Bi milioi euro baino gehiago eman ditu Aldundiak Pasaiako badiaren biziberritze integralerako
Bi milioi euro baino gehiago eman ditu Aldundiak Pasaiako badiaren biziberritze integralerako
Foru Erakundeak baliabideak eskainiko ditu herritarren arretarako, ingurumen jarduketetarako eta hiri zaharberritzerako eta mugikortasunerako
Marisol Garmendia diputatuak zuzentzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde antolaketako Departamentuak bi milioi euro baino gehiagoko diru laguntzak ematea jarri du martxan, eta horrek Pasaiako Badia Biziberritzeko Plan Estrategikoaren barruan beharrezkoak diren jarduerei hasiera emateko aukera emango die bertako udalei. Plan hori lehentasunezkotzat jo da legealdi honetan eta Foru Aldundiak bertan inbertitzen jarraituko du datozen urteotan.
Hala jakinarazi du gaur, Gobernu Kontseiluaren ondoren eskainitako prentsaurrekoan. Badia biziberritzeko Plan Integralak helburu zuen Europar Batasuneko Feder programaren DUSI laguntzak ukatu ondoren (2014-2020), 9 milioi euroak Bilbora joan ziren bere osotasunean, Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektua eta jarduera egutegia berriz bideratzearen aldeko apustua egin zuen Udalekin adostutako planaren arabera.
Marisol Garmendia diputatuaren hitzetan: “bere garaian Pasaialdearen biziberritze integralerako konpromisoa hartu genuen eta diru laguntza hauekin konpromiso hori berresten dugu. Jarduera berri hau hiriaren biziberritze integralean, ingurumenekoan, urbanoan, ekonomikoan eta sozialean egiten den apustua da. Foru Aldundiak lanean jarraitzen du inguruko udalekin adostasuna lortzeko”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntza hauetarako bideratutako diru kopurua bi milioi euro baino gehiagokoa da, aurrekontu osoaren %85 alegia, gainerako %15 (369.129€) udalek jarriko dute. Diruz lagunduko jarduera ildoak, denak udalek proposatutakoak, herritarrei arreta emateko zerbitzuak izango dira, hiria biziberritzearekin, ingurumen jarduerekin eta energia eraginkortasunarekin eta hiri mugikortasunarekin zerikusia dutenak.
Laguntza hauen banaketa Pasaiako badiako udalekin lankidetzan egin da eta hainbat irizpide erabili dira: herritarrak, errenta, mendekotasun indizea, langabezia eta hiriaren egoera, besteak beste. Hala, badiako lau udalerriek jasoko duten laguntza beharren araberakoa izango da, 906.865€ Errenteriarentzat, 260.656€ Lezorentzat, 261.715€ Oiartzunentzat eta 662.497€ Pasaiarentzat. Modu honetan, udalak lanak eta dagozkion ziurtagiriak egiten hasi ahal izango dute. Alde horretatik, Foru Aldundiak 8 milioi euro aurreikusi ditu 2017ko aurrekontuetan Pasaialdeko biziberritze integralerako.
Lurraldearen antolaketako departamentua, laguntza horiek emateaz gain, udalekin lanean ari da estrategia bideratzen jarraitzeko, eta Pasaiako badia eta bertako udalerriak hobetzen jarraitu ahal izateko.
Eusko Jaurlaritzarekin harremanak
Bestalde, Imanol Lasa foru bozeramaileak gaur aurreratu duenez, Markel Olano diputatu nagusiak bilera eskatuko du Iñigo Urkullu lehendakariarekin, “elkarlanerako” agenda partekatua ezartzeko eta Gipuzkoaren erronka nagusiei erantzuteko: “Eusko Jaurlaritzari zorionak eman nahi dizkiogu, eta gure leialtasuna eta lankidetzarako borondatea helarazi. Bilera honetan, gure lurraldearen agendan dauden gaiak mahai gainean jartzea gustatuko litzaiguke, lan egutegi bat zehazteko. Segundo bakar bat ere ez dugu galtzeko”, esan du Lasak.
Haren irudiko, Eusko Jaurlaritzaren lan talde berriarekiko harremana oso emankorra izango da Gipuzkoarentzat, “sintonia ona” dagoelako, eta “lehentasun politikoetan ere” bat datozelako bi erakundeak, hots, enpleguaren eta jarduera ekonomikoaren aldeko apustua, eta gizarte politiken jasangarritasuna eta hobekuntza. Lehen alorrari lotuta, aipamen berezia egin die industria sendotzeko politikei, 4.0 industrian, biozientzietan, garraio jasangarrian eta energiaren almazenamenduan bereziki; enplegua bultzatzeko aktuazioei, “batik bat langabeziak gehien zigortutako Gipuzkoako eskualdeetan”; eta Pasaialdearen eta portu eremuaren biziberritze prozesuari.
