Breadcrumb

Asset Publisher

Back Abian dira Gesoerreka basoa lehengoratzeko eta ingurumena hobetzeko lanak, artelatz-basoa berreskuratzeko helburuarekin

Abian dira Gesoerreka basoa lehengoratzeko eta ingurumena hobetzeko lanak, artelatz-basoa berreskuratzeko helburuarekin

Espezie exotikoen ordez, artelatzak, haritz arrunta, ameztia eta zurkara erabiliko dira. Guztira, 500 zuhaitz eta zuhaixka inguru landatuko dira, eta horietatik 302 artelatzak izango dira.

2023/03/09
Gesoerreka

Lehengoratze lanak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren kontura egingo dira, Zarauzko Udalari emandako 28.500 euroko dirulaguntzaren bidez.

Proiektu honen azken helburua da artelatza lehengoratzea edo berreskuratzea. Horretarako, kasu batzuetan espezie exotikoen aleak kendu behar dira, batez ere monterrey pinua eta sasiakazia. Beste kasu batzuetan, berriz, eraztunak jarriko dira. Halaber, artelatzak landatu ahal izateko soilguneak irekitzea planteatzen da, eta ia 400 metroko itxitura bat jarriko da, bi atakarekin, landaketa berriak aziendetatik babesteko.

Espezie exotikoen ordez, artelatzak (Quercus suber), haritz arrunta (Quercus robur), ameztia (Quercus pyrenaica) eta gurbitza (Arbutus unedo) jarriko dira. Guztira, 500 zuhaitz eta zuhaixka inguru landatuko dira, eta horietatik 302 artelatzak izango dira.

Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak 28.341,80 euro bideratu ditu proiektua idaztera eta gauzatzera. Gesoerrekako artelatza lehengoratzeko lan horiek hasi berri dira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak ematen duen degradatutako eremuak leheneratzeko jarduera eta proiektuetarako, azpiegitura berdeak berroneratzeko eta hobetzeko eta erresilientziarako dirulaguntzen programaren baitan.

Horri dagokionez, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azpimarratu duenez, «proiektu honen helburua da azpiegitura berdeak sustatzea, klima-aldaketara egokitzeko neurri gisa. Horrek, gainera, biztanleriaren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzen ditu, bai eta osasun indizeak ere, pertsonak naturarekin lotzen ditu berriro, eta espazioen paisaia-kalitatea handitzea dakar». Asensiok azpimarratu duenez, «gure ongizatea, osasuna eta ekonomia ekosistemen kontserbazio-egoeraren mende daude».

2019an, Zarauzko Udaleko Ingurumen Departamentuak sustatu zuen, Gloria Vázquez zinegotzia buru zela, Europako Natura 2000 sareko Garate Santa Barbarako naturagune babestuan erostea ingurumen-balio handiko eta elkarren ondoko bi baso-lurzati. Bi lurzatiek 3,8 hektareako azalera hartzen dute, eta artelatz masa handia dute kontserbazio-egoera onean. Horrez gain, pinuen eta beste espezie batzuen beste eremu batzuk ere hartzen dituzte, eta guztira 84.138 euroren truke eskuratu ziren.

Guztira, Zarauzko Udalak 9,9 hektarea erosi ditu dagoeneko Garate Santa Barbarako natur gunean, 5,4 Gesoerrekan eta gainerakoa Zingirako basoan. 197.760 euroko inbertsioa egin du, eta 2.500 zuhaitz eta zuhaixka berri landatu ditu, gure eraztun berde urdina aberastu eta haziz.

Bestalde, Zarauzko Udaleko Ingurumeneko zinegotzi Gloria Vázquezek adierazi duenez, «Natura 2000 Sarearen barruan lursailak erosteko helburu nagusia da Udalak esku hartzeko ahalmena izatea, horrela artelatz-basoak berreskuratu eta mantendu ahal izateko. Izan ere, Garate Santa Barbarako eremuan babestu egin behar dira baso horiek, biodibertsitateari eutsi ahal izateko eta, aldi berean, Zarauzko baso-masa handitu ahal izateko, klima-aldaketari aurre egitearren». Era berean, Vázquezek eskerrak eman nahi izan dizkio Aldundiko Ingurumen Departamentuari «Zarauzko Udalarekin lankidetzan aritzeagatik, dirulaguntza eman baitigu gure udalerrian baso-lurzati horiek lehengoratzeko».

Ingurumeneko zinegotziak azpimarratu du basoen kontserbazioak ere funtsezko garrantzia duela klima-aldaketaren aurkako borrokan: «Ingurumen Departamentuaren neurri estrategikoa da; izan ere, jakin badakigu oso garrantzitsua dela CO2 xurgatzeko, airea garbitzen duelako eta bizitzarako funtsezkoak direlako, eta, gainera, kutsaduratik babesten gaitu».

  

2863