Breadcrumb

Asset Publisher

Back Deba eta Mutriku arteko errepidea asteartean zabalduko dute

Deba eta Mutriku arteko errepidea asteartean zabalduko dute

Lanak 2020ko urtarrilaren bukaeran amaitzea aurreikusten da.

2019/09/02

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak Gipuzkoako Foru Aldundia Deba eta Mutriku artean GI-638 errepidean egiten ari den lanak bisitatu ditu eta bihartik aurrera, irailaren 3an, bi noranzkoetan trafikoa irekiko dela iragarri du. "Zati hau itxita egon den lau hilabeteetan, batez ere, Ipitxarriko bihurgunean eta Alkoleako tunel berrian lanean aritu gara. Plataformaren zabalgunea eta oinezkoen pasealekuko egitura ere ia bukatuta daude zati nagusian", esan du Oiarbide diputatuak, eta obren martxa ona azpimarratu du. "Ipitxarriko kurbaren lur-erauzketa 7 kotara jaitsi da, proiektuan 21 kotan egotea aurreikusita zegoenean. Hau da, desmonte horren exekuzioan aurreratuta gaude".

Astearte honetatik aurrera, orain arte Mutrikura GI-3230 errepidetik sartu behar zuten ibilgailuek berriro ere kostako errepidea erabili ahal izango dute. Hala ere, Bide Azpiegituretako diputatuak gogorarazi duenez, kostako errepidearen zati hori obretan jarraituko du. "Ezin dugu ahaztu proiektua amaitu arte, beste bost hilabetez, lanek etenik gabe jarraituko dutela eta errei baten mozketak egin beharko direla". "Egin beharreko lanik garrantzitsuenak honako hauek dira: Alkoleako tunela gauzatzea, garbiguneko hormaren egonkortzea eta puntu horretan oinezkoentzako plataforma eta pasealekua zabaltzea, Ondarbeltz horman hegalkina egitea eta ingurumena lehengoratzea", gaineratu du Oiarbidek. Lanak otsailean hasi ziren, 10 milioi euroko aurrekontuarekin, eta, horren helburua, GI-638 errepidearen segurtasun-baldintzak hobetzea da, bide horretan aldian-aldian gertatzen diren luizi arazo guztiak konpontzeko.

Amaitzeko Aintzane Oiarbidek azpimarratu du mutrikuarrek lanak bukatzean orain dituzten zailtasunak konpentsatuko dituztela. "Trafiko handiko errepidea da, 6.000 ibilgailuren eguneko batez besteko intentsitatea duena, eta bi udalerri horiek lotzen dituen errepide bakarra da. Bide-segurtasunean eta konektibitatean izango dituzten hobekuntzez gain oinezkoen ibilbidearekin herri horietako bizilagunek gure kostaldeko paisaiaz gozatu ahal izango dute modu osasungarrian ".

GI-638 errepidea trafikora zabaltzea goizean egingo da zirkulazioaren noranzkoa kontuan hartuz; 10:00ak aldera Mutrikuko noranzkoan irekiko da, eta 11: 00etan Debarako noranzkoan. GI-3230 errepidean, Kalbarioko gainetik, ibilgailuak eta bizikletak igarotzeko murrizketak eta gehienezko pisu-mugak irailaren 4an kenduko dira.

  

1777