Gizarte politiketan, berriz, gizartearen zahartzearen erronkari heldu nahi dio Aldundiak Jaurlaritzarekin elkarlanean, plaza berriak eskainita, adinekoentzako egoitza zentroen eta eguneko zentroen kudeaketa eta baldintzak hobetuta, eta erreferentziazko zentro berri bat irekita Pasaian, “eredu berritzaileak erabiliko dituena”. Gizarte inklusioa lortu nahi du ere ElkarEKIN planaren bitartez, “Gipuzkoa izan dadin desberdintasun gutxien duen lurraldea”. Eta Gipuzkoako gizarte kohesioari eusteko, hirugarren sektorearekin lankidetza jarraitu nahi du, bestalde, Gipuzkoa “erreferente” bat izaten jarrai dezan Europa mailan mendekotasun eta desgaitasunaren arretan.
Aurrera egiten jarraitzeko, “erakundeen arteko elkarlana” eta “bultzada komuna” beharko duten beste zenbait egitasmo xehatu ditu: Donostialdeako metroa, Euskal ‘Y’-a, eta Hondarribiako aireportua; Tabakalera eta ikusentzunezkoen zentroa; administrazio elektronikoa; Ekarpen Legea; ingurugiroaren kudeaketa; turismoaren jasangarritasuna –alor honetan ereduaren inguruko hausnarketa epea ireki nahi du Aldundia, Lakua eta udalekin batera-, edota enplegu publikoaren eskaintza. “Aldundiaren plantillaren erdia hamar urteko epean jubilatu egingo da. Premiazkoa da belaunaldi aldaketa hori behar bezala gauzatzea, eta eskaera hori Madrilera eraman nahi dugu Eusko Jaurlaritzaren eskutik, Espainiako Gobernuak bere jarrera malgutu dezan”, azaldu du.
Itxaropentsu agertu da aro politiko berriaren aurrean, Eusko Jaurlaritzaren osaketak “indar politiko guztiekin akordioetara iristeko borondatea” islatzen baitu. “Desberdintasunen gainetik, erronka sozial eta ekonomikoen konponbidea jarri da. Euskal erakundeon sistema egonkortasunean oinarritutako aro bati ekiten dio. Hauteskunderik ez da espero bi urte eta erdiko denboran. Eszenatoki politiko ezin hobea dugu lan egiteko, eta egitasmo eta politika onuragarriak abian jartzeko. Egoera hau aprobetxatu beharra dago, eta baita baloratzen jakin ere”.
Basogintza sektoreari babesa
Halaber, Kontseiluak erabaki du 1.169.582,72 euro gehiago bideratzea basoen mantenu, hobekuntza eta garapenerako dirulaguntzen deialdira, ekimenak izan duen harrena ona dela eta.
Gaur egun, 9.000 baso jabe inguru daude Gipuzkoan, lurraldean dagoen baso masaren %80 zaindu eta kudeatzen dutenak. Masa honek lurraldearen azaleraren erdia baino gehiago hartzen du. “Berebiziko garrantzia dauka egiten duten lana, aberastasuna sortzen dutelako eknomikoki eta ingurugiro arloan. Lanpostuak sortzen dituen jarduera ekonomikoa da, eta landa eremuaren kontserbazioan laguntzen duena, jasangarritasunaren ikuspegitik, CO2 absorbituz, hidrología erregulatuz, erosioa kontrolatuz, eta suteen eta bestelako hondamendien prebentzioan. Sektorearekin eta Gipuzkoaren landa garapenarekin dugun konpromisoaren isla da dirulaguntzen gorakada”, nabarmendu du Lasak.
Jakin fundazioa
Bestalde, Jakin Fundazioarekin sinatuko den hitzarmenari oniritzia eman dio Kontseiluak. Honen bitartez, Aldundiak 80.000 eurorekin lagunduko dio bere funtzionamendu gastuei aurre egiten -306.683 eurokoak dira, guztira-. Aurten, Jakin proiektuak 60 urte betetzen ditu. Kultur aldizkari hau 1956an argitaratu zen aurreneko aldiz. Harrez gero, “emaitza oparoa eman du eta ematen segitzen du euskarazko pentsamendua sortzen eta zabaltzen, aldizkariaren, liburu bildumen, azterketen eta zabalkunde sozialaren bitartez. Gaur egun euskarazko pentsamendu orotariko kultur aldizkari bakarra”, gogorarazi du Lasak.
Bere babesarekin, Aldundiak aitortu egin nahi du Jakin Fundazioko kideek proiektua aurrera eramateko egiten duten “ahalegin anitz eta kolektiboari. Jakin egitasmoa erreferentziazkoa da euskal kulturan. Hizkuntza, kultura, lurraldetasuna, pentsamendua, ikuspuntuen aniztasuna, eta jarrera kritiko eraikitzailea ditu ezaugarri. Etorkizuneko proiektua ere bada, persona gazte eta ondo prestatutakoen eskuetan baitago”.
Aniztasuna Tolosaldean
Aldundiak beste elkarlan hitzarmen bat sinatuko du Tolosaldea Garatzen Garapen Agentziarekin, eskualdeko 28 udalerrietan aniztasunaren kultura berri bati buruzko jarduerak gauzatzeko. 35.000 eurorekin lagunduko ditu jarduera hauek. Ardatak honakoak izango dira: estrategia bat hedatzea eta sustatzea zurrumurruen aurka; balioan jartzea aniztasunak bizikidetzarentzat duen balioa; eta elkarren arteko aitortzaren eta errespetuaren aldeko mugimenduak sustatzea, aukera eta eskubide berdintasuna bermatzeko.
1618