Breadcrumb

Asset Publisher

Back Belaunaldi aldaketa ondo egitea da erakunde bezala daukagun erronka nagusia

Belaunaldi aldaketa ondo egitea da erakunde bezala daukagun erronka nagusia

2.851 daude deituta Aldundiaren EPEko 11 deialditako 101 plazen lehenengo frogara, erdiak baino gehiago Ogasunarekin lotuta daudenak

2020/01/15

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Enplegu Publikoko Eskaintzako (EPE) 11 deialdiren lehen froga egin da gaur Irungo Ficoba erakustazokan, eta 2.851 zeuden deituta azterketa egitera. Bertan izan da Eider Mendoza Gobernantza diputatua eta, azaldu duenez, 101 plazetara sarbidea ematen du gaur egin den hautaketa prozesuak, 2018 urte amaieran foru erakundeak onartu zuen EPE masiboari dagozkionak. “Foru langileriaren erdiak erretiroa hartuko du datorren hamarkadan eta, ondorioz, berebiziko garrantzia dauka belaunaldi erreleboa gauzatu eta Aldundia transformatzeko prozesu horretan asmatzeak. Erakunde bezala, epe labur eta ertainean daukagun erronka nagusia da”, azaldu du foru arduradunak.

            Aipatutako 101 plaza hauetatik, erdia baino gehiagok Ogasunarekin dute erlazioa. Honela banatzen dira: 25 Ogasuneko goi mailako teknikari plaza; 21 Ogasuneko erdi mailako teknikari plaza; 11 zerga agente plaza; 12 obra eta proiektuetako teknikari laguntzaile plaza; 7 delineatzaile plaza; 6 psikologo plaza; 6 arkitekto plaza; 4 berdintasuneko goi mailako teknikari plaza; 4 albaitari plaza; 3 ingurumeneko goi mailako teknikari plaza; 2 itzultzaile edo interprete plaza.

            Mendozak azaldu duenez, gaurko hautaketa froga orokorra hiru tandatan egin da (9:00etan, 11:30etan eta 13:30etan), eta jarraipena izango du deialdi bakoitzaren proba espezifikoarekin. Hauek datozen asteetan egingo dira, otsaileko azkeneko astea bitartean. Foru diputatuak gogoratu du 11 deialdi hauek 2018 amaieran onartu zen Aldundiaren EPE masiboaren testuinguruan kokatzen direla, eta gero haren hautaketa prozesuak modu mailakatuan ari direla gauzatzen. 2020an, 101 plaza hauetaz gain, 3 plaza dituen artxibo eta zerbitzu orokorretako EPEa ere egingo da, desgaitasun intelektuala duten pertsonei erreserbatuta dagoena. Aurreikusitako egutegiaren arabera, aurtengo irailean eta datorren urtekoan onartuko dira gainerako plazei dagozkien hautaketa prozesuak, eta kasu horietan azterketak urte hasieran egingo lirateke.

“Aldundia transformatu eta modernizatzea legealdi honetan daukagun erronka nagusietakoa da, eta horrela dator jasota Gobernu akordioan ere”, azpimarratu du Mendozak, gaineratuz “erakunde bezala esku artean daukagun erronka nagusia” dela. “Pertsonak dira transformazio prozesu honen ardatza, eta erronka bikoitza da: alde batetik, belaunaldi berriak erakarri behar ditugu eta egungo gizarteak behar dituen profil berriak lortu; eta, bestetik, ezin dugu galtzen utzi erretirora iristen diren foru langileek duten ezagutza eta eskarmentua”, adierazi du Mendozak. Honekin batera, EPEk enplegu publikoaren egonkortasunaren hobekuntzan duten eraginean ere jarri du azpimarra Gobernantza diputatuak, bitartekotasuna murrizten laguntzen baitu.

            “Aldundia lurraldeko erakunde nagusia da eta, ondorioz, Gipuzkoako gizarte osoari eragiten dion aldaketa prozesu baten aurrean gaude”, ohartarazi du. “Gipuzkoa eta mundua etengabeko aldaketan daude murgilduta, abiada bizian doaz, eta administrazioek gai izan behar dugu herritarrek une oro dituzten kezka eta beharrei erantzuten jarraitzeko”, nabarmendu du foru diputatuak. Bere ustetan, lurraldeak indartsu izaten jarraitu behar du ekonomia sustapen eta gizarte politikaren arloetan baina, aldi berean, elektromugikortasuna edota zahartze osasuntsua bezalako etorkizuneko alorretan erreferente izateko anbizioa dauka.

            “Horretarako pertsonak behar ditugu, talentua eta belaunaldi berriak behar ditugu. Eta, aldi berean, gure langile beteranoenek daukaten ezagutza eusten asmatu behar dugu”, amaitu du Mendozak, Aldundiak mahai gainean dituen enplegu eskaintzek epe motz eta ertainean jarraipena izango dutela gaineratuz. “Urteetan zehar galarazita izan dugu EPEak egitea eta, ondorioz, handiak dira dauzkagun beharrak. Horregatik, Aldundian lan egiteko interesa duten pertsona oro animatu nahi dut pausua eman eta hautaketa prozesuetara aurkeztera, aukerak izango baititu”, itxi du.

  

1715