Breadcrumb

Asset Publisher

Back Bihartik aurrera Irunek sarbide berria izango du AP-8tik hirigunera

Bihartik aurrera Irunek sarbide berria izango du AP-8tik hirigunera

Lotune erdiko lanak amaituta daude, eta bihar –asteazkena– irekiko da Oinaurre auzoko Irun-Erdialdea sarrera-irteera berria.

Eider Mendoza foru bozeramailea

Eider Mendoza foru bozeramaileak gaur iragarri duenez, bihar –asteazkena, martxoak 17– irekiko da AP-8 autobidetik Irungo hirigunera doan sarrera-irteera berria. “Oinaurreko lotune erdi berriak lotura zuzenagoa ahalbidetuko du hiriaren erdigunera, eta nabarmen hobetuko du irundarren mugikortasuna; gainera, mugaren gertutasunak sortutako trafiko arazoak arinduko ditu”, esan du foru arduradunak. Obrek hamahiru hilabete iraun dute, eta 9,25 milioi euroko aurrekontua izan dute

Foru arduradunak gaur iragarri du irekiera, Diputatu Kontseiluaren ostean egin duen agerraldia. Prentsaurrekoa streaming bidez egin da, Covid-19aren mundu mailako pandemia dela eta. Honi buruz, Mendozak gogoratu du “ezohizko” egoera bizi dela eta, horregatik, bere hitzaldiaren hasiera elkartasuna eta gertutasuna adierazi dizkie erakunde bezala gaixotasuna pairatzen ari diren herritarrei eta beraien gertukoei. Gainera, eskerrik beroenak eman dizkio sektore kritikoetan ari diren langileei, esaterako osasun, logistika, banaketa edota elikagaien dendetan lanean ari direnei. “Eta aitortza baita ere herritar orori, neurriak bete eta ezohizko egoera honen aurrean erakusten ari diren ardura eta elkartasunagatik”, adierazi du.

Errepideen arlora itzulita, lotune erdi berriak barne hartzen ditu errepide bikoitz bat, biribilgune bat, zubibide bat eta autobideko sarrerako eta irteerako erreiak. Lotura berria Oinaurreko biribilgunean hasten da, Elizatxo hiribidetik metro gutxira, hain zuzen ere hirira sartzeko ardatz nagusietako batean, non Arabatenea eta Jostun kaleek bat egiten duten. 166 metroko luzera duen bide bat eraiki da, noranzko bakoitzeko 3,2 metroko bi erreiko galtzada banatua, metro bateko erdibitzaileak, 0,5 metroko alboetako bazterbideak eta % 5,9ko gehieneko malda dituena. Bidea 50 metroko kanpo diametroa izango duen biribilgune batera iristen da. Biribilgune horretatik abiatzen da sarbide berria, autobidearekin lotura egiten duena aldapan, Donostiako noranzkoan. Biribilgune horretara iritsiko da, halaber, autobideko irteerako bidea. Irteerako bide hori ere maldan egongo da, eta AP-8 autobidearen gainetik igaroko da 47 metroko altueran.

Oinaurreko lotune erdi berria hegoaldeko ingurabidearen lehen urratsa da; Gipuzkoako Foru Aldundiak guztira 15,25 milioi euro inbertituko ditu obra hori egiteko. “Lotunea eraikitzeari esker, Irungo hirigunearen irisgarritasuna hobetuko da, baina bere benetako zerbitzu ahalmena hegoaldeko ingurabidea guztiz eraikitzen denean ezagutuko dugu. Ingurabide horrek Irungo erdigunea autobidearekiko paraleloan inguratuko du, eta hiri bilberako sarbide berriak sortuko ditu”, esan du Mendozak. Hirigunearen hegoaldeko sarbide horiei esker, dibertsifikatu egingo dira zirkulazio aukerak, eta horrek mesede egingo dio foru errepideen sareari, eta bereziki GI-636 errepideari, gaur egun kanpoaldearekin lotzeko bide bakar gisa erabiltzen baita.

 

 

Lotune erdiak Via-T edo Abiatu gailuak irakurtzeko arkua du; hala, gailu horiek dituzten ibilgailuek Irun-Barrerako ordainlekuraino dauden 3,2 kilometroak ordainduko dituzte, eta ez Irun eta Behobiako ordainlekuaren arteko ibilbide osoaren 7 kilometroak. Erabiltzaileei gogorarazten zaie Abiatu gailua eduki beharko dutela Gipuzkoako Foru Aldundiak urte hasieran Bidegiren bidez martxan jarri dituen deskontuak izateko.  Gailu hori dutenek % 50eko deskontua izango dute ibilbide horretan joan-etorriko lehen bidaiatik aurrera. Joan-etorriko 20 bidaiatik aurrera, deskontua % 80koa izango da. Horrela, AP-8 autobideak ingurabide tratamendua izango du, eta Irungo irteera eta sarreretako joan-etorri guztiak bateratu egingo dira, irundarrek ez dezaten inolako diskriminaziorik izan, edozein lekutan bizita ere.

