Crossover telesailen kulturari buruzko jaialdiaren bigarren edizioa
Crossover telesailen kulturari buruzko jaialdiaren bigarren edizioa
Hitzaldi, proiekzio eta jarduera ludikoek telesailen fenomenoari helduko diote maiatzaren 7tik 11ra
Jaialdia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Kultur Factory kultura agentziak antolatzen dute, eta Koldo Mitxelena Kulturunean eta Tabakaleraren izango da.
Jaialdia irekitzeko, Vida perfecta telesailaren lehen kapitulua eskainiko da esklusiban. Telesail hori Leticia Dolerak zuzendu eta protagonizatzen du, eta Movistar+ek ekoizten du.
Leticia Dolera, Borja Cobeaga eta Diego San José izango dira partehartzaileen artean.
Telesailen kulturari buruzko Crossover jaialdiak bigarren edizioa izango du maiatzaren 7tik 11ra. Proiektu berri hau iaz abiatu zen, eta eztabaida, azterketa eta gozatzeko foro bat da, mintzagai duena egun dagoen kultura fenomeno garrantzitsuenetako bat.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Kultur Factory kultura agentziak antolatuta, Crossover-ek programa trinko bat izango du, mahai-inguruekin, esklusibazko estreinaldiekin eta proposamen ludikoagoekin, jende askorengana iristeko asmoarekin.
Hogeita hamar bat gonbidatu izango dira, sorkuntzaren, kritikaren eta ekoizpenaren eremuetakoak. Bertan, genero honen alderdiei buruz hitz egingo dute. Izan ere, genero hori arrakasta itzela izaten ari da mundu osoan, eta kultura ohituren eta aisialdiaren erdigunean kokatu da.
Crossoverren bigarren edizio honetan protagonismoa izango dute, besteak beste, emakumeek, euskal telebista-fikzioa, telesailen eta politikaren arteko harremanak edo Game of Thrones fenomenoak. Orobat izango dira Movistar+, HBO España eta AXN ekoizpen eta banaketa plataformen zenbait telesailen estreinaldiak esklusiban.
Izan ere, jaialdia maiatzaren 7an abiatuko da, 19:00etan, Tabakaleran, Leticia Dolerak zuzendu eta protagonizatzen duen eta Movistar+ek ekoizten duen Vida perfecta telesailaren lehen kapituluaren proiekzio esklusiboarekin. Proiekzioaren ondoren, Leticia Dolera bera mahai-inguru batean izango da telesailaren beste bi protagonistak diren Celia Freijeirorekin eta Aixa Villagránekin batera. María Guerrak zuzenduko du mahai-ingurua.
Maiatzaren 8an, euskarazko telebista-fikzioaren txanda iritsiko da. Olatz Beobidek, Ainhoa Larrañagak eta Xabi Zabaletak mintzagai izango dituzte euskal ekoizpenen 30 urteak, Hitzaldia «Goenkaletik Go!azenera» izango da, 19:00etan Koldo Mitxelenan.
Borja Cobeaga eta Diego San José bikote sortzaileenetako bat da Espainiako ikus-entzunezkoetan. Vaya Semanita saioan gidoilari izan zirenetik, biak mugarri bilakatu dira Espainiako komedia berrian. Bi ahotsetako hitzaldi honetan (maiatzaren 9a, 19:00etan, Koldo Mitxelenan), Cobeagak eta San Josék generoaren gakoak eta sorkuntza proiektu bat aurrera ateratzeko eman beharreko urratsak aztertuko dituzte, gidoiaren jatorrizko ideiatik ekoizpenera.
Ostiralean, maiatzak 10, Crossoverrek programa bikoitza izango du. Batetik, 19:00etan eta Koldo Mitxelena, mahai-inguru bat izango da: «Mafiaz harago: XXI. mendeko italiar telesailak». Aukera bikaina izango da Italian telebista-fikzioak bizi duen une bikainari begiratzeko. Ez alferrik, oso ekoizpen interesgarriak dituzte gaur egun, Gomorra, The Young Pope edo Il Miracolo, adibidez. Alberto Rey gidatuko du Jorge Carriónen, Marilena de Chiararen eta Lorenzo Mejinoren arteko eztabaida.
Ostiraleko bigarren jarduera #Eztabai eztabaida programa eta afariaren saio oso berezi bat izango da: «Politika telesailetan». Mariló Garcíak mahai-inguru bat gidatuko du Ni Neu jatetxean 21:00etan. Bertan, Gipuzkoako politikaren protagonista nagusietako batzuek azalduko dute beren munduaren zer isla ikusten duten telesailetan.
Crossover larunbatean itxiko da, maiatzak 11, jardunaldi trinko batekin. Eguerdian bi jarduera izango dira Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan. 12:00etan, Alberto Reyk, Marina Suchek eta Álvaro Onievak, telesail garrantzitsuenetan adituak diren hiru kazetariek, beren lanbidearen nondik norakoak azalduko dituzte, gero eta jarraitzaile gehiago baitituzte medioetan.
13:00etan, lehen jarduera izango dugu egun dagoen fenomeno global handienaren inguruan. Game of Thrones. Amaia Garcíak, Gaizka Izagirrek, Adriana Izquierdok eta Mikel Sánchezek aztertuko dituzte, batetik, arrakasta horren zergatiak eta, bestetik, ekoizpen horrek telesailen industrian duen eta etorkizunean ere izango duen eragin ikaragarria.
Larunbat arratsaldean, programa bikoitza izango dugu Tabakalerako Z aretoan. 17:30ean, Lorenzo Mejinok Sucess telesailaren lehen kapitulua aurkeztuko du. Telesail hori HBO Europaren azken ekoizpenetako bat da. 19:00etan, berriz, Arturo González-Campos Todopoderosos-en eta Aquí hay dragones-en sortzaileetako batek «AXN Emakumeak akzioan» mahai-ingurua gidatuko da, eta bertan izango dira Raquel Martos eta Elena Neira. Eztabaidagai izango dute emakumezko pertsonaiek egungo fikzioan duten gero eta garrantzi handiagoa.
Crossover 20:30ean itxiko da Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan, jarduera honekin: «Hiru familia tronu baterako». Bertan hiru seriefilo-bikote borrokatuko dira. Izan ere, bakoitzak defendatu beharko ditu Burdinazko Tronua nahi duten leinuen aukerak (Lennister, Targaryen eta Stark).
Jaialdiko jarduera guztiak doan dira, #Eztabai afaria izan ezik. Horretan, aurretik izena eman behar da. Bestalde, Vida perfectaren estreinaldirako, gonbidapena beharko da ikusle kopurua edukierara egokitzeko. Gonbidapen horiek doan eskuratu ahal izango dira jaialdiaren webean.
«Crossoverrek izan nahi du KM berriaren mugarrietako bat, formatu berriekin eta ikusle berriekin. Crossoverrekin telesailen fenomenoa aztertu nahi dugu ikuspegi ez otzan batekin, alderdi eta ikuspegi desberdinei helduz», azaldu du Patxi Presa KMko zuzendariak.
2096