Breadcrumb

Asset Publisher

Back Kultura, arte eta ondare eskaintza guztia hartzen duen GipuzkoaKultura.eus jarri du abian Aldundiak

Kultura, arte eta ondare eskaintza guztia hartzen duen GipuzkoaKultura.eus jarri du abian Aldundiak

Helburua da gure edukiak zabaltzeko modua modernizatzea eta arintzea

2018/11/30

Itxaso: «Helburua da gure edukiak zabaltzeko modua modernizatzea eta arintzea, erabilera eta teknologia berrietara egokitzeko,  jakin-mina pizteko eta partaidetza sustatzeko».

Espazio berri horrek 100 web orri berri baino gehiago integratzen ditu eta ikus-entzunezko edukiak dira nagusi.

Denis Itxaso Kultura diputatuak, kultura alorreko zuzendaritza taldearekin batera, Gipuzkoa Kulturako edukien ingurune digital berria aurkeztu du Departamentuarekin elkarlanean aritzen diren eragileen aurrean. Bere erantzukizuneko kultura eduki guztiak ingurune digital batean integratzeko Departamentuak azken bi urteetan egin duen lanaren emaitza azaldu du Itxasok. Estrategia honen bitartez, kulturari lotutako programak eta proiektuak hobetu eta zabaldu nahi dira, eduki interesgarri guztiak web bakar batean bateratzeko, betiere diseinu, nabigagarritasun eta irisgarritasun hobea erabilita.

«Sare sozialen eta gailu mugikorren erabileraren eraginez, sustraitik aldatzen ari dira herritarren bizitza eta ohiturak, eta erakundeek ezin dute eszenatoki horretatik kanpo gelditu. Gure helburua da herritarrekin komunikatzen garen modua modernizatzea eta arintzea, gure kanalak eta estrategiak erabilera eta teknologia berrietara egokituta», adierazi du Itxasok.

Azken urteetan, kultura edukiko web ugari sortu dira. Aldundiak web orri bakar batean bateratu nahi izan ditu aldez aurretik aztertu dituen 101 orrialdeak. Zehazki, gipuzkoakultura.eus da web berri hori.

Agenda kulturala

Web berriaren alderdi nagusienetako bat Gipuzkoako agenda kulturala izango da eta, horretarako, foru arduradunek lankidetza eskatu diete Gipuzkoako kultura eragileei, web berriaren bitartez beraien lana ezagutzera eman diezaieten gipuzkoar guztiei.  Web orri bat ezin da eduki estatiko bat izan, baizik eta interakzioa eta partaidetza errazteko tresna izan behar da; horregatik, Aldundiak lankidetza eskatzen die kultura eragile guztiei, orri hori etengabe eguneratu dadin.

Programa desberdinak

Garrantzitsuak izango dira ere Aldundiak sustatutako beste programa batzuk, eta aipatzekoa da Canal Europa: Katapulta Tour Gipuzkoa, Kultur Dealers, Eztabai eta Crossover Series Festival. Programa horietako batzuk digitalak dira nagusiki (Canal Europa), eta beste batzuk nabarmen zabalduko dira; ondorioz, Gipuzkoako sortzaileen eta beraien proiektuen ikusgarritasuna gehitu egingo da.

Nolanahi ere, kontuan hartu behar tresna berri hori bitarteko baliagarria dela beste proiektu batzuentzako ere, hauentzako besteak beste:  K.Bulegoa proiektua -orain urtebete inauguratu zen kultura bitartekaritzarako bulegoa-, eta Dantzagune proiektua, dantza ikasteko eta sortzeko prozesuak bultzatzeko Kultura Departamentuak sustatu duen zerbitzua.

Multimedia alderdiak toki garrantzitsua izango du, ikus-entzunezko produktu mota guztiak jasotzeko edukiontzi bat izango baita.

