Aldundiak eta Añarbek hitzarmen bat sinatu dute Behe Kanalaren ordezko eroanbidea finantzatzeko
Aldundiak eta Añarbek hitzarmen bat sinatu dute Behe Kanalaren ordezko eroanbidea finantzatzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak 3,45 milioi euro jarriko ditu, Añarbek jarri behar zituen 6 milioi euroetatik.
Obrak ACUAESek esleitu ditu, eta 2023ko lehen seihilekoan hasiko dira.
Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu José Ignacio Asensiok eta Añarbeko Uren presidente Jaione Hervásek lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundian egindako ekitaldi batean, Behe Kanalaren ordezko eroanbidearen obrak zati batean finantzatzeko.
Jarduerak, oro har, 30 milioi euroko aurrekontu estimatua du (BEZik gabe), eta horietatik ACUAESek (Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren estatuko merkataritza-sozietatea) % 80 finantzatzen du (24 milioi euro Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidez); Añarbek, berriz, gainerako % 20a ordaindu behar du (6 milioi euro).
Akordio berri horri esker, José Ignacio Asensioren departamentua sartu da Gipuzkoarentzat hain garrantzitsua den proiektu horren finantzaketa eskeman, 3,45 milioi euroko ekarpena eginez, hau da, Añarbeko Uren Mankomunitateari dagozkion 6 milioi euroen erdia baino gehiago. Mankomunitateak berak, azkenean, 2,55 milioi euroko ekarpena egingo du.
Obrak finantzatzeko eskema
Entitatea |
Zenbatekoa (€, BEZik gabe). |
% |
ACUAES |
24.000.000 |
80,0 |
GFA |
3.450.000 |
11,5 |
Añarbe |
2.550.000 |
8,5 |
Guztira: |
30.000.000 |
100,0 |
Aldundiaren dirulaguntzari esker, Gipuzkoarentzat interes estrategikoa duten obrak egin ahal izango dira, lurraldearen ia erdia edateko urez hornituko dela bermatzeko.
Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak adierazi duenez, “Obra Hidraulikoen Zuzendaritzaren helburu nagusia ura hornitzeko sistemen bermeak indartzea eta hondakin-uren saneamendua osatzea da. Behe Kanalaren azpiegitura alternatiboa oso garrantzitsua da Donostialdearentzat, 318.000 pertsona hornitzea bermatzen baitu, hau da, Gipuzkoako biztanleriaren ia erdiari”. Era berean, Asensiok azpimarratu duenez, “inbertsio horri esker herritar guztientzako kalitatezko zerbitzua bermatuko dugula, eta, horrela, uraren hornidura babestuko dugu”. Azkenik, foru arduradunak Espainiako Gobernuaren parte-hartzea nabarmendu du, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren bidez obren % 80 finantzatzen baititu.
Jaione Hervásek, bestalde, Aldundiari eskerrak eman dizkio jasotako laguntzagatik, gogorarazi du Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak Mankomunitatearekin izan duen lankidetzako historia emankorra, eta adierazi du ziur dagoela etorkizunean ere jarraipena izango duela.
Obrak dagoeneko esleitu ditu ACUAESek otsailean. Alde batetik, Dragados, S.A. eta Construcciones Moyua, S.L. enpresek osatutako ABEEari esleitu zaizkio obrak gauzatzea eta proiektua abiaraztea, 22.870.649,98 euroko zenbatekoan (27.673.486,48 €, BEZa barne); bestetik, Aquatec, Proyectos para el sector del agua, S.A.U. enpresari esleitu zaio zuzendaritza fakultatiboari laguntza teknikoa 769.182,70 euroan (930.711,07 €, BEZa barne). Obrak egiteko epea 31 hilabetekoa da, eta lanak aurtengo lehen seihilekoan hastea aurreikusten da.
Behe Kanalaren ordezko eroanbidearen proiektua
Behe Kanalaren ordezko eroanbidearen proiektua Estatuaren interes orokorrekotzat jo zen 2010ean, eta 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorretan sartu zen, legebiltzar taldeek Kongresuan behar bezala negoziatu ondoren.
Gaur egungo Behe Kanala etenik gabe ari da funtzionatzen 1958an martxan jarri zenetik. Horren ordez, proposatzen da ponpaketa estazio bat eraikitzea Urumea ibaian –Hernanin dagoen eta gaur egun erabiltzen ez den Lastaola izeneko zentral hidroelektriko zaharra kokatuta dagoen lekuan–, eta bulkadako eroanbide bat eraikitzea Petritegiko Edateko Uren Araztegiraino.
Oraingo Behe Kanalak huts egiten badu edo eteten bada, hornidurarako emariak Añarbeko presan askatuko dira Urumea ibaira, 15,7 km beherago xurgatzeko eta 5,8 km-ko luzera duten eroanbide-tarte desberdinen bidez Petritegiko edateko uren araztegiraino eramateko, Lastaolako ponpatze-estazio berrian barrena.
Proiektuak 1896an eraikitako Lastaolako zentral hidroelektriko zaharraren azpiegitura gehienak aprobetxatzea aurreikusten du (hargune obra, ubidea, tunela eta zentralaren eraikina bera). Azpiegitura horiek, behar bezala birgaitu edo berregin ondoren, Añarbeko sistemaren hornidura sarean sartuko dira.
Presara isuritako ura Urumean xurgatuko da hargune obra berrituaren bidez. Obra horrek bi metro zabaleko bi ubide izango ditu, 40 cm-ko zabalerako eta hiru metroko altuerako hormigoizko horma batek bereizita. Kanal zaharrak (Urumea ibaiarekiko paraleloan doana) beira-zuntzez indartutako poliesterrezko hodi bikoitza izango du orain, 466 metro luze eta 1.200 mm-ko diametrokoa, estali eta lurperatu egingo dena. 410 metro luze den tunela erabat birgaitu eta indartuko da, zentral hidroelektriko zaharra ordeztuko duen ponpatze-estazio berriarekin lotu arte.
Ponpatze-estazioa Lastaola eta Ibarluze industrialdeak lotzen dituen zubiaren ondoan dago, eta, berritu ondoren, 32,00 x 12,80 x 8,30 metroko neurriak izango ditu, bai eta 700 kW-ko lau ponpa ere (bosgarren bat jartzeko aukerarekin). Bakoitzak 450 l/s-ko goratze ahalmena izango du. Estaziotik ponpatutako urak Urumearen gaineko zubia zeharkatuko du eta Petritegiko Edateko Uren Araztegiraino eramango da burdinurtu harikorreko bultzada-hodi berri baten bidez. Hodi horrek 4.920 metroko luzera eta 1.100 mm-ko diametroa izango du. Hodiaren zatirik handiena zangak eginez eraikiko da, 78 metroko zati txiki bat izan ezik. Zati hori lurpeko zulaketaren bidez instalatuko da, GI-2132 Astigarraga-Oiartzun errepidea gurutzatzeko, trafikoari inola ere eragin gabe.
Obrak amaitu ondoren, Añarbeko ur hornidura egungo Behe Kanalaren hausturetatik eta etenaldietatik salbu egongo da, eta, aldi berean, kanalaren geldialdi programatuak egitea ahalbidetuko du, pixkanaka birgaitzen eta modernizatzen hasteko, azpiegiturak urteen poderioz dituen ezegonkortasun-arazoak eta emari-galerak konponduz eta bien bitartean azpiegitura berria erabiliz.
2813