Breadcrumb

Asset Publisher

Back COVID-19 zuen adineko egoiliar bat zendu da Donostiako Unibertsitate Ospitalean

COVID-19 zuen adineko egoiliar bat zendu da Donostiako Unibertsitate Ospitalean

Azken orduetan ez da kasu berririk atzeman eta, ondorioz, bi dira diagnostiko positiboarekin jarraitzen duten egoiliarrak

2020/08/15

Lurraldeko adinekoen egoitza batean COVID-19 gaitza diagnostikatu zitzaion pertsona bat zendu da azken orduetan, Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi duenez. Aste honetan bertan Hermano Garate – San Ignacio egoitzan atzemandako hiru kasuetako bat da hil den pertsona. Zehazk, 90 urteko emakume egoiliarra da, aurretiazko patologiak zituen, eta Donostiako Unibertsitate Ospitalean ingresatua izan zen pasa den asteazkenean bere kasua baieztatzearen ondotik. Eider Mendozak bere atsekabea adierazi du heriotza honen aurrean, eta Aldundiaren izenean, bere “gertutasuna” erakutsi eta “gure babes osoa” eskaini die hildakoaren familia eta gertukoei, “bizitzen ari diren momentu latz hauetan”. “Gainera, publikoki eskertu nahi dugu lurraldeko egoitzetan birusari aurre egiteko lanean ari diren profesional guztien lana”, gaineratu du. 
Bestalde, azken orduetan ez da kasu berririk atzeman Gipuzkoako egoitza sarean. Beraz, bi dira diagnostiko positiboarekin jarraitzen duten egoiliarrak. Bi lagunak Hermano Garate – San Ignacio zentroko egoiliarrak dira, eta Eibarko ospitaleko hirugarren solairuan daude, non lurraldeko egoitzetatik bideratzen diren COVID-19 kasuan artatzen espezializatuta dauden. Aipatutako Hermano Garate – San Ignacio egoitzako gainerako egoiliarrei eta langile guztiei PCR frogak egin zaizkie egun hauetan, eta denek negatibo eman dute.  
Lurraldeko adinekoei zuzendutako egoitza sareak 65 zentro eta 5.425 plaza ditu. Gizarte Politika departamentuak, Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailarekin etengabeko elkarlanean, aktibo dauka Gipuzkoako gizarte arloko baliabide eta zerbitzuetan COVID-19 gaitzari aurre egiteko Zaintza eta Alerta Sistema. Honela, denbora errealean zaintzen da birusaren bilakaera, eta behar diren baliabide eta zerbitzuak indartzen dira. Testuinguru honetan, Aldundiaren zaintzarako talde espezializatuak, erizainek eta DYAk osatzen dutena, azken bost asteetan (abuztuak 10era arte) 5.688 PCR test egin ditu lurraldeko egoitza eta eguneko zentroetako erabiltzaile eta langileen artean. 
Gainera, bozeramaileak jakinarazi duenez, Donostiako adingabekoen pisu bateko begirale batek positibo eman du COVID-19 gaitzagatik. Ondorioz, PCR testa egin zaie zentro horretan dauden zazpi adingabeei. Bitartean, zentroan isolatuta daude. 

 

Azpeitiko eguneko zentroaren itxiera
Mendozak gaineratu duenez, Aldundia “etengabeko alerta” egoeran dago, lurraldeko errealitate epidemiologikoaren etengabeko jarraipena egiten. Osasun sailarekin elkarlanean egiten den analisi honen ondorioz, Gizarte Politikako departamentuak Azpeitiko adinekoentzako eguneko zentroaren prebentziozko itxiera agindu du, herri honek bizi duen errealitate epidemiologikoa dela eta. Itxiera hau gutxienez hilaren 24ra arte mantenduko da. Gainera, herri bereko adinekoen egoitzak paseoak eta irteerak bertan behera geratu dira astebetez. 
Arrazoi berdinak medio, Mutriku eta Elgoibarko adinekoen eguneko zentroen prebentziozko itxiera beste astebetez luzatzea erabaki da, eta baita ere bi herri hauetako adinekoen egoitzetan kanpoan egiten diren paseoen murrizketa ere.

  

1729