DIPCk emakume ikertzaileen ibilbidea sustatuko du, Aldundiaren laguntzarekin
DIPCk emakume ikertzaileen ibilbidea sustatuko du, Aldundiaren laguntzarekin
Markel Olanok eta Pedro Miguel Etxenikek bi erakundeen arteko 2021rako lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) 2021erako lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur. Hitzarmen horren bidez, foru erakundeak 500.000 eurorekin babestuko du zentroaren jarduera. Aldundiak Fundazioko kide gisa egin ohi duen 330.000 euroko ekarpenaz gain, 170.000 bideratuko dira DIPC 'Emakumea eta Zientzia' programara. Programa horren helburua da emakumeek bikaintasun zientzian duten presentzia sustatzea, eta aldi berean DIPCren kalitate zientifikoa eta Aldundiaren helburua ere uztartzea: genero berdintasuna lortzea esparru guztietan, bereziki, desberdintasun hori nabarmenagoa den eremuetan. Horretarako, laguntza emango da emakumeak taldeko lider postuetan sar daitezen, emakumeak buru dituzten ikerketa taldeak gara eta hazi daitezen, eta emakumeek koordinatutako proiektuak eta jarduerak gauza daitezen.
Akordioa Markel Olano diputatu nagusiak eta Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidenteak sinatu dute gaur Etorkizuna Eraikiz Gunean egindako lan bileran. Bilera horretan, hainbat gairekin lotutako estrategiak partekatu dituzte, hala nola, ikertzaileen talentua erakartzea, Gipuzkoako I+G+b ekosistemari laguntzeko mekanismoak garatzea edo bokazio zientifiko-teknologikoetako genero arrakala murriztea. Olano eta Etxenikerekin batera, honako hauek ere parte hartu dute lan bileran: Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak, Berrikuntzako zuzendari Jon Gurrutxagak, Berdintasuneko zuzendari Miren Elgarrestak, DIPCko zuzendari Ricardo Díezek eta Aran Garcia-Lekue zentroko Ikerbasque ikertzaileak.
'Emakumea eta Zientzia' programak iaz ekin zion bere ibilbideari, eta aurten doktoretza ondoko maila aurreratuko ikertzaileen kontratazioan eragingo du; oraindik lanpostu iraunkor bat lortzeko behar besteko heldutasun zientifikora iritsi ez dutenengan, hain zuzen. Izan ere, datuek erakusten dutenez, ikertzaileen ehuneko handi batek uko egiten dio mundu akademikoari ikerketa-karreraren une horretan. Helburua errealitate horri erantzutea da, emakume ikertzaileei beren karrera zientifikoarekin jarraitzeko bultzada emanez, hiru urtez egonkortasuna emanez eta nazioartean garrantzia duten ikerketa-taldeen buru izateko aukera izateko behar beste tresna eskainiz. Horrela, gainera, helburu hori lortu ahala, ikertzaile berriak sartu ahal izango dira programan.
Halaber, laguntza emango da emakumeek zuzentzen dituzten laborategietarako edo ikerketa unitateetarako ekipamendua edo azpiegitura erosteko, ikerketa proiektuak gauzatzeko eta horien emaitzak zabaltzeko, eta emakumeek zientzia arloan parte hartzea sustatzea xede duten bestelako ekintzak garatzeko.
Markel Olanok garrantzia eman dio DIPCk erronka honekin duen «konpromisoari» eta «sentsibilitateari»: «Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eremu guztietan bermatzea, batez ere ikerketa gisako arlo garrantzitsu batean, funtsezkoa da gizarte justuagoa, orekatuagoa, kohesionatuagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko». Nabarmendu duenez, piramidearen gailurrera bideratutako ekintzez gain, beharrezkoa da oinarritik lan egitea, ikasketa teknikoak eta zientifikoak indartuz eta horietan emakumeak txertatuz, genero desoreka nabarmena baitago. Justizia kontu bat da, baina baita talentu hori guztia ez galtzea ere». Horrela, Euskadi mailan, STEAM adarrak aukeratzen dituzten emakumezko ikasleak % 9 dira LHn eta % 31 unibertsitatean; eta profil horietako lanpostu eskariaren joera, berriz, erabat kontrakoa izan da: azken bi urtetan, % 56 hazi da LHn eta % 25 unibertsitateetan. Era berean, aurreikuspenen arabera, etorkizuneko lanpostuen % 80k STEAM gaitasunak beharko ditu.