Foru bozeramaileak aukera baliatu du iragartzeko Bidegiren ordainlekuetan ez dela esku dirurik onartuko. Bidesaria Abiatu edo antzeko gailuekin edota kreditu txartelarekin ordaintzea izango da modalitate bakarra, koronabirusaren hedapenari aurre egitea helburu duen neurria. Bestalde, Bidegik Aritzetak duen bezeroaren arretarako aurrez aurreko zerbitzua  itxi egingo da eta halaber Abiatu 2.0 gailu berriak  aurrez aurre entregatzea etenda geratzen da. Gestioak www.bidegi.eus web orriaren bidez egin daitezke. Kontsultak  info@bidegi.eus helbide elektronikoaren bidez eta 943 105106 telefonoaren bidez, astelehenetik ostiralera lanegunetan, 08:00etatik 20:00etara egiteko aukera dago.

 

Irungo egoitza

Bestalde, Diputatuen Kontseiluak Foru Aldundiaren eta Irungo Udalaren artean sinatu beharreko hitzarmena onartu du gaur, herri honetako Ama Xantalen adinekoen egoitzaren eta eguneko zentroaren kudeaketa Kabian sartzeko. Behin akordioa sinatuta, Kabiak bere gain hartuko du kudeaketa 2020ko maiatzaren 1etik aurrera, nahiz eta egindako likidazio ekonomikoaren ondorio ekonomikoak 2020ko urtarrilaren 1erako atzera eragina izan. Ama Xantalen egoitzak 70 plaza ditu, eta eguneko zentroak 15 plaza.

“Kabia, dakizuen bezala, organismo autonomo bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuari atxikitakoa, eta bere funtzioa udal titularitatekoak izan diren edo oraindik diren, adineko pertsonentzako eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako hamasei egoitza eta eguneko zentroen kudeaketa bere gain hartzea”, gogoratu du Mendozak. Jadanik Kabian integratuta daude Azkoitia, Elgoibar, Villabona, Zumaia, Lasarte, Andoain, Bergara, Ordiziako, Arrasate, Errenteria, Oñati, Tolosa, Eibar eta Pasaiako, eta gaur eman da Irungoa integratzeko lehen pausua. “Prozesua osatzeko, Hernaniko egoitza bakarrik falta lirateke, eta hau ere urte honetan zehar egin nahi genuke”, esan du Mendozak. Prozesua osatzen denean, Kabiak Gipuzkoako 16 udal egoitzak kudeatuko ditu: 1.505 plaza (1.336 plaza egoitzetan eta 169 plaza eguneko zentrotan), 299 langile izango ditu (116 funtzionario eta 183 kontratatutako) eta, gainera, 18 enpresetako 949 langilek hainbat zerbitzu eskainiko dituzte.

“Kabiak finkatutako eredua erreferente bihurtuko da Gipuzkoan adinekoei ematen zaien egoitza arretan, eta jasangarria eta kalitatezkoa izango da”, esan du Mendozak. Gehitu duenez, zer egiten den bezain garrantzitsua da nola egiten den: “Kabiaren eredua denon artean zehaztua izan da, Foru Aldundiaren eta udalen eta hauen egoitzen arteko akordioa bilatuz, eta horretarako dozenaka bilera egin ditugu. Organismoan integratzen doazen egoitzen ezagutza eta esperientzia aprobetxatzen ari gara”, azaldu du. “Foru Aldundiak 16 udal egoitza, bakoitza bere berezitasunekin, kudeatzea erronka handia da, baina pixkanaka betetzen ari gara hartutako konpromisoak, erantzukizunez eta errealismoz”, borobildu du.

 

Arroako biribilgunea

Azkenik, gaurko Kontseiluan landu den hirugarren gaia izan da Arroa Behean (Zestoa), N-634 eta GI-631 errepideen arteko biribilgunea eraikitzeko proiektu berria onartzea. “Izan ere, ohikoa da auto-ilara luzeak sortzea Zestoa aldera bira egiteko erdiko erreian, Zumaiatik datozen ibilgailu askok GI-631 errepidea hartu nahi baitute, gero autobidera sartzeko. Helburua da honi konponbidea ematea”, esan du foru bozeramaileak. Horretarako, 48 metroko kanpoko diametroa duen biribilgune bat egingo da; noranzko bikoitzeko hiru beso izango ditu, eta biribilgune horretara sartzeko bide bikoitzeko azken zatiak egingo dira, edukiera handitzeko. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 604.335,58 euro da (% 21eko BEZa barne), eta gauzatzeko epea lau hilabetekoa da.

          Mendozak gogoratu duenez, proiektua 2018ko udazkenean onartu zen baina, proiektua eraiki behar zen lurrekin lotutako arazo batzuk medio, proiektua berridatzi behar izan da eta, ondorioz, berriro ere Kontseilura eraman. Epe eta obren hasierari buruzko aurreikuspenei dagokionean, bestalde, Mendozak esan du zaila dela estimazioak egitea ezohizko testuingurua indarrean dagoena bitartean. “Horren ostean, beste guztia bezala, proiektu honen tramitazio eta garapena normaltasunez egingo da”, amaitu du.

  

2275