Breadcrumb

Asset Publisher

Back Desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat eguneko programak eta jarduerak eskaintzeko kontratua onartu da Goyeneche Fundazioarekin

Desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat eguneko programak eta jarduerak eskaintzeko kontratua onartu da Goyeneche Fundazioarekin

Lankidetza indartuko da, Bergarako Garagune berriarekin eta zerbitzu egun gehiago eskainiz udan

Diputatuen Kontseiluak onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuaren eta Goyeneche Fundazioaren artean sinatzekoa den programa-kontratua, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat eguneko programak eta jarduerak eskaintzeko eta Pausoak programa gauzatzeko. Fundazioaren alde 2.557.444,63 euroko gastua xedatuko da, 2019. urtean programa-kontratu horretatik eratorritako betebehar ekonomikoei aurre egiteko.  Kontratuak urtebeteko hasierako indarraldia izango du eta, urtez urte luzatu ahal izango da beste hiru urtez.

Erabaki hori hartu da Foru Aldundiak pertsona desgaituen zaintzaren sektorean lan egiten duten entitate desberdinekin burutzen duen lankidetzaren barruan. Fundazio honen kasuan, eguneko jarduerak eskaintzen dira Gipuzkoako eskualde desberdinetan kokatuta dauden eguneko arreta zentroen sarearen bidez (13 zentro), eta programak, berriz, Donostiako Zabalegi finkan garatzen den Pausoak programaren bidez. Programak helburu okupazionala du eta baserri giroko jarduerak garatzen dira natura ingurunean, parte hartzaile guztiek gizarteratze mailarik handiena eta lanean nahiz arlo pertsonalean garapenik handiena lor dezaten, beren interesen eta banakako gaitasunen arabera.

Aurten indartu egingo da lankidetza hori eta Garagune berri bat irekiko da Bergaran, horrela 8 plaza gehiago izango dira eta zerbitzu egun gehiago eskaini ahal izango dira udan. Urtero Garagune berri bat gehitzen da, abuztuan ere 15 egunez irekita egoten dena. Aurten, Donostiakoaz eta Ibarrakoaz gain, Irungoa ere irekiko da. Hori guztia aurrekontuan jasota dago.  Imanol Lasa foru bozeramaileak hirugarren sektorearen garrantzia azpimarratu du. “Erakundeoi dagokigu entitate horiek babestea eta laguntzea, batez ere Gipuzkoa bezain garatua den gizarte eredu batean. Partekatutako lana eta hirugarren sektoreari, bere esperientzia eta ezagutzarekin, ematen zaion laguntza, gure lurraldearen indargune eta ezaugarri nagusiak dira, eta guztion artean zaindu behar ditugu”.

Hurbildu Programa

Diputatuen Kontseiluak, era berean, onartu du “Hurbildu” programa kudeatzeko Gizarte Politikako Departamentuari laguntza teknikoa emateko kontratazio espedientea. Programa horren helburua da haur eta nerabeen gaietan Gizarte Zerbitzuen Sistema koordinatzea.  Kontratuak, hasiera batean, 24 hilabeteko indarraldia izango du, gehienez ere 48 hilabetera arte luzatu ahal izango dena, eta bere aurrekontua 291.941,76 euro da.

Hurbildu programari dagokionez, haurren eta nerabeen arloan gizarte zerbitzuen sistema hobeto koordinatzeko aholkularitza teknikoak, hasteko, aitortu egiten du Gipuzkoako udalerri gehienek egin duten ibilbidea, gizarte- eta hezkuntza-arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzua abian jartzeko eta/edo hobetzeko, funtsean familian edo ingurune irekian gizarte-hezkuntzazko esku hartzeak egiteko ereduetatik abiatuta (kale heziketa). 

Programaren helburua da “babes gabezia larriko egoerak” gutxitzea, udalekin batera erreferentziazko eredu bat zehaztuz eta ezarriz zerbitzu hori garatzeko. Horretarako, hainbat estrategia txertatuko dira lehen mailako eta bigarren mailako arretan jarraitutasuneko esku hartze ibilbideak, pertsona ardatz dutenak eta koherenteak direnak, bermatzeko; udal mailatik haurren babes gabeziako eta bazterketa arriskuko egoerak prebenitzeko mekanismoak sustatuko dira; garapen komunitarioa eta pertsonen, baliabideen eta zerbitzuen arteko elkarreragina eta sareen eraketa bultzatuko da; eta dinamizazioan, prestakuntzan eta koordinazioan sakonduko da: esperientzien transferentzia, beharren diagnostikoa…

Soldata igoera

Bukatzeko, Diputatuen Kontseiluak oniritzia eman die Gipuzkoako Foru Aldundiko langileen ordainsariei, eta 2018ko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariekiko % 2,25eko igoera onartu du 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin. Estatuko legeak baimentzen duen gehieneko igoera da, bertan xedatzen baita sektore publikoko langileen ordainsariak ez direla globalki % 2,25 baino gehiago igoko, 2018ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean. Horrez gain, lege horren arabera, 2018an Barne Produktu Gordinaren hazkundeak % 2,5 gaindituko balu (prezioak aldatu gabe), soldata igoeraren % 0,25 gehituko litzateke 2019ko uztailaren 1etik aurrera; eta eransten du hazkunde hori % 2,5etik beherakoa izenez gero, soldata igoera ere proportzio berean gutxituko dela.

  

1718