Breadcrumb

Asset Publisher

Back Bizkaiak eta Gipuzkoak alternatiben azterlana egingo dute N-636 errepidea behin betiko hobetzeko

Bizkaiak eta Gipuzkoak alternatiben azterlana egingo dute N-636 errepidea behin betiko hobetzeko

Imanol Pradales eta Aintzane Oiarbide diputatuek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, non konpromisoa hartzen duten konponbide bat bilatzeko segurtasun eta erosotasun handiagoa ematearren bi lurraldeak lotzen dituen bide horri.

2022/05/20
Bizkaiak eta Gipuzkoak alternatiben azterlana egingo dute N-636 errepidea behin betiko hobetzeko

Bizkaiak eta Gipuzkoak alternatiben azterlana egingo dute N-636 errepidea behin betiko hobetzeko


Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek erabaki dute trazadura-alternatiben azterlan bat egitea  N-636 errepiderako, Elorrio eta Kanpazar artean, non aztertuko diren eraikuntza-proiektu batek behar dituen parametro guztiak, barne direla ingurumen inpaktuak, oztopoak, konponbiderik egokienak, eta egin beharko den inbertsioa. Bizkaiko Interbiak sozietate publikoak lizitatuko du azterlana, eta erdi bana finantzatuko dute berak eta Bidegi sozietate publikoak. Proiektuak 180.000 euroko aurrekontua du, eta 24 hilabeteko iraupena, gehienez.

          Iragarpena gaur goizean egin dute Bizkaiko eta Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuek, Imanol Pradalesek eta Aintzane Oiarbidek, Kanpazarko gainera egin duten bisitan. Bi diputatuek gogorarazi dute ezen Beasain-Durango korridorea planteatu zela Goierri, Debagoiena eta Durangaldea lotzeko azpiegitura bat bezala, eta azterlan horren helburua izango dela Elorrio-Kanpazar bide-tartea hobetzea, eta, horrela, Kanpazar mendatea erosoago eta seguruago salbatzea, hasi Elorrioko egungo saihesbidetik –Gerediaga-Elorrio bide-tartea amaitzen den lekua– eta AP-1 autobidearekiko loturaraino, Arrasate inguruan.

          N-636 errepidea, Arrasate eta Elorrio artean, Kanpazar mendatetik barrena, Lehentasunezko Sarearen parte da. Bide horrek ibilbide luzeko bidaiak bideratzen ditu, eta erabiltzaile askok erabiltzen dute AP-8 eta AP-1 ordainpeko autobideen alternatiba gisa. 14 kilometroko errepide bat da, eta lanegunetan, batez beste, 7.700 ibilgailu inguruko trafiko intentsitatea jasaten du, harietatik % 19,1 ibilgailu astunak izanik.

          Bai Bizkaiko Foru Aldundiak bai Gipuzkoako Foru Aldundiak bide hori dute beren jarduketaren lehentasunen artean, eta azken urteotan hainbat inbertsio egin dituzte, eta horietako batzuk gauzatze bidean daude, helburutzat hartuta, funtsean, korridorean segurtasuna eta gaitasuna irabaztea. Mugaren bi aldeetako jarduketa horiek hobekuntza nabarmena dakarkiote bi lurraldeen arteko komunikazioari.

          Gipuzkoak igotzeko hirugarren errei bat du lehenengo 4,5 kilometroetan (Epele eta Sara artean), baina azken bide-tartean, Sara eta Bizkaiarekiko mugaren artean, N-636 errepideak errei bakarra du noranzko bakoitzean. Bada, azken bide-tarte hori hobetzeko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiak lizitaziora aterako du proiektu bat, hurrengo asteetan, errepidearen plataforma, azken 1,5 kilometro horietan, 7 metrotik 9 metrora (1+7+1) handitzekoa. “Ez dakigu azterlan honek zer alternatiba planteatuko dituen, baina espero dugu behin betikoak izango direla, horrela korridore hori amaitu ahal izateko. Irtenbide horiek iristen diren bitartean, azken errepide-tarte hori hobetuko dugu Kanpazarrerako igoeran, Gipuzkoatik”, adierazi du Aintzane Oiarbide diputatuak.

          Bizkaiak, bere aldetik, Elorrio eta Gerediaga arteko autobidea eraiki zuen 2016an, eta 3,4 milioi euro inbertitu ditu 2020. urtearen amaieratik Elorriotik Kanpazar mendaterako igoera hirugarren errei batera zabaltzeko. Lehenengo fasea zerbitzuan aurkitzen da, eta bigarrena, ziur aski, ekainean amaituko da. Guztira, hirugarren errei gehigarriko 1,6 kilometro osatzen dute, ibilgailu astunei aurrea hartzeko maniobrak errazten dituztenak, eta horrek segurtasun handiagoa ematen dio bideari, bide-tartearen funtzionaltasuna eta ibilbide denborak hobetzen baititu. Bi bide-tarteetan proiektatutako jarduketarekin, espero da Kanpazar mendateko ibilbidea batez beste 4,5 minutu laburtzea ibilgailu arinei puntako orduetan (Elorrio-Arrasateko noranzkoan), eta gainera, ibilgailu astunei arintasuna eta aurreratze segurua erraztea. “Azterlan honekin jarraitzen dugu aurrera egiten hobetzearren funtsezko bide bat Durangaldea eta Debagoiena lotzeko eta bi haranetako jarduera sozioekonomikorako. Aurrerapauso handiak eman ditugu jada Kanpazarren segurtasun eta funtzionaltasun arloetan, eta gaur konpromisoa hartzen dugu N-636 errepiderako trazadura-irtenbiderik onena bilatzeko”, ziurtatu du Imanol Pradalek.

          N-636 errepidea behin betiko hobetzeko alternatiben azterlan hau Bizkaiak lizitatuko du eta bi lurraldeen artean finantzatuko da; jarraipen batzorde bat izango du, zainduko duena betetzen direla aldeek hitzarmen honetan beren gain hartutako betebeharrak.

  

2802