Breadcrumb

Asset Publisher

Back Foru Aldundia, Eraikune eta Ascongi elkarrekin arituko dira eraikuntza sektorearen eraldaketa digitalean

Foru Aldundia, Eraikune eta Ascongi elkarrekin arituko dira eraikuntza sektorearen eraldaketa digitalean

30 enpresak parte hartuko duten proiektu pilotu bat garatzeko hitzarmena sinatu dute gaur.

Foru Aldundia, Eraikune eta Ascongi elkarrekin arituko dira eraikuntza sektorearen eraldaketa digitalean

Foru Aldundia, Eraikune eta Ascongi elkarrekin arituko dira eraikuntza sektorearen eraldaketa digitalean


Foru Aldundiak, Eraikunek eta Ascongik lankidetza hitzarmen bat sinatu dute elkarrekin esperientzia pilotu bat garatzeko, nazioartean konektatua egongo dena, Gipuzkoako eraikuntzaren balio katean, sektoreko enpresen eraldaketa digitala bizkortzeko helburuarekin.  Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Jabier Larrañagak, Eraikuneko lehendakari Alberto Marinek eta Ascongiko lehendakari Txema Muñozek gaur sinatu duten akordioaren arabera, Foru Aldundiak 134.960 eta 10.000 euroko ekarpen ekonomikoa egingo die sektoreko bi eragileei, hurrenez hurren, proiektua aurrera ateratzeko. Aurrekontu osoa 294.900 eurokoa izango da.

Helburua da sektoreak arlo horretan duen benetako egoera ezagutzea eta eraldaketa digitalari ekiteko metodo bat probatzea, arrakasta izanez gero eskala handiagoan egin ahal izateko; beraz, lehen jarduera honek 30 enpresa inguru hartuko ditu.  Lehenengo fasean, inkesta bat egingo zaio sektore osoari, eta enpresei galdetuko zaie zer egoeratan dauden digitalizazioari eta negozioen nazioartekotze mailari dagokienez. Jasotako informaziotik abiatuta, proiektuan parte hartuko duten enpresak aukeratuko dira, eta bereziki sektorearen balio katea osatzen duten jarduerak ahalik eta ordezkaritza handiena izan daitezen zainduko da.

Enpresa horiekin diagnostiko sakona egingo da, eta, horretarako, nazioarteko adituen aholkularitza izatea aurreikusten da, sektorearen egoera hobeto ezagutzeko eta sektorearen eraldaketa digitalaren erronkari arrakastaz aurre egin dioten beste herrialde batzuetako esperientzia eskaintzeko. Proiektu pilotuak identifikatuko dira eta horiek ezartzen lagunduko da, jarraipena eginez eta enpresen artean sinergiak sortzen lagunduko duten baterako jarduerak egiteko aukera aztertuz. Azkenik, eraikuntzaren digitalizazioari buruzko jardunbide egokiak trukatzeko nazioarteko proiektu bat definituko da.

Eustaten datuen arabera, eraikuntzaren sektorean 21.185 pertsona ari ziren 2019an Gipuzkoan, hau da, lanean ari den biztanleriaren % 6,5, eta 2020an, barne produktu gordinaren % 5,6 sortu zuen, 1.120 milioi eurotik gorako balio erantsi gordinarekin. Oro har, teknologia intentsitate txikiko sektorea da, eta industria sektorea baino nabarmen txikiagoa da enpresa tamainari dagokionez. Eustaten datuen arabera (2019), Euskadin, enpleguaren % 25,2 bere kargura langilerik ez duten autonomoak dira, % 48,9 1-19 langile bitarteko enpresak dira, eta % 25,85 baino ez dira 20 langile baino gehiago dituzten enpresak.

Larrañagak datu horiek aipatu ditu proiektuaren irismena azaltzeko. “Alde batetik, eraldaketa digitalaren garrantzia dugu, ekonomia indartsu, lehiakor eta aurreratuaren funtsezko elementu gisa, sektore guztietan eragiten duena, baita sektore honetan ere, eta aprobetxatu beharreko aukera berriak sortzen dituena. Bestetik, sektore horrek gure jarduera ekonomikoan eta enpleguan duen garrantzia. Eta, azkenik, eraikuntzako enpresen batez besteko tamaina txikia; horrek are beharrezkoagoa egiten du erakundeen laguntza eraldaketa digitalak dakarren teknologia, antolamendu eta kudeaketa aldaketari ekiteko”. 

Horregatik, positiboki baloratu du hitzarmena, Etorkizuna Eraikiz ereduaren barruan.  “Lankidetza eta esperimentazioa dira gure etorkizuna eraikitzeko eta Gipuzkoako erronkei aurre egiteko zutabeak. Kasu honetan, eraikuntzaren bi eragile eta elkarte nagusien laguntza izan dugu,  ekimen honen diseinuan, garapenean eta ebaluazioan, eta ziur gaude horri esker, oso ikaskuntza baliotsuak lortuko ditugula sektore honen lehiakortasunean aurrera egiteko. Eskerrak eman nahi dizkizuet etengabe hobetzeko hartu duzuen konpromisoagatik eta borondateagatik”.

Azkenik, Txema Muñoz Ascongiko presidentea pozik agertu da “Aldundiak sektorearen errealitateari aurre egiteko erakutsitako interesagatik, eta azpimarratu du “proiektua, osatzen duten enpresen aniztasunetik eta horietako bakoitzak digitalizazioaren arloan duen abiapuntutik” abiatzen dela, eta horrek, “diagnostikoen bidez, ikuspegi orokorra eta digitalizazio-ibilbide bat eskainiko diela enpresei”.

  

3326