Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak eta San Juan de Diosek eguneko zentro bat ireki dute bazterketa egoera larrian dauden pertsonentzat

Aldundiak eta San Juan de Diosek eguneko zentro bat ireki dute bazterketa egoera larrian dauden pertsonentzat

Gaur inauguratu diren instalazioak gizarte, harreman eta osasun mailako narriadura larriak dituzten pertsonentzako arreta integratuko zentro baten parte dira.

Errondo Gure Etxea eguneko zentroaren irekiera ekitaldia.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako San Juan de Dios Ospitaleak Errondo Gure Etxea eguneko zentroa inauguratu dute gaur, bazterketa sozial larrian dauden eta zaintza premia bereziki konplexuak dituzten pertsonentzat. Instalazioak Donostiako ospitalearen eranskin batean daude eta, gaur egun, eguneko zentroko 20 plaza daude erabilgarri. Egunero 28 pertsona ingururi ematen zaie laguntza bertan, esku-hartze komunitarioko lanari esker. Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak komunikabideei egindako adierazpenetan azpimarratu duenez, eguneko zentroa gizarte, harreman eta osasun mailako narriadura larriak dituzten pertsonentzako arreta integratuko zentro baten parten da. Eguneko zentroaz gain, beraz, proiektuak egoera kronifikatuan dauden pertsonentzako eta gaueko harrerarako egoitza-zentro bat izango du ekainean, 24 plazakoa, “nahiz eta gaur egun zerbitzu hori 7 pertsonari ematen ari zaien”.

Esku-hartzearen oinarria arreta pertsonalizatua da, gizarte bazterkeria egoera larrian dauden pertsonei kalitatezko arreta integrala eta jarraitua ziurtatuz, “haien premietara ahalik eta gehien egokitzen diren babesa eta laguntzak eskainiz, horrela bizi-kalitate eta gizarteratze maila handiena lortzeko”. Horretarako, diputatuak nabarmendu du arretaren pertsonalizazioa bera, esku hartzeko prozesuen berrikuntza eta komunitate-lotura direla proiektu honen “funtsa”.

Era berean, gogorarazi du proiektu honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020ko aurrekontu irekien babesa izan zuela eta, lan guztiak amaitzean, 1.767 metro koadro izango dituela guztira, non kokatuko diren eguneko zentroa (24 plaza eta esku-hartze komunitarioko 16 gehiago), egoera kronifikatuan dauden pertsonentzako egoitza (8 plaza) eta gaueko harrera-zentroa (16 plaza), emakumeentzako berariazko modulu batekin. Plaza gehienak banako logeletan kokatuko dira, 18 guztira, eta 6 gela bikoitzetan; guztira, 30 egoitza-plazara iristeko aukera izanez.

Inaugurazioan eta bisitan, proiektu hau sustatzen duten bi erakundeetako ordezkariek parte hartu dute: Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak eta Eider Mendoza Gobernantzako diputatuak, baita Gizarteratze Zerbitzuko zuzendariak eta ataleko teknikariek ere. San Juan de Dios-en aldetik, berriz: anaia Jesús Etayo, San Juan de Dios Ospitale Ordenako nagusi orokorra; anaia Amador Fernández, nagusi probintziala; anaia José María Chávarri, Donostiako San Juan de Dios Ospitaleko nagusia; Juan José Alfonso eta Francisco Muñoz, zentroetako eta III Lurralde Unitateko zuzendaria; eta Elena Urdaneta, ospitaleko zuzendaria. Gainera, zuzendaritza batzordea eta baliabideko erabiltzaileak ere bertan izan dira.

Bestalde, Elena Urdaneta Donostiako eta Arrasateko ospitaleetako gerenteak gaineratu du gaixotasun mentalak dimentsio soziala duela, “eta hori ezin dugu ahaztu”. Kale egoeran dauden pertsonak kalteberatasun handiko egoeretan daude, eta hori larriagotu egiten da osasun mentaleko arazoren bat izanez gero. Fenomeno konplexua da, familia eta gizarte-deserrotzearekin, langabeziarekin, pobrezia larriarekin eta gizarte-narriadurarekin zerikusia duena, eta, horretarako, dauden baliabideek ez dute beti lortzen behar den erantzuna ematea, eta beharrezkoa da arreta eta esku-hartzea modu integralean eta konplexutasuna kontuan hartuz ematea.

Erreferentziako zerbitzua Gipuzkoan

Eguneko zentroa bisitatu aurretik, bi erakundeetako arduradunek adierazi dute Errondo Gure Etxea arreta integratuko zentroa erreferentziazko zerbitzua izango dela Gipuzkoako gizarteratze-sarean, non, gaur egun 18.000 pertsona baino gehiago artatzen diren zerbitzu eta baliabide guztien bidez. “Bizitzen ari garen ziurgabetasun gero eta handiagoko egoeren aurrean, eta desberdintasun sozialen aurka borrokatzen jarraitzeko, gure babes sozialeko sistema indartzen jarraitzen dugu. Gizarte bazterkeriaren arretan aurrera egitearen eta pertsona kalteberenen gizarteratzea sustatuko duten baliabide berriak sortzearen aldeko apustu irmoa egiten dugu”.

Horretarako, zerbitzuen jasangarritasuna eta kalitatea bermatzeaz gain, pertsonen bizi-kalitatean eragin positiboa sortzeko lan egiten da. Maite Peñak adierazi duenez, “funtsezkoa” da zentro berri hori lurraldeko gizarteratze-sare osoarekin integratzea eta koordinatzea, gainerako erakundeek eta gizarteratzearen arloan lan egiten duten erakunde sozialek egiten dituzten ahaleginak eta jarduerak bateratzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta San Juan de Diosek helburu bera dute, eta horren ondorioz sortu da Errondo Gure Etxea. Zentzu horretan, diputatuak Gipuzkoako babes sozialaren eredua defendatu du, Administrazioaren eta irabazi-asmorik gabeko erakundeen arteko “lankidetza publiko-sozialean” oinarrituta dagoena, “gure eredu sozialaren funtsezko eta ezinbesteko aktiboa baita”, ondorioztatu du Peñak. Horren erakusgarri da San Juan de Dios-ekin batera ireki den zentro berri hau, gizarte bazterkeria egoeran dauden pertsonen arretan ezagutza eta esperientzia egiaztatua duen erakundea.

  

3770