Breadcrumb

Asset Publisher

Back Carl Honoré eta Edurne Pasaban Gure Lurra Kongresuan izango dira

Carl Honoré eta Edurne Pasaban Gure Lurra Kongresuan izango dira

Lehen sektorea eta hiri-munduaren arteko topagunearen seigarren edizioak, lehen mailako egitaraua izango du, oreka berdea ardatz izanik

Gure Lurra

Lehen sektoreari ikusgarritasuna ematea eta Gipuzkoaren ongizaterako duen beharraz kontzientziatzea dira Foru Aldundiak lortu nahi dituen helburu nagusiak ‘GURE LURRA 6 Sembrando futuro' kongresuarekin. Hau, datorren ostegunean, hilaren 23an, ospatuko da Kursaal Jauregian. Seigarren edizio hau, berriro bihurtuko da lehen sektorearen eta hiriko biztanleen arteko topagune eta elkarrizketa-gune, eta, kontzientzia sortuko du gure baserritarrek gizarte osoarentzat egiten duten lanaren garrantziaz. Hori horrela, eta oreka berdea ardatz hartuta, aurtengo edizioaren helburua da baserritarren egunerokotasunean eragina duten bizipenak, gogoetak eta gaiak Gipuzkoako gizartearekin partekatzea.

 

Kongresua jende guztiarentzat irekita dago, eta izen-emateak doan egin daitezke https://www.gipuzkoa.eus/es/web/gure-lurra-sembrando-futuro webgunean, non agenda ere xehetasunez kontsulta daitekeen. Kongresua, irekiera instituzionalarekin hasiko da, Eider Mendoza diputatu nagusiaren eskutik, eta lehen mailako egitaraua du: askotariko hizlariak, elkarrizketak, mahi-inguruak eta jarduerak. Guzti horiek aditu eta ospe handiko pertsonen, baserritarren, sektoreko eragileen, eta, oro har, herritarren parte hartzearekin.

 

Aurten, kongresuak, goizeko 9:00etatik 14:30etara iraungo du (amaieran lunch bat egongo da bertaratzen diren guztientzat), eta, gaiak bloke desberdinetan banatzen dira. Lehen zatiak, “Bertakoa, ezinbestekoa” izena du eta helburua da, gure baserritarren lana balorean jartzea eta bertako produktuak kontsumitzearen garrantziaz hitz egitea. Lehen zati honetan, Carl Honoré (Eskozia, 1967) izango da hizlari nagusia. Honoré, hainbat sari jaso dituen kazetaria, bestseller-en idazle txalotua, eta, gero eta handiagoa den, «Slow Movement» mugimenduaren bozeramaile globala da. Honorék mezu soil bat zabaltzen du: mundu azkar honi arrakastaz aurre egiteko, abiadura txikitu behar dugu. Bere iritziz, azkarraren eta motelaren arteko oreka zuzena lortzeak, osasuna hobetzeaz gain, bizitzari sakontasun, plazer eta esanahi handiagoak ekar diezazkieke.

Bigarren blokeak “Bertakoa, munduari irekita” izena du, eta, inspirazio gisa, kanpoko merkatuek eskaintzen dituzten aukerak aztertuko dira. Horiei esker, Gipuzkoa, kalitatezko eskualde gastronomiko gisa ezagutarazten dugu, kultura paregabea duena eta, zalantzarik gabe, baserritarrek egiten duten lanik gabe, ezinezkoa izango litzatekeena. Bloke honetan, Edurne Pasaban alpinista, ingeniari industrial eta enpresari tolosarrak emango du hitzaldi nagusia. 14 zortzimilakoak igo dituen munduko lehen emakumea da. Bere buruaren mugak eta muga profesionalak gainditu dituen pertsona baten istorioa da bere bizitza. Bere esperientziaren bidez, helburuak ezartzeko, egoera zailetan oztopoei aurre egiteko –egon badaude sektorean– eta edozer ibilbide profesionaletan eta pertsonaletan aurre egin beharreko zalantzak eta zailtasunak kudeatzeko behar diren jarraibideak definitzen lagunduko du.

 

Era berean, Mandiola Goikoa baserriko Eneritz Alberdik, baserritar-bizitzaren egunerokoa nolakoa den azalduko du. Atal honetan, larrialdi klimatikoaren aurkako borrokan legen sektorean duen paperaren inguruko solasaldi bat ere izango da; Aldundiak abian jarritako Herritarren Batzarreko teknikari eta ordezkariekin. Jarraian, baserriaren jarduera haurtzarotik ezagutarazteko moduari buruzko jardunaldia izango da, eta azkenik, Imanol Barcenilla, Zootek enpresako gerentea elkarrizketatuko da. Azken honen helburua da Euskadin artisau gisa ekoizten diren kalitate handiko elikagaiak Britainia Handiko merkatuan erreferente bihurtzea.

 

Kongresua, Lurralde Oreka Berdeko Diputatu Xabier Arrutik itxiko du, eta herritar guztiak parte hartzera animatzen ditu. “Gipuzkoa, dituen erronkaz gain, lurralde orekatua da eta herri txikien, hirigunearen eta landa-gunearen arteko kohesioari eusten jakin dio. Gure lurraldearen natura, paisaia eta elikagaiak, baserritarraren lanaren eta zaintzaren emaitza dira. Edizio honetan, landa-ingurunea eta lehen sektore dinamikoa izatearen garrantzia adierazi nahi dugu, Gipuzkoarako funtsezko aktiboak ekartzen dituztelako eta ekonomia, gizarte, lurralde edo ingurumen-orekarako gakoak direlako, besteak beste” jakinarazi du.

 

Gaineratu du, Aldundiak legealdi honetan “jauzi kualitatiboa” eman nahi duela Lurralde Oreka Berdea departamenduaren sorrerarekin, eta sailak duen erronketako bat azpimarratu du: sektorea gaztetzea.“Kongresu honek, erronka hori lortzen laguntzen du, sektoreko gazteei begirada berri bat eskaintze die eta komunitatea sortzen laguntzen du, esperientziak, kezkak eta praktika arrakastatsuak partekatuz. Hain zuzen ere, kongresuan gehien azpimarratuko dugun alderdietako bat baserritarren eta sektoreko eragileen arteko lankidetza-dinamika indartzea da, batez ere gazteenen artean, eta hori oso garrantzitsua da proiektu berritzaileak eta lehiakorrak garatzeko”.

  

1364