Breadcrumb

Asset Publisher

Back Diru sarrera txikiak dituzten 13.000 gipuzkoarrek 3,3 milioi euro gehiago izango dituzte 2021ean

Diru sarrera txikiak dituzten 13.000 gipuzkoarrek 3,3 milioi euro gehiago izango dituzte 2021ean

Diputatuen Kontseiluak aurtengo atxikipenen taula onartu du, autolikidatzeko derrigortasuna 12.000 eurotik 14.000 eurora igotzeko neurrira egokitzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak aurtengo Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenen ehunekoen taula eguneratu du, autolikidatzeko derrigortasuna 12.000 eurotik 14.000 eurora igotzeko erabakira egokitzeko. Horren ondorioz, atxikipena egitera behartzen duen gutxieneko muga urtean 11.860,01 euro izatetik 14.000,1 eurokoa izatera pasako da. Foru Ogasunak egindako aurreikuspenen arabera, neurri honek 13.000 pertsona ingururi egingo dio mesede, eta 3,3 milioi euroko inpaktua izango du. “Argi eta garbi, lan etekinegatik diru sarrera txikiak dituzten gipuzkoarrei mesede egiten dion neurria da”, adierazi du Eider Mendoza foru bozeramaileak.

          Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Neuri honen ondorioetan sakonduz, genero ikuspegitik inpaktu positiboa izango duela azaldu du. Izan ere, 12.000 eta 14.000 euroko arteko lan etekinak dituztenen artean gehiengoa emakumeka dira, tarte honetako zergadunen %66 baitira. “Honek esan nahi du aurten, eta neurri honi esker, andrazko hauek 2,1 milioi euro gehiago izango dituztela erabilgarri”, azaldu du.

          Mendozak gogoratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak COVID-19 gaitzaren krisia hasi zenetik errepikatzen ari den mezua da kolektibo edo pertsona zaurgarrienak defendatzea dela foru erakundearen lehentasun nagusia, bai osasun ikuspegitik, zein ekonomikotik. “Neurri honekin, horixe da hain zuzen ere egiten duguna: diru-sarrera txikienetakoak dituzten herritarrei mesede egitea”, adierazi du. “Desberdinkeriari kontra egin eta murriztea Gipuzkoako Foru Aldundiaren agendaren erdigunean egoten jarraitzen du eta, mota honetako neurriek, hitzetatik ekintzetara pasatzen laguntzen digute”, adierazi du foru bozeramaileak.

 

Azarora arteko salmentak

Kontseiluan aztertu den bigarrengo gaia Gipuzkoako enpresen egoerarena izan da. Mendozak gogoratu duenez, Gipuzkoako foru Ogasunak hilero argitaratzen du txostena, lurraldeko enpresen osasunaren jarraipena egiteko zenbait adierazle jasotzen direlarik bertan: salmentak, esportazioak, enplegua, soldatak… Azaroko datuei dagokionean, nahiz eta negatiboak dira, COVID-19 gaitzaren krisia agertu zenetik onena dira: -%2 erori dira salmenta osoak (-%1 barruko salmentak eta -%3,7 esportazioak), -%2,1 inportazioak, -%1,4 enplegua eta -%0,5 soldatak. “Datuek txarrak izaten jarraitzen dute, baina aurreko hilabeteetan bizi izan dugunarekin alderatuta onak dira. Beraz, gure lurraldeak urte amaiera hain txarra ez duela izango aurreikusi dezakegu.

Azaroko datuek zertxobait hobeto dituzte urteko zifra metatuak, baina oso txarrak izaten jarraitzen dute. Urteko lehen hamaika hilabetetan -%12,3 jaitsi dira salmenta osoak (-%10,5 barnekoak eta -%15,5 esportazioak), -%15,3 murriztu dira inportazioak, -%2,2 egin du behera enpleguak eta -%3,5 soldata masak. “Salmenten kasuan, hori bai, puntu bat berreskuratu dugu estatistika metatuan aurreko hilabetearekiko”, nabarmendu du bozeramaileak. “Hala ere, beherakadek bi zifretakoak izaten jarraitzen dute ia adierazle denetan, eta zenbait sektore oso oso kaltetuta daude, egoera kritikoan”, ohartarazi du Mendozak. Horregatik, “alderdi ekonomikoan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasun nagusia pertsona kaltetuenak babesten jarraitzea da, eta orain arte bezala jarraituko dugu, gure eskumen guztiak zukutzen krisiaren ondorioak leuntzen laguntzeko”.

 

Ogasuneko zuzendaria

Azkenik, Irune Yarza Azpilicueta izendatu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak Ogasuneko zuzendari berri gisa. Jokin Peronaren erreleboa hartuko du Yarzak, hau Ogasuneko diputatu izatera pasa baitzen azaroan. Yarza donostiarra da eta 41 urte ditu. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua da eta Master bat egina du Finantzetan, biak Deustuko Unibertsitatean, eta euskara, gaztelania eta ingelesa hitz egiten ditu. Ikasketak amaitu ostean IKEIn hasi zen lanean, kontsultari gisa, eta ostera Bartzelonara lekualdatu zen, non Arbora&Ausonia eta Procter & Gamble enpresetan hainbat markaren arduradun izan zen.

          2016 urtean itzuli zen Donostiara, eta Pernod Ricard enpresa frantses erraldoian hasi zen lanean, hemen ere marka arduradun bezala. “Yarzaren profila, beraz, esperientzia handiko kudeatzailearena da, negozio garapenean eta marketingean aditua”, adierazi du Mendozak. “Ikuspegi estrategikoa du, helburuetara lan egitera lan egitera ohituta dago, lan taldeen kudeaketan esperientzia handikoa… eta, hau denagatik, uste dugu primeran egokituko dela Ogasuneko lan taldera, eta departamentu honek eta orokorrean etxe honek esku artean dituen erronketara”, gaineratu du. Amaitzeko, foru bozeramaileak zorte ona opa dