Breadcrumb

Asset Publisher

Back Volver BeTEK Proiektuaren Aurkezpena: Bultzatu Gipuzkoako Enpresa Txiki eta Ertainen Berrikuntza Teknologikoa

BeTEK Proiektuaren Aurkezpena: Bultzatu Gipuzkoako Enpresa Txiki eta Ertainen Berrikuntza Teknologikoa

Dtools, Frios Oiz, Ibiltek, Kuari, Harakai, Erlo Group, Ogi Eder eta Calderería CPK enpresek BETEK proiektu pilotuan parte hartu dute, beren berrikuntza teknologikoko prozesuak optimizatzeko eta lehiakortasuna sendotzeko helburuarekin.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gunea Aretoan egin da BeTEK (Bultzatu Enpresa Txiki eta Ertainen Berrikuntza Teknologikoa) proiektuaren aurkezpena. Ekimen pilotu hau Aldundiak berak bultzatu du, eta Urola Erdian garatu da, Iraurgi Berritzenen lankidetzarekin. Proiektuak hainbat eragile laguntzaile izan ditu, eta bere helburu nagusia Urola Erdiko enpresa txiki eta ertainak (ETEak) berrikuntza teknologikoko prozesuetan laguntzea izan da.

Ekitaldian Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua, Jon Gurrutxaga Berrikuntza zuzendaria, eta Urola Erdiko proiektuan parte hartu duten zortzi enpresen ordezkariak izan dira. Horrez gain, bertan izan dira eragile laguntzaileak ere, besteak beste, Iraurgi Berritzen, Innobasque, BRTA, Tknika, AFM klusterra eta Basque Food Cluster. Gipuzkoako eskualdeetako garapen agentzien ordezkariak ere bertaratu dira.

BeTEK Proiektua 2024ko maiatzean abian jarritako ekimen pilotu bat da, eta heldutasun teknologiko desberdina duten enpresei zuzenduta dago. Helburua, berrikuntzaren kudeaketa ikuspegi teknologikotik egituratzea da, bereziki metalmekanika eta elikadura sektoreetan, enpresei beren gaitasun teknologikoak hobetzeko beharrezko tresnak eskainiz. Topaketa honetan, orain arte lortutako emaitzak aurkeztu dira, eta proiektuaren lorpenen eta faseen ikuspegi zehatza eskaini da.

ETE-en eraldaketa teknologikoa bultzatu, laguntza estrategikoaren eta sektorearteko lankidetzaren bidez.

BeTEK proiektuaren helburu nagusia, enpresa txiki eta ertainak gaitzea da, beren prozesu edo produktuetan teknologia berriak txerta ditzaten, lehiakortasuna eta produktibitatea hobetuz. Iraurgi Berritzen, Innobasque, BRTA eta Tknika bezalako erakundeen lankidetzaren bidez, sentsibilizazio, diagnostiko eta enpresa bakoitzaren beharretara egokitutako ibilbide-orri teknologikoak sortzeko prozesua gauzatu da.

Proiektuak fase bakoitzean lidergo argia izatea izan du ardatz, parte hartzen duten eragileen inplikazio aktiboarekin. Horrela, enpresa bakoitzak bere testuingurura ondoen egokitzen diren soluzio teknologikoak modu eraginkorrean ezarri ahal izatea bermatu da.

Unai Andueza, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak, honakoa adierazi du: “Proiektu hau fase bakoitzaren lidergo argian oinarritzen da, eragile teknologikoen eta eskualdeetako garapen agentzien parte-hartze aktiboarekin. Horri esker, enpresa bakoitzak bere testuingurura hobekien egokitzen diren soluzio teknologikoak modu eraginkorrean ezarri ahal izan ditu. Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainak eraldaketa garaian murgilduta daude, eta berrikuntza teknologikoak funtsezko papera jokatzen du prozesu horretan. Horrelako ekimenei esker, gure enpresek erronkak etorkizunerako aukerak bihurtu ditzakete. Azpimarratu nahiko nuke, gainera, eragile guztien arteko lankidetza bikaina, helburu komun batean lerrokatuta: ETEen lehiakortasuna teknologia bidez handitzea.”

Proiektuaren inpaktuaren ebaluazioa eta etorkizuneko hedapena Gipuzkoan

Proiektuaren lehen fasea 2025eko martxoan amaitu zen, parte hartu duten enpresa bakoitzari ibilbide-orri teknologiko espezifiko bat entregatuta eta berrikuntzako eta prozesuen hobekuntzako adierazleetan lortutako emaitzak eta inpaktua aztertuta. Horrez gain, aurreikusita dago ORKESTRA prozesuan txertatzea, proiektuan garatutako metodologiaren ebaluazioa eta sistematizazioa egiteko, lurralde osora hedatu aurretik. Horretarako, beharrezkoa izango da Gipuzkoako garapen agentziei zuzendutako trebakuntza-programa bat abian jartzea, 2025eko irailean hasiko dena, eta Innobasque, Tknika eta BRTA izango dira programa hori emango duten erakundeak.

2025eko bigarren seihilekotik aurrera abiatuko dira proiektu pilotu berriak, BeTEK ekimena 2026. urtean zehar Gipuzkoan zehar zabaltzeko helburuarekin.

  

7246