Gipuzkoako Foru Aldundiaren adierazpena
Gipuzkoako Foru Aldundiaren adierazpena
Donostian, 2023ko abuztuaren 31n.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, erakunde adierazpen honen bitartez, Legorretan izandako sexu jazarpen kasua gogorki salatu eta arbuiatu nahi du. Foru erakundeak, aldi berean, elkartasun osoa eta babesa adierazi nahi dio jazarpen kasu hori jasan duen emakumeari, nahiz haren gertuko lagun eta senitartekoei.
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Gipuzkoako protokolo instituzionalari jarraituz, Foru Aldundiak bat egiten du Legorretako Udalak gaur aho batez kaleratu zuen adierazpenekin. Kasu honetan ere gizon eta emakumeen berdintasunaren aldarrian jartzen dugu azpimarra, halako kasuen oinarri-oinarrian gizon eta emakumeen berdintasun eza baitago, emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak. Horregatik, Foru Aldundiak berdintasunaren aldeko politika publikoak garatzen jarraitzeko duen konpromiso irmoa berresten du.
Emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak dira. Eskubide horien aurkako ekintzak erabat onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean. Emakume guztiek beren bizitzako alor guztiak askatasun osoz bizitzeko eskubidea dute, eta, horregatik, indarkeria sexistarik gabeko kale, auzo, udalerri eta hiriak nahi ditugu.
Nerea Isasi Bedayo Berdintasunerako foru zuzendariak bihar, irailak 1, 19:00etan Legorretako plazan egingo den elkarretaratzean parte hartuko du. Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrei dei egin nahi die parte hartzera eta, une oro, indarkeria matxistaren aurkako jarrera aktiboa izatera.
1744