Aldundiak zinemagile gipuzkoarrak zoriondu ditu Goya sariengatik
Aldundiak zinemagile gipuzkoarrak zoriondu ditu Goya sariengatik
Denis Itxaso Kulturako diputatuak musikagile donostiarra zoriondu du, «Dolor y gloria» filmaren musika onenaren Goya saria eskuratzeagatik. «Almodovarren zinemak askeago egin nau» adierazi zuen Iglesiasek bere 11. Goya jasotzean. "Filmaren bihotzera iristen saiatu naiz, hori baita musika batek egin behar duena, egiazkoa izatea".
Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Maria Goenagak zuzendutako "La trinchera infinita" filmak 2 Goya lortu zituen izendatuta zegoen 15 sarietatik: soinu onenaren saria Iñaki Díez, Alazne Ameztoy, Xanti Salvador eta Nacho Royo-Villanovarentzat, eta aktore onenaren saria Belen Cuestarentzat.
Denis Itxaso Kulturako diputatuak Espainiako Zinemaren Akademiaren sarietarako lehiatu diren Gipuzkoako ekoizpen ezberdinetako arduradun exekutibo, artistiko eta teknikoak aitortu eta zoriondu nahi izan ditu. Jose Mari Goenaga, Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendarien eredua eta balioa nabarmendu ditu Itxasok; izan ere, zuzendari horien talde-lana eta narrazioaren alorreko exijentzia inspirazio handia dira, eta ondo egindako lanaren ibilbide koherentea marrazten dute. Irusoin eta Moriarti ekoiztetxeek osatzen duten taldea gai da, zalantzarik gabe, interes handiko eta hausnarketa eta eztabaida eragiten duten istorioak kontatzeko.
Era berean, Aritz Moreno zuzendari donostiarraren meritua nabarmendu du Itxasok, «Las ventajas de viajar en tren» bere opera primarengatik. Angel Alonsoren «Elkano eta Magallanes. Lehen Mundu Bira» filma ere Animaziozko Film Onenaren sarirako izendatua zegoen.
Azkenik, Denis Itxasok ez du ahaztu nahi izan "orain Goya sarietan parte hartu duten film askok Donostiako Nazioarteko Zinemaldian izan zuten bultzada izugarria, zalantzarik gabe euskal zinemagintzarako funtsezko plataforma baita". «Gipuzkoako eta Euskal Herriko zinemaren heldutasuna agerian uzten duen garaipena da. Sektore ausarta eta talentu handikoa dugu» azpimarratu du Itxasok.
«Goya sarietan izendatuta egoteak Gipuzkoako eta Euskal Herriko zinemaren heldutasuna erakusten du. Sektore ausarta eta talentu handikoa dugu, eta zinemaren munduko arlo guztiak hartzen dituzten sari horiek agerian uzten dute gure teknikariek eta profesionalek kalitate handia dutela alderdi guztietan. Dena den, bagenekien hori; izan ere, urte askotan gure profesionalak maila gorenean daude eta urtez urte sarituak izaten dira hainbat lehiaketatan».
1605