Aldundiak eta Donostiako Udalak Liburutegi Nagusia eta Koldo Mitxelena nola uztartu aztertuko dute
Aldundiak eta Donostiako Udalak Liburutegi Nagusia eta Koldo Mitxelena nola uztartu aztertuko dute
Zerbitzu eraginkorrago eta osoago bat eskaini nahi zaie herritarrei, liburutegion indarguneak indartuz.
- Itxasok eta Azkaratek adostu dute kanpoko aholkularitza izatea "bidean aurrera egiteko, zaila izanagatik, liburutegi zerbitzuak hobetzeko aukera asko eman baititzake"
- Zerbitzu eraginkorrago eta osoago bat eskaini nahi zaie herritarrei, liburutegion indarguneak indartuz
Denis Itxaso Kulturako foru diputatuak eta Donostiako Udaleko Kultura zinegotziak iragarri dute bi erakundeok hiriaren Liburutegi Nagusia eta Koldo Mitxelena uztartzeko prozesu bat aztertzen ari direla.
Bi erakundeek ikusi dute, bai Alderdi Ederreko Liburutegi Nagusia, bai Koldo Mitxelena liburutegia, bakoitzak bere berezitasunak baditu ere, zerbitzu eta eskaintza asko bikoizten ari direla beren arreta eremuan, hots, hirian eta Donostialdeko eskualdean.
"Liburutegien zeregin eta etorkizun aldaketa garaia izanik, ekoizpen eta difusio forma berriak daudenez liburuaren munduan, Tabakaleraren Ubik mediateka zabaldu delarik…, ezinbestekoa da egungo modeloak berriz pentsatzea eta balizko aliantzak aztertzea, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzu katalogoan mesede egin baitezakete", azaldu dute.
Uztartzearekin helburua da liburutegi bakoitzak bere indarguneak sendotzea: irakurketa publikoa udal liburutegiaren kasuan, eta ondarea foru liburutegiarenean. Zerbitzu eraginkor eta osoago bat eskaini nahi zaie herritarrei, eta modeloak kulturaren errealitate berrira eta beharretara egokitu nahi dira."Dena dela, apriorismo gehiegirik gabe. Izan ere, badakigu prozesu hau hobetzeko aukera paregabea dela, baina badira, orobat, zenbait gai eta galdera ebatzi eta argitu beharko ditugunak". esan du Kultura diputatuak."Tabakaleraren erakusketa gune berriak zabaldu dira, eta horrek ere pentsarazten digu KMk dituen erakusketa espazioak ederki asko erabili daitezkeela etorkizuneko liburutegi integral horretarako".
Prozesu honek baliabideak bikaintzeko aukera emango digu, adibidez berritasunen erosketak ez bikoiztea, horrek gehiago eskuratzeko modua ekarriko baitigu, funtsak zabaltzeko. Gainera, aukera sorta bat zabalduko du zerbitzu berriak eskaintzeko eta egungo zerbitzuak hobetzeko, eta Udalaren eta Lurraldearen ondare funtsen kudeaketari mesede egingo dio.
Azkaratek eta Itxaso esan dute uztartzeak ez duela berekin ekarriko liburutegietan gutxiago inbertitzea, baizik eta erreferentzia zentro bat sortzea, liburutegi zerbitzu integral bat eskainiko duena, jende guztiarentzat. “Pentsatu nahiko genuke Donostiak eta Gipuzkoak liburutegi integral bat izan dezaketela, literaturaren eta pentsamenduaren etxe handi bai izan daitekeena”, adierazi du Kulturako zinegotziak. Helburua inbertsioa errentagarria izatea da, eta eraginkortasun handiago bat lortzea, zerbitzua eta prestazio berriak eskaini ahal izateko. Langile taldea ere ez da murriztuko. Eraginkortasuna bilatuko da, eta egungo langile taldea egokitu egingo da zerbitzuak indartzeko eta berriak aurrera eramateko.
Koldo Mitxelenaren kasuan xedea da liburutegi zerbitzu integral bat ematea, non literatura eta hitza izango baitira jarduerak.
"Koldo Mitxelenak, gainera, orain irakurketa publikorako erabiltzen duen espazio askatu dezake, ondare funtsa balioesteko, Gipuzkoako ondare funtsa, eta Lurraldeari beste zerbitzu mota batzuk eskaintzeko: esaterako, prestakuntza proposamenak, zeharkako jarduerak sustatzea, eta abar". esan du Itxasok.
Uztartze prozesua abiarazi aurretik, bi erakundeak alderdi hauek lantzeko hasiko dira: Eskaini beharreko zerbitzuak, ondare funtsen tratamendua, irakurketa publikoaren antolaketa, eraikinaren egokitzea, organigrama, formula juridikoa eta aurrekontua.
Uztartze prozesu osoa aztertzeko, kanpo aholkularitza baten laguntza izango dute, bibliotekonomian aditua eta eskarmentu luzea duena alorrean, egungo egoera eta indargune eta ahuleziak aztertu eta, ondoren, proposamen bat, metodologia bat eta kronograma egoki bat eskaini ditzan.
1801