Bidegik Astigarragako Garraio Zentro Integraleko obrak esleitu ditu
Bidegik Astigarragako Garraio Zentro Integraleko obrak esleitu ditu
6,8 milioiko inbertsioarekin, instalazioek ez dute parekorik Estatu mailan. 355 kamioi hartzeko gaitasuna izango dute, eta trafikoa hobetzen lagunduko dute
Bidegiko Administrazio Kontseiluak AP-8ko Garraio Zentro Integraleko lehen jarduketa esleitu du. Astigarragako plataforma berriari dagokio, eta 6.831.737 euroko kostua eta 24 hilabeteko exekuzio epea izango ditu. Plataforma autopistaren 17,000 puntu kilometrikoan dago, Behobiako noranzkoan. 355 kamioirentzako aparkalekua izango du, zerbitzu eraikin bat eta kanpoko aparkaleku bat 39 ibilgailu arinentzat. Garraio Zentro Integrala Oiartzungo eremua eraldatuta osatuko da. Eremu hori Bilboko noranzkorako izango da, eta 190 kamioientzat izango da. Guztira, beraz, 545 kamioi hartuko dira.
Astigarragako obrek 55.591m2-ko azalera zolatua izango dute. Altuna y Uria, Urbycolan, Mariezcurrena eta Zubieder enpresek osatzen duten enpresa batasunari esleitu zaizkio. Lurra orekatzeko eta urbanizatzeko lanak egin behar dira, zulaketa eta betetze lanen bidez. Orobat exekutatuko dira sarrerako adarra, 176 metrokoa, sarrera eta irteerako trafikoa banatzeko biribilgunea aparkalekuaren aurrean, eta bigarren adar bat, 300 metrokoa, AP-8ra sartzekoa. Gainera, drainatze sare bat egingo da, euri urak tratatzeko sistema bat eta landarezko eta polikarbonatozko pantaila akustikoak izango dituena.
Bigarren fasean, 2019ko azken hiruhilekoan, lizitaziora aterako da zentroaren erabilera eta ustiaketa emakida. Emakidadunaren ardura izango da zerbitzuen eraikina eraikitzea eta itxitura perimetrala eta zaintza sistema abian jartzeko lanak egitea. Jarduketa horren ondoren, Oiartzungo eremuaren eraldatzea etorriko da, hartara plataforma bakar batean jartzeko egun dituen bi azalerak. Aurreikusten da lizitaziora 2020ko urtarrilean ateratzea.
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako Departamentuko diputatuak azaldu duenez, zentroak AP-8ari maila goreneko instalazioak emango dizkio, errotazio plazekin. Horrela, garraiolarien erosotasuna eta segurtasuna bermatuko da, baita ibilgailuena eta garraiatzen dituzten salgaienak ere. Gainera, trafikoa nabarmenki hobetuko da. «Aukera emango du N-Ieko eta AP-8ko zerbitzu estazioetan asteburuetan biltzen diren kamioi andanak xurgatzeko, gero eta gehiago baitira frantziarrek debekatu ondoren beren errepideetatik ibiltzea. Mugan erretentzioak daudenean, garraiolariek atseden hartu ahal izango dute edo kudeaketak egin ahal izango dituzte, instalazio berrietan eskainiko zaizkien zerbitzuei esker», esan du.
Azpiegitura hau garraiolarien eta herritarren mesederako izango da, mugarri bat. Izan ere, Gipuzkoako Garraioaren Zentro Integrala Euskadin bakarra izango da, eta Estatuko handiena 4. mailarekin Europako estandarretan zerbitzuei eta segurtasunari dagokienez. Plataforman dauden eraikinek jatetxe-kafetegi bat, supermerkatu bat, komunak eta dutxak, telebista areto bat, aisialdiko eremu bat eta garbitegi bat izango dute. Beste zerbitzu hauek ere izango dituzte: wifia, kutxazain automatikoa, telekomunikazio zerbitzuak, takografoa deskargatzeko sistema eta plaza aldez aurretik erreserbatzeko aukera.
Bi eremuak perimetro itxi baten barruan egongo dira, eta azalera guztia eta sarrera-irteerak monitorizatzeko zaintza-kamerak eta argiztapena izango dituzte. Esparrura aparkalekuko langileak eta gidariak bakarrik sartu ahal izango dira, erabiltzaile eta salgaien segurtasuna bermatzeko. Horrela erantzuna ematen zaio garraiolarien kezka handienari: «atseden hartzen dutenean, beraien ibilgailuen eta garraiatzen duten kargaren segurtasuna dela» gogorarazi du Oiarbidek. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak berotegi efektua murrizteko eta elektromugikortasunaren alde duen estrategiarekin bat etorriz, lur-zati bat gorde da ingurumena errespetatzen duten erregai jasangarrientzako, gasa eta hidrogenoa besteak beste.
Diputatuak esan du Bidegik bere gain hartuko dituela gastuak, osorik, bere baliabideen kaudimenari esker, zorrik eragin gabe eta Aldundiaren inbertsiorik eskatu gabe. Aurreratu duenez, foru erakundeak errepide sarearen modernizazioaren alde lanean jarraituko du legealdi honetan, enpresen lehiakortasunerako eta Gipuzkoako lurralde kohesiorako oinarrizko aldagarria baita. Gipuzkoako Biribilgunea osatu delarik Deskargako obrekin, etorkizuneko erronkatzat jo ditu «sarea osatzea eta garatzea, modernizazio adimentsuari heltzea digitalizazio sistemen bidez eta iraunkortasuna, eraginkortasuna eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzea».
Eraginkortasun energetikoa
Azkenik, kontseilu berean, AP-1 eta AP-8an eraginkortasun energetikoa hobetzeko proiektua onartu zuen Bidegik. Horrela, bi autobideetako tuneletako argiteria iraunkorra eta lotuneetan, ordainlekuetako guneetan eta sarrera eta irteeretako bide adarretan dauden luminariak aldatuko dira. Orotara 3.700 argi-puntu aldatuko dira. Aldaketa medio, orduko 3,4 megawatt aurreztuko dira urtean, egungo kontsumo elektrikoaren % 22 gutxiago, 2020rako Europak eskatzen duen % 20ko eraginkortasun energetikoaren ildotik. Horrek esan nahi du urtean 818,66 Co2 tona gutxiago isurtzea. Proiektua Bidelanek finantzatuko du, emakida esleipenean eraginkortasun energetikoa hobetzeko neurriak gauzatzea jasoko delarik. Aurrekontua 1.705.519 eurokoa (gehi BEZa) da eta lanak 25 astetan burutu beharko dira.
2179