Diputatu nagusiak bere babesa adierazi dio Gipuzkoako makina-erremintari EMO Milano 2021en
Diputatu nagusiak bere babesa adierazi dio Gipuzkoako makina-erremintari EMO Milano 2021en
Markel Olanok EMO Milano 2021 azoka bisitatu du, eta lurraldearen susperraldi ekonomikoa "bizkortzeko eta sustatzeko" konpromisoa hartu du.
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak "erabateko babesa eta hurbiltasuna" agertu dio Gipuzkoako makina-erremintari EMO Milano 2021 azokaren inaugurazio egunean, hau da, sektoreko munduko hitzordu nagusian; izan ere, aurten, pandemiaren hilabete gogorrenen ostean, Europako industria-azoka handiak suspertuko dira. "Zorionez, krisi sozial, sanitario eta ekonomiko larri batetik ateratzeko bidean gaude, eta, orain, gure sare ekonomikoaren bultzada sustatzeko eta bizkortzeko unea da", adierazi du Olanok, sektorearentzat "funtsezkoa" den merkataritza-topaketa hori "oso albiste positiboa" dela iritzita.
Olanok gogorarazi duenez, makina-erreminta Gipuzkoako industriaren "puntako eredua" da, "aurreratua, berritzailea eta munduari irekia" delako, eta azken urtean salmentak "nabarmen" handitzen ari direlako. EMO azoka, gainera, Italian egingo da aurten, lurraldeko enpresentzat merkatu garrantzitsuenetako bat, makinerian inbertitzeko "jarduera bizian" murgilduta. Beraz, hitzordu horrek "bultzada nabarmena" eman diezaieke dagoeneko irekita dauden operazioei eta Milanen dauden 18 enpresa gipuzkoarren balizko etorkizuneko operazioei.
Ekonomiak susperraldirako bidea hartu duen honetan babesa emateaz gain, diputatu nagusiak adierazi du industria babesten jarraitzeko "determinazio eta konpromiso osoa" duela Foru Aldundiak, "epe luzean aurre egin beharreko erronketan", bereziki "digitalizazioarekin" lotutakoetan. "Krisia atzean uzteko babesa emateko prest gaude, egoera honetan euren jarduera eta lehiakortasuna sustatzeko. Hala ere, batez ere, etorkizunean posizio lehiakorra mantentzeko eta hobetzeko ahaleginean lagundu nahi diegu", adierazi du.
Diputatu nagusiak Gipuzkoako enpresen standak bisitatu ditu, Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuarekin eta Xabier Ortueta AFMko zuzendari nagusiarekin batera. Halaber, Iker Estensoro eta Jon Gurrutxaga Ekonomia Sustatapeneko eta Berrikuntzako foru zuzendariekin batera izan dira, hurrenez-hurren.
Gipuzkoako 18 enpresa
Olanok azpimarratu duenez, "digitalizazioa gure industriaren eta, bereziki, makina-erremintaren egungo eta etorkizuneko lehiakortasuna baldintzatuko duen prozesua da". "Beharrezkoa da azken berrikuntzen berri izatea eta gure babes-programen hobekuntzarako puntuak zein diren jakitea; horretarako, azoka hau oso aberasgarria izango zaigu. Gure enpresak aldaketa teknologiko sakonak eta gero eta azkarragoak jasaten ari dira. Bermeekin egokitzea ezinbestekoa da gure sendotasun industriala finkatzeko, erresilientzian sakontzeko eta lurralde gisa gure ongizatea bermatzeko", gaineratu du.
Gipuzkoako 18 enpresak azken berrikuntza teknologikoak aurkeztu dituzte gaurtik ostiralera arte Milanen, 1.503 metro koadroko erakusketa-azalera bateratuarekin. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, guztira 25 enpresa egongo dira EMOn – gipuzkoarrak barne –, eta guztira 2.172 metro koadro hartuko dituzte. Larrialdi pandemikoaren ondorengo Europako sektorearentzako lehen azoka handi honetan, lurraldeko konpainiek fresaketan eta mekanizazio, torneaketa, artezketa, elektrohigadura, metrologia, digitalizazio, fabrikazio gehigarri, automatizazio eta kontroleko zentroetan, osagaietan, ebaketa-tresnetan eta fabrikazio aurreraturako beste teknologia eta zerbitzu batzuetan egindako aurrerapenak aurkeztuko dituzte.
Izan ere, EMO Milano 2021 azoka fabrikazio aurreratuko teknologiei eskainitako munduko azokarik handiena da. CECIMO makina-erreminten industriaren Europako elkarteak sustatuta eta UCIMU makina-erreminten fabrikatzaileen Italiako elkarteak antolatuta, aurtengo edizioa The magic world of metalworking lelopean egingo da. 30 herrialde baino gehiagoko 700 erakusketarik, 110.000 metro koadroko erakusketa-gune batean banatuta, etorkizuneko teknologiak aurkezten dituzte hemen industriako sektore aurreratuenentzat: makina-erreminta, automobilgintza, aeronautika, trenbidea, metalmekanika eta materialak.
Digitalizaziorako laguntza irmoa
Diputatu nagusiak jakitera eman duenez, Aldundiak industriaren eraldaketa digitalaren aldeko apustua indartu du aurten, 'Gipuzkoa Digitala' laguntza programa integrala martxan jarrita. ‘Ekonomia Indartuz’ ekonomia suspertzeko planaren esparruan, programa honek 2,3 milioi euroko laguntza-ildoak eskaintzen ditu, enpresa aurreratuenak eta heldutasun digital txikiagoa dutenak kontuan hartuta, baina enpresa txiki eta ertainei laguntzera bideratuta: milioi 1 euro fabrikazio aurreratuari eta 4.0 industriari lotutako produktu eta aplikazio berriak garatzeko; 650.000 euro datuen balorizazio prozesua bizkortzeko, enpresaren eraldaketa digitalerako eta haren negozio-eredurako; eta, azkenik, 650.000 euro, Gipuzkoako lurralde-garapena bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetan 4.0 eredua ezarriz, agentzia-sarearekin lankidetzan Makina-erremintako
13 enpresak aurkeztu dituzte beren proiektuak laguntza-deialdi honetara, eta gaur egun ebazpen-prozesuan daude. Era berean, azpimarratzekoa da sektoreko enpresek eta sektore horri lotutako proiektuak dituzten ikerketa-zentroek parte-hartze handia dutela foru-laguntzen deialdietan –lehiakortasuna, barne-ekintzailetza, zibersegurtasuna, I+G+b sistemari laguntzea… –, lurraldeko produkzio-sarean duten garrantziaren isla baita. Azkenik, Ziur industria-zibersegurtasuneko zentroak, Etorkizuna Eraikizen barruan abian jarriak, Gipuzkoako 30 makina-erreminta-konpainiari eman zien zerbitzua iaz.
2406