Aldundiak eredu berria bultzatuko du Gipuzkoako adinekoen 30 egoitzatan
Aldundiak eredu berria bultzatuko du Gipuzkoako adinekoen 30 egoitzatan
Aldaketa arkitektonikoa gauzatzen ari da jada egoitzetan, eta datozen urteetan 8 berri eraikiko dira. Diru-laguntza deialdi berri baten bidez, Aldundiak 12 milioi euro gehiago inbertituko ditu gizarte zentro gehiago egokitzeko.
Markel Olano diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua
Egoitza ereduaren trantsizioa errealitatea da Gipuzkoan. Sektore osoaren lan “nekaezinari” esker, adineko pertsonentzako arreta eta zainketa ereduaren eraldaketa agerikoa da jada lurraldeko egoitza zentroetan. Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuarekin eta Aintzane Uriguen Zorroaga egoitzako zuzendariarekin batera, gaur goizean Donostiako Zorroaga egoitzan egindako adierazpenetan iragarri duenez, “ez da gauetik goizera eman daitekeen aldaketa bat, prozesuan murgilduta gaude eta atzera bueltarik ez duen aldaketa bat bultzatzen ari gara”. “Gipuzkoa aitzindaria dela erakusten ari da, eta lurralde osoa zaintza-eredu berriaren abangoardian dago, egiturazko aldaketa bati esker. Aldaketa horrek atzean utzi du jada fase esperimentala”, gaineratu du diputatu nagusiak.
Epe ertain eta luzerako ikuspegiarekin, 30 egoitza zentrotan sustatuko dira plazak birmoldatzeko, sortzeko eta egokitzeko proiektuak; bai sareko egoitzetan, bai zentro berrietan. Datozen urteetarako 19 zentrotan egokitzapen obrak egitea aurreikusten da. Gaur egun 3 zentro berri daude eraikitze prozesuan, 3 obren kontratazio fasean daude eta, 2030era begira, beste 5 egoitza sortzea aurreikusten da.
Gipuzkoa murgilduta dago adineko pertsonentzako arreta eta zainketa ereduaren eraldaketan eta, apustu hori lurralde osora hedatu eta etorkizuneko zainketetaranzko trantsizioa gauzatzeko, 34 milioi euro bideratuko ditu helburu horretara bi urtetan: 20 milioi euro Aldundiak iaz jaso zituen COVID-19 funtsetatik, 10 milioi euro gehiago Next Generation funts europarretatik, eta 4 milioi euro gehiago Gizarte Politiketako aurrekontutik, egoitza zentroak egokitzeko.
Horrez gain, Gipuzkoako gizarte zentroetan inbertsioak sustatzeko laguntza lerro bat aktibatuko du Aldundiak datozen asteetan. Guztira 12 milioi euroko zenbatekoa izango du, eta lagunduko du lurraldeko gizarte zentro berriak eta lehendik daudenak (direla udaletakoak, direla beste erakunde batzuetakoak) sortzen, zabaltzen, berritzen edo egokitzen. Gainera, hirugarren sektore sozialeko erakundeen egoitzetan inbertsioa bultzatzeko lerro zehatz bat ere izango du.
Olanok azaldu duenez, diru-laguntzen deialdi hori “beste bultzada bat” izango da lurraldeko egoitzak pixkanaka zaintza eredu berrira egokitzeko. “Finantzaketa lerro oso bat, Gipuzkoa zainketen abangoardian jarriko duen jauzia emateko balio duena; izan ere, ahalbidetzen du adinekoen zentroetan esku-hartzeak ugaritzea eta egoitza eredu berria eskualde guztietara hedatzea”.
Diputatu nagusiak gogorarazi du inbertsioan egindako jauzi hori “erabakigarria” dela Gipuzkoa orain dela 7 urte baino gehiagotik lantzen ari den eraldaketa gauzatzeko. Azaldu duenez, “aldaketa hori, pandemiaren ondorioz bizkortu dena eta gure egoitzetan gauzatzen ari dena, azken urteotan Gizarte Politiketako departamentuak eta erakunde eta pertsona askok egindako lanaren emaitza da. Hori posible da soilik punta-puntakoa eta aitzindaria den gizarte politiken eredu bat dugulako, hirugarren sektore sozialarekiko lankidetzan oinarritua”.
Obrak, proiektuak eta aurreikuspenak
Maite Peña diputatuak, bestalde, azaldu du, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren, Gipuzkoa 2020>2030 Agendaren eta Liburu Berdearen esparruan, zainketa eredu berri horretarako trantsizioa gauzatzea Aldundiaren “erabateko lehentasuna” dela, eta lurralde osora iritsiko den “aldaketa sistemikoa bultzatzea” duela helburu. Horretarako, dagoeneko abian da ibilbide orri zehatz bat, egoitzak bizikidetza-unitate txikietan oinarritutako zentro bihurtzen lagunduko duena, arreta pertsonalizatu eta berritzailea eta komunitatearekiko lotura sendoa eskainiz. “Helburua da gure egoitza sarea pixkanaka egokitzea”, azpimarratu du Peñak.
