Berriro dator ‘Etxekoak’ Gabonetan KM0 elikagaien kontsumoa sustatzen duen kanpaina
Berriro dator ‘Etxekoak’ Gabonetan KM0 elikagaien kontsumoa sustatzen duen kanpaina
Gipuzkoako Foru Aldundiak gure baserritarren produktuak erostera animatzen ditu herritarrak.
Kanpainaren aurkezpena.
Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko departamentuak berriro abiarazi du aurtengo Gabonetan 'Etxekoak' izeneko komunikazio kanpaina, tokiko produktuen kontsumoa bultzatzeko. Aurtengo protagonistak, Denis López, Bidania-Goiatzeko abeltzaina eta Amaia Odriozola, Hernaniko Karabeleko nekazaritza ekologikoko arduradun dira. Kanpaina honen helburua da herritarrak animatzea lurraldeko elikagaiak eta produktuak erostera Gabonetako jaiei begira, baina baita urte osoan ere. Abenduaren 15etik 29ra bitartean ikusgai izango da, komunikazio euskarri analogiko – prentsa, irratia, telebista, markesinak – eta digitaletan.
Bi protagonistek Xabier Arruti Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariarekin batera gaurko aurkezpenean parte hartu dute. Arrutik eskerrak eman dizkie egiten duten lanagatik eta ekimen honetan parte hartzeagatik: “Sektore askotariko, dinamiko eta Gipuzkoarekin konprometitu baten erakusgarri zarete; zailtasunak zailtasun, etorkizunari ilusioz begiratzen diona”, azpimarratu du.
Urtero bezala, kanpainaren eslogana “Etxekoak” izan da. Honekin nabarmendu nahi dena da hurbiltasuna, familiartasuna eta iraunkortasunaren ideia. Gure baserritarrak eta haien produktuak etxekoak, konfiantzazkoak, jasangarriak eta KM0 direla. Horren premisapean, kanpaina honek herritarrei, gabon hauetan, tokiko produktuak kontsumitzea eskatzen die. Horretarako, mota honetako mezuak erabiltzen dira: “ETXEKOAK. Bertako produktuak, freskoak eta kalitatezkoak. Eros itzazu gure ekoizleen produktuak. Erosi geurea, erosi Gipuzkoa!”.
“Ezinbesteko jarduera”
Arrutiren esanetan, Foru Aldundiak etorkizuna eraikitzeko egindako apustuaren barruan, lehen sektorea “ezinbestekoa da, bai ekonomia indartsu bat eta kalitatezko produktuak eta lehengaiak edukitzeko, baita klima-aldaketari aurre egiteko eta gure ingurumena eta paisaia kudeatzeko. Horretarako eta konpromiso politiko horren adierazgarri, Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Sailaren aurrekontuaren herena erabili da lehen sektorea eta natura ingurumena bultzatzeko”.
Nabarmendu du sustapen lan hori epe labur, ertain eta luzean egiten dela. “Epe laburrera, adibidez, osasun krisiak eta Ukrainiako gerrak eragindako ondorioei aurre egiteko, azpisektoreei lagunduz, hiru milioi baino gehiago eman dira aparteko laguntzetan. Epe ertainera, sektorearen lehiakortasuna indartuz, eta epe luzera, jarduera honetan belaunaldi erreleboa eta berrikuntza sustatuz Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bitartez”. “Lehen sektorea ezinbestekoa den bezala, -gaineratu du- kontsumitzaileak ere beharrezkoak dira. Tokiko produktuak kontsumituz, Gipuzkoa jasangarriagoa, orekatuagoa, berdeagoa, kohesionatuagoa eta lehiakorragoa eraikitzen ari gara. Herritar guztion esku dago gure kontsumo-ohituren bidez nahi dugun Gipuzkoa hori eraikitzen laguntzea” esanez amaitu du.
Gure lehen sektorearen isla
Aurtengo kanpainaren protagonistek ibilbide luzea dute lehen sektorean. Biak, egungo beharretara bikain egokitzen diren proiektu berritzaileak dituzte eskuartean. Amaia Odriozola, Hernanin kokatzen den Karabelekoa proiektuaren arduradunetako bat da. Ekimen hau aitzindaria da agroekologian. Halaber, irabazi asmorik gabeko proiektua da, eta nekazaritza ekologikoaren ekoizpen eta kontsumo kultura sustatzea du helburu. Era berean, Karabelekoa, osasun arazo mentalak dituzten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea bilatzen duen zentroa da. “Gure lanaren helburu nagusia da nekazaritza ekologikoaren ezagutza bultzatzea eta gizartea sentsibilizatzea arazo mental eta kolektibo horren inguruan dauden aurreiritzi eta mitoak hautsiz”.
Bestalde, Denis López dugu. Haragi naturala zuzenean saltzen duen ganaduzalea. Animalia ustialeku txiki bat du Bidania Goiatzen, eta bertan Galloway eta Aberdeen Angus arrazako behiak aske hazten ditu, herritarrei produktu osasuntsu eta jasangarria eskainiz. “Beti amestu izan dut baserriarekin lotutako jardueretatik bizi ahal izatea, eta, arraza honen haragiaren kalitate altua ikusita, abeltzaintza ez konbentzionalaren munduan sartzera ausartu nintzen. Uste dut, gauzak beste modu batera egitea ere posible dela”. Hemen daude ikusgai kanpainako protagonisten profilak: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/landaeremua/etxekoak.
Tokiko produktuen kontsumoa babestea izan zen herritarrek hautatutako proiektuetako bat Foru Aldundiak abian jarritako 2020ko Aurrekontu Irekien programaren barruan, herritarren partaidetza bultzatzeko bere estrategiaren baitan. Bozketan, 13.087 herritarrek parte hartu zuten, eta beren gogokoenak aukeratu zituzten 12 proiektu-proposamenen artetik. Etxekoak kanpaina pandemia baten testuinguruan jaio zen. Azken honen ondorioz, sektorearentzat oso garrantzitsuak ziren merkatuak bertan behera utzi behar izan ziren, hala nola Santo Tomas eta Santa Lutzi, eta ekimenak izan zuen harrera ona ikusita, Aldundiak jarraipena ematea erabaki du.
3763