Ondarea

Web berriak ondare historiko-artistiko, arkitektoniko eta arkeologikoaren alorrari bideratutako leiho bat izango du, lehen aldiz sarrera espezifiko batekin; izan ere, horrela, herritarrek Aldundiak eskaintzen dituen zerbitzuak gertutik ezagutzeko aukera izango dute, eta baita ere zer nolako jardunaldi, argitalpen, programa, ikastaro, eta proiektu garrantzitsu sortzen diren.

Funtsen digitalizazioa

Bestalde, azken urteetan ahalegin berezia egin da Departamentuko funtsak digitalizatzen jarraitzeko, bai KM-koak eta baita foru artxibo desberdinetakoak ere, eskuragarri izan daitezen eta ezagutza handi hori sozializatu ahal izateko.  Testuinguru horretan azpimarratu behar dugu Gipuzkoako Artxibo Ataria proiektua (http://artxiboataria.gipuzkoa.eus)

Atari horrek kontsulta puntu bakar batean elkartzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko artxibo historikoetan, Gipuzkoako Artxibo Orokorrean (AGG-GAO), eta Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoan (AHPG-GPAH) gordetzen diren, eta laister Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialean gordeko diren dokumentuak identifikatuko dituzten erregistro deskribatzaileak, euskaraz eta gaztelaniaz; aldi berean, dokumentuen irudi asko jasotzen dira.  Gaur egun, atari horretan kontsulta daitezkeen dokumentuen desbribapenak eta irudien kopurua  1.930.000 ingurukoa da.

Atariaren edukia handitzen ari da etengabe, eta horri esker, nabarmen gehitu dira modu deslokalizatuan egiten diren kontsultak, eta, aldi berean, hobetu egin da  kontsulta presentzialen kudeaketa. Atari horren bidez, Foru Aldundiko artxibo historikoak irekita daude hogeita lau ordutan.

Google Arts

Testuinguru horretan azpimarratu behar dira, alde batetik, Gordailuaren web berria eta, bestetik, Google Arts plataformarekin lortutako akordioa, zeinari esker bereizmen handian ikus daitezkeen, maiatzaz geroztik, Aldundiak, San Telmo Museoak, Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuek Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan gordeta dituzten obrak eta objektuak.

Gainera, obra batzuk digitalizatuak izan dira Art Camera-ren bitartez, margoen irudiak ahalik eta bereizmen handienarekin harrapatzeko eta, horrela, gizakiarentzako antzemanezinak diren pintzelkadak edo erliebeak xehetasunez ikusteko.

Untzi Museoa

Untzi Museoak, bestalde, aplikazio bat garatu du «Second Canvas» proiektuaren barruan eta, aplikazio horri esker, bereizmen handiko hamaika margolan kontsultatu ahal izango dira mugikorraren bidez; urtearen amaieran argitaratuko da.

Sare sozialak

Web orri berriez gain, Aldundiak komunikazioa eta informazioa sustatzen ditu bere sare sozialen bitartez.  «Lurraldearen eraldaketari lotutako sare sozialak sustatu eta dinamizatu nahi ditugu, denon artean proiektu baliagarriak sortzeko, konektatzeko eta sustatzeko gai den lurralde bat sortzen laguntze aldera».

Lan horri esker, gaur egun 12.000 jarraitzaile baino gehiago ditugu Facebook-en (1000 baino gutxiago zeuden lehen).

Urte honetan zehar, sare desberdinen bitartez, milioi erdi pertsona baino gehiagorengana iritsi gara, eta bideo desberdinen 349.000 erreprodukzio inguru egon dira. Horrela, 122.000 pertsona baino gehiagok ikusi zuten Hermione ontziaren iritsiera, Canal Europa programaren barruan James Rhodes-ekin izandako elkarrizketa 21.000 pertsonengana iritsi zen, edo Dantza Egunaren bideoa 85.000 aldiz erreproduzitu zen, 1.100 aldiz konpartituta.

Gaur egun, zuzenean emititzeko gune bat sortzeko ahaleginetan ari gara, intereseko ekitaldi jakin batzuk zuzenean eman ahal izateko plataforma desberdinetan (FBLive adibidez), edo web orri propioan.

  

1466