Amalur jardunaldien hamazazpigarren edizioa, martxoaren 2tik 31ra
Amalur jardunaldien hamazazpigarren edizioa, martxoaren 2tik 31ra
Jordi Esteva, Xavier Aldekoa, Amets Arzallus eta Beatriz Montañezen hitzaldiez gain, prestakuntza jardunaldi bat ere izango da, gazteek kontzientzia kritikoagoa izan dezaten, eta Afrikaren erronkari buruzko mintegi bat.
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, Patxi Amantegi Tolosako Udaleko Ingurumeneko zinegotziak, Ane Garate CITeko ordezkariak eta Alberto Luengo Amalur Jardunaldien sortzaile eta sustatzaileak Amalur Jardunaldien hamazazpigarren edizioa aurkeztu dute gaur goizean Tolosako TOPICean.
Martxoaren 2tik 31ra, 7 hitzaldi eskainiko dira Beatriz Montañez, Amets Arzallus, Jordi Esteva, Patricia Almarcegui, Xavier Aldekoa, Asier Hilario eta Gabi Martínezen eskutik; eta Xavier Aldekoak «Afrika. Etorkizuneko kontinentea kontatzeko erronka» izeneko mintegia emango du. Halaber, irailean, prestakuntza jardunaldi bat egingo da, gazteenek kontzientzia kritikoagoa gara dezaten aldaketa globalaren aurrean.
Asensio Ingurumen diputatuak jardunaldi horien balioa nabarmendu du: «Balio iturri bat dira». «Alberto Luengok, Amalur jardunaldien bidez, egiazko bihurtzen ditu gaur egun Europako agendaren erdigunean dauden trantsizio ekologikoaren balioak eta ideiak, hala nola klima aldaketaren erronkak, biodibertsitatearen krisia, ekosistemen oreka eta garapen jasangarriaren sustapena, gizartearen ongizatearen oinarri gisa».
Patxi Amatengi Tolosako Udaleko Ingurumeneko zinegotziak nabarmendu duenez, «CIT eta Alberto Luengoren lanari esker, tolosarrok aurten ere kalitate eta gaurkotasun handiko jardunaldiez gozatu ahal izango dugu. Aisialdia eta prestakuntza uztartzen dituzten jardunaldiak dira, eta tolosarrok asko estimatzen ditugu, izan ere, hizlarien maila altua da; klima-aldaketa eta jasangarritasuna bezalako erronka garrantzitsuei buruzko hausnarketa, ikaskuntza eta kontzientzia hartzen laguntzen gaituzten adituak».
Azkenik, Amalur jardunaldien sortzaile Alberto Luengok adierazi duenez, «aurten ere Tolosa eta Amalur (17. edizioan) erreferentzia dira jasangarritasunaren kulturaren esparruan. Biodibertsitatea, geodibertsitatea, bidaiei eta naturari buruzko literatura (liternatura) eta klima-aldaketaren aurkako borroka, besteak beste, gai horietako adituak izango dituzten jardunaldietan izango dira. Hori guztia helburu nagusi batekin: kontzientzia kritikoa eraikitzen jarraitzea kalitatezko informazioaren bidez, bizi dugun garaiaren araberako ingurumen-postulatuetarako trantsizioa ahalbidetuko duena».
2750