiak finantzatzeko
Gure Lurralde Historikoko biztanle gazteak balio solidarioetan heztea da helburua, hainbat errealitateren zuzeneko ezagutzaren bitartez. Parte hartzaileek elkartasun balioak sendotzea eta garatzea da xedea, beste kultura batzuetan eta bestelako testuinguru sozial eta ekonomikoetan bizi izandako esperientzien bidez, baita balio horiek gure gizartean zabaltzeko konpromisoa hartzea ere.
Iraupena, gehienez, hiru hilabetekoa izango da, eta bakoitzaren gehienezko zenbatekoa 2.000 eurokoa.
9- Etorkizuneko eta talentuko kirolarientzako errendimendu bekak
Goi mailako kirolera iristeko itxaropena duten Gipuzkoako kirolariei laguntzea da programa honen helburua.
Etorkizuneko kirolari (errendimenduko etorkizuneko kirolaria) edo talentuko kirolari (errendimendu altukoa izateko esperantza duen kirolaria) izendatzeak zenbait onura dakar, hala nola ikasketak eta kirol praktika bateragarri egiteko laguntza eskuratzea.
Etorkizuneko kirolarietatik 20 talentuko kirolari izendatuko dira.
10- Auzolanean antolaturiko gazteen proiektuetarako (proiektu komunitarioak) diru laguntzak
Gipuzkoako gazteei beren ingurunea inplikatzen duten proiektu kolektiboak garatzen laguntzea da laguntza lerro honen helburu orokorra, interes publikoko eraldaketa sozialeko prozesuak bultzatzearren.
Gutxienez 3 pertsonak, 18 eta 30 urte arteko gazteek, osaturiko taldeek parte har dezakete. Horiek proiektu bat gauzatzea proposatu beharko dute, baina ez dira elkarte edo enpresa gisa eraturik izango eta, hortaz, ez dute nortasun juridikorik izango.
Gehienezko zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da, eta gutxienekoa 1.500 eurokoa.
************************
Ohar orokorrak
- Laguntza horiei guztiei buruzko informazioa eskuragarri egongo da
- web orri honetan: www.gipuzkoangazte.eus/izangozara
- Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean
- Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean (diru laguntzak ataria).
https://egoitza.gipuzkoa.eus/es/subvenciones
https://egoitza.gipuzkoa.eus/eu/dirulaguntzak
- Era berean, eskaerak egiteko web orri horretatik sartu ahal izango zara.
- Gainera, 2017 urteko onuradun talde zabalak izandako esperientziak kontsulta daitezke www.gipuzkoangazte.eus/izangozara web orriko HITZAK 2017 atalean. Bertan bideoak, facebook, etab. aurkituko dituzu, baita horietako batzuen helbide elektronikoa harremanetan jarri ahal izateko.
- Eskaerak aurkezteko epea hasiko da GAOn argitaratu ondoren (hasiera batean maiatzaren 4-11 tartean); eta zabalik egongo da deialdi-ildoen arabera era ezberdinean (beti ere, 3-4 asteko tartea).
1561