Aldundiak Bioterran hartu du parte karpa eta stand baten bitartez
Aldundiak Bioterran hartu du parte karpa eta stand baten bitartez
Ingurumenaren karpan ingurumenaren kalitatea zaintzeko egiten den lana erakutsiko da eta Landa Inguruneko stand-ean bertako produktuak sustatuko ditu.
Ingurumenaren karpan ingurumenaren kalitatea zaintzeko egiten den lana erakutsiko da eta birziklapenaren esparruan lan egiten duten enpresek eta entitateek ere parte hartuko dute. Landa Inguruneko Departamentuak berriz, bertako produktuak sustatuko ditu
Ingurumeneko diputatua, Jose Ignacio Asensio, Ficobaren inaugurazioan izan da gaur. Ingurumenak jarritako karpan, Departamentuak herritarrengana hurbildu nahi du Foru Aldundiaren ingurumen politika, askotariko ekintzak gauzatzen baititu: energia berriztagarrien sustapena, ibaien egoera lehengoratzea eta urak babestea, tokiko agenda 21, hondakinen prebentzio eta birziklatze politikak, pobrezia energetikoaren prebentzioa, ingurumen inpaktuaren ebaluazioa eta hondartzak, besteak beste.
Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako departamentuak, berriz, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin elkarlanean (ENEEK), bertako produktua babestu eta sustatzearen alde, Bioterran stand bat jarri du gure baserritarren eskura. Azken finean departamentuak bertakoa, kalitatezkoa, jasangarria, ingurumenarekin errespetagarria eta ekologikoagoa den produktuen alde lan egiten jarraituko du. Gure nekazariek egiten duten lana eskertzeko eta bertaratuko direnei balio hauek erakusteko gune egokia iruditzen zaigu Bioterra.
“Azken finean, jendeari erakutsi nahi diogu zer ekintza gauzatzen ditugun Gipuzkoan ingurumen kalitatea zaintzeko eta jasangarritasuna sustatzeko. Ekintza horiek guztiak helburu hauetara bideratzen dira: klima aldaketari aurrea hartzea eta haren kontra borroka egitea, pobrezia eta ahultasun energetikoaren prebentziorako estrategia sustatzea, eta gizarte gipuzkoarra eredu energetiko jasangarriago baterantz eramatea", azaldu du Asensiok.
Bestalde, “Ekokarpak” espazio bat eskainiko die Gipuzkoako hirugarren sektorean aritzen diren irabazi asmorik gabeko hainbat entitateri, ingurumenarekiko sentsibilizazio berezia erakutsi dutelako. Helburua da entitate horiek ikusaraztea, eta Bioterra azoka aukera paregabea da gipuzkoarrek haien lana balioetsi dezaten.
“Espero dugu espazio hau edizioz edizio handitzen joatea, baina aurten, lehenengoz, bereziki nabarmentzekoak diren hiru entitate gipuzkoar egongo dira: Emaus gizarte fundazioa, Elikagai Bankua, eta Usurbilgo Lanbide Heziketako Institutua, "eraginkortasun energetikoko eta eguzki energia termikoko" goi mailako prestakuntza eskaintzen duen zentro bakarra Euskadin.
Gainera, “ekokarpan”, Gipuzkoan aritzen diren zenbait entitatek, hala nola Ecoembes eta Ecovidrio, birziklapena sustatzeko jarduerak erakutsiko dituzte. Emausek berrerabilitako materialez eginiko espazio bat sortuko du; Ecovidriok birziklapenerako iglu txiki bat erakutsiko du; Elikagaien Bankuak birziklapenaren bilakaeraren datuak eskainiko ditu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta hainbat enpresa gipuzkoarrekin garatzen duen "azken minutua" ekimena azalduko du; energia berriztagarrien sustapenean erreferentziazkoa den Usurbilgo lanbide heziketako zentroak bere lan-ildoak azalduko ditu, eta erakustaldi praktiko bat egingo du energia berriztagarrien erabilerari buruz. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak konposta egiteko prozesua erakutsiko du, eta konposta egiteko laster martxan jarriko den Epeleko plantari buruzko xehetasunak emango ditu.
“Azken buruan, ekokarpak espazio bakar batean bilduko ditu Aldundiak ingurumenaren arloan egiten duen lana, eta irabazi asmorik gabeko hainbat entitatek egiten dutena. Horien guztien lanak pizgarri izan behar du, gainerako herritarrak ere ingurunearekiko errespetuzkoak diren jarduerak egitera animatzeko, eta, horrela "ekohiritar" bihurtzeko" esan du diputatuak.
Ingurumenaren Eguna
Bioterra azokaren azken eguna, ekainak 5, Ingurumenaren Mundu Eguna izango da hain zuzen ere. Aurtengo leloa da “zero tolerantzia fauna basatiaren merkataritza ilegalari”. Gipuzkoako egunerokotasunetik urrun dagoen arazoa dela dirudien arren, ingurumenean munduko edozein lekutan gertatzen den edozein desorekak eragina du azkenean Planeta osoarengan. Horregatik, Ingurumen Departamentuak eta standean parte hartzen duten entitate laguntzaileek ingurumenaren aldeko deklarazioa sinatu dute.
Aldundiak eta deklarazioa sinatzen duten gainerako entitateek –Emaus gizarte fundazioa, Usurbilgo Lanbide Heziketako Institutua eta Gipuzkoako Elikagai Bankua- aspalditik ari dira ingurumen arloko jardunbide egokiak garatzen, eta, horregatik, ereduzkoak dira, bai Gipuzkoan, bai beste leku askotan ere. Beraz, Ingurumenaren Mundu Eguna dela aprobetxatuz, dei egiten diote gizarteari, are gehiago zabal dadin ingurumen kontzientzia Gipuzkoan, gure lurraldea munduko beste leku askorentzako eredu bilakatu arte.
Horrela, dei egiten zaie enpresei ere, gizarte erantzukizuneko politikak garatzeko konpromisoa har dezaten, eta politika horietan lehentasuna izan dezan ingurumenarekiko konpromisoak, derrigor bete behar dituzten arauak betetze hutsetik harago; dei egiten zaie erakundeei, beren jardun esparru guztietan kontuan har ditzaten ingurumen balioak, eta gure gizartearen ingurumen kontzientzia areagotzen lagun dezaten; eta dei egiten zaie, azkenik, herritarrei oro har, ingurumenarekiko duten konpromiso pertsonala indartzeko eta ingurumenarekiko errespetuzkoak diren produktuen kontsumo exijentzia areagotzeko, kontsumo arduratsuari lotutako irizpide eta balioei jarraituz.
“Egun hori, gainera, aukera paregabea da, leku ez oso osasungarrietan edo, besterik gabe, kutsatuta daudenetan bizi diren Planetako biztanle horiekiko elkartasuna erakusteko. Beste edozein planteamendutik harago, jakin behar dute Gipuzkoako elkarte mugimenduan, gure erakundeetan eta herritarrengan oro gar, laguntza eta elkartasuna aurkituko dituztela, haien arazoa gurea ere badelako”, dio deklarazioak. Deklarazioa Nazio Batuetara bidali da, eta astean zehar mundu osoan egingo diren 604 ekitaldietako bat izatea onartu da.
1863