Horregatik, diputatu nagusiak iragarri du gaitasun horiek bultzatzea izango dela Aldundiak laster abiaraziko duen talentuari eta ikaskuntzari laguntzeko programaren «oinarrizko ildoetako» bat, eta 2,72 milioi euroko zuzkidura izango duela programa horrek. Gainera, «sentsibilizazioan» lanean jarraitzearen aldeko apustua egin du, «genero estereotipoak desagerrarazteko, zientzian eta ikerketan erreferente diren emakumeak ikusarazten laguntzeko, kristalezko sabaiak kentzeko eta kontziliazio erantzunkidean sakontzeko». Azkenik, iragarri du Aldundiak laster aurkeztuko dituela Fellows goi mailako talentu ikertzailea erakartzeko eta atxikitzeko programako ikertzaile berriak. DIPC «aitzindaria» izan zen programa horren sorreran, Foru Aldundiarekin batera, 2000. urtean.
Hain zuzen ere, hitzarmena sinatu aurreko bileran Aran Garcia-Lekue DIPCko ikertzaileak parte hartu du, Fellows Gipuzkoa programan parte hartutakoa, eta horren arrakastaren erakusle dena. Garcia-Lekuek adierazi duenez, ekimenak "aukera eman zidan etxera itzultzeko, bikaintasunezko ingurune zientifiko batean lan egitera, baliabide egokiekin eta beharrezko askatasunarekin. Horrek guztiak, eta kontratu luze samarra izateak, proiektu pertsonalagoei ekitea eta nire ibilbide zientifikoa egonkortzea ahalbidetu zidan, une erabakigarri batean".
Bestalde, Pedro Miguel Etxenikek adierazi duenez, "DIPCn, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzeko konpromisoa hartzeaz gain, erakunde zientifiko gisa, gure ardura da esparru horretara ere eramatea erronka. Iaz jarri genuen abian zentroko Berdintasun Plana, zientzian dauden genero-desberdintasunak hausteko, emakume zientzialariei dagokien ikusgarritasuna emanez eta, horrela, emakumezko erreferenteak bultzatuz, emakume gazteen artean bokazio zientifikoak sustatzeko. Diputatu nagusiak zioen bezala, ezin dugu talentu hori guztia galdu, zientziak horren beharra izango baitu etorkizuneko erronka handiei aurre egiteko ".
Etxenikek erakundeen laguntza irmo eta jarraituaren garrantzia azpimarratu du: "Egungo osasun krisiak agerian utzi ditu zientziaren epe luzerako finantzaketa egonkor baten beharra eta onurak, arreta berezia jarriz funtsezko ikerkuntzan. Gaur egun, zientzia da, bere zalantza guztiekin, etorkizunerako itxaropen handia". Ildo horretan, eskerrak eman nahi izan dizkio Aldundiari "DIPCrekiko agertutako konpromisoagatik eta emandako laguntzagatik, eta lurraldeko zientzia eta ikerketa ekosistema bultzatu eta zaintzeko irtenbide berritzaile eta originalak eskaintzeagatik".
Donostia International Physics Center
DIPC Eusko Jaurlaritzak Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerketa Zentro (BERC) gisa egiaztatutako nazioarteko ikerketa-zentroa da. BERC zentroak ezagutza sortzeko egiturak dira, Euskal Autonomia Erkidegorako interes zientifikoa duten esparruetan, unibertsitate-inguruneari lotuta, eta ikerketa-bikaintasuna dute ezaugarri. Estatu mailan, Severo Ochoa Bikaintasun Zentro bezala aitortua dago.
DIPCk nazioarteko lehen mailako ikerkuntza-jarduera bizia du. Horren adibide da 2020an 400 argitalpen zientifiko baino gehiago egin izana; urte horretan bertan 20.800 aipamen baino gehiago jaso izana; Europako Horizon esparru-programa lehiakorren barruan abian jarritako 11 proiektuak; eta nazioarteko lankidetza eta bisitari ugariak, guztira 38 herrialdetako ia 400 ikertzaileko komunitatea osatzen dutenak. Gainera, DIPCk zientzia zabaltzeko lan handia egiten du, Passion for Knowledge edo Zinema eta Zientzia zikloaren moduko ekitaldien bidez, zientzia eta ikerketa gizartera hurbiltzen dituztenak. Era berean, DIPCk Emakumeak Zientzian ekimenaren antolaketan parte hartzen du. Ekimen horrek gure inguruko emakume ikertzaileek egiten duten lana ikusarazten du.
2183