Zentroak birmoldatzeko eta egokitzeko proiektuen artean, nabarmentzekoak dira dagoeneko abian dauden proiektuak, hala nola Iurreamendi (Tolosa), Iturbide (Arrasate), San Martin (Oñati), Atsobakar (Lasarte), San Jose (Azkoitia), Txara I (Donostia), Zorroaga (Donostia), Egogain (Eibar), San Juan (Zestoa) eta Santa Ana (Zarautz) egoitzetakoak. Espazio fisikoak hobetzeko eta birmoldatzeko helburuarekin garatzen ari diren proiektuak, fase desberdinetan banatuta.
Bestalde, datozen hilabeteetan martxan egongo dira jada Usurbilgo zentro berriak, Lugaritzeko (Donostia) laguntza duten etxebizitzak eta Intxaurrondoko (Donostia) zentro berria. Gainera, une honetan hiru egoitza daude obrak kontratatzeko fasean: Adinberri Pasaian, Arbes Irunen eta Elgoibarko egoitza berria. Eta, azkenik, 2030era begira, Gizarte Politiketako departamentuaren aurreikuspenen artean jasotzen da adinekoentzako zentroak eraikiko direla Azpeitian, Ordizian, Zarautzen, Urnietan eta Orion, izan egoitzak edo laguntza duten etxebizitzak.
Peñak gogorarazi duenez, proiektu horiek guztiak eredu berriaren ezaugarriei erantzunez eraikiko dira: 15 pertsona inguruko bizikidetza-unitate txikietan antolatuta, espazio irekiagoak eta komunitateari konektatuagoak izango dituzte, banako logelak, eta ikuspegi berritzailea eta pertsonalizatua, bai espazio fisikoetan, bai arretarekin eta zainketekin lotutako guztian.
Zainketa ereduaren eraldaketa
Horrez gain, Maite Peñak azaldu duenez, Gipuzkoako adinekoen egoitza sarean sustatzen ari den aldaketa sistemikoak ez dio soilik espazio fisikoen egokitzapenari erantzuten; aitzitik, eraldaketa “askoz harago doa”, eta barne hartzen du arretaren eremuarekin, zainketen kalitatearekin, langileen prestakuntzarekin, zentroetan ikuspegi berritzailea txertatzearekin, zainketetan parte hartzearekin eta taldeak eta zereginak antolatzearekin zerikusia duen guztia, besteak beste. “Horiek guztiak, sektore osoarekin lantzen ari garen gaiak dira”, zehaztu du.
“Integraltasunak garrantzi berezia hartzen du egiten ari garen bide honetan guztian”, baieztatu du diputatuak, eta gaineratu du Foru Aldundiaren helburua dela Gipuzkoa zainketen lurralde bihurtzea, pertsonak ardatz dituen eredu batekin eta komunitatearen parte-hartzearekin. Gainera, gogorarazi du, egoitzen birmoldaketarekin batera, etxean arreta emateko estrategia oso bat dagoela: “Adineko 10 pertsonatik 8k etxean bizitzen jarraitu nahi dute; eta etxean ez bada, etxean bezala”; horregatik, diputatuak defendatu du “gure betebeharra dela nahi horri erantzutea”.
Zorroagak egoitza-eraikin bat 4 bizikidetza unitatetan bihurtuko du
Donostiako Zorroaga egoitza da zentroaren zati bat birmoldatzeko obrak egin behar dituzten 19 egoitzetako bat. Zehazki, Ernio eraikina birmoldatzea aurreikusten duen proiektu globalak lau fase ditu. Lehenengo bietako obrak aste honetan bertan hasiko dira, eta obra osoak 18 hilabete inguru iraungo dutela aurreikusi da. Eraikin horretan, gaur egun, adineko autonomoak eta 1. graduko mendekotasuna dutenak artatzen dira. 67 plaza ditu, erdia baino gehiago gela bikoitzetan, eta espazio komunak, non pertsona gehienek topo egiten duten.
“Ziur geunden egoitzako espazioak modu desberdinean antolatu behar genituela, zerbitzu pertsonalizatuagoa eta pertsonengan zentratuagoa eskaintzeko. COVID-19an bizitako esperientziak are nabarmenagoa egin du eraldaketa hori lehenbailehen hasteko premia. Ernio eraikinetik hasiko den aldaketa da, eta jarraipena izatea nahi dugu gure asistentzia-konplexuan”, azaldu du Aintzane Uriguen Zorroaga Fundazioko zuzendariak.
Birmoldaketak tamaina txikiko lau bizikidetza-modulu independente sortzea aurreikusten du, eta horietako bakoitzak jangela eta espazio komun propioak izango ditu. Uriguenek azpimarratu duenez, banakako logelen kopurua “nabarmen handituko da” gela bikoitzen aldean: “Obrak amaitutakoan, logela bikoitz gutxi batzuk izango ditugu norbaitekin bizi nahi dutenentzat, eta 43 banako. Helburua izango da arreta integral pertsonalizatuagoa ematea, etxekoagoa eta ez hain instituzionala, eta egoiliarren arteko bizikidetzan eta elkarreragin sozialean oinarritua”.
Aste honetan eraisteko lanekin hasiko diren obrek 4 fase izango dituzte, 3.000.000 euroko aurrekontuarekin. 2023an ekingo zaie lehenengo biei, eta, horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak milioi bat euroko diru-laguntza eman dio Zorroagari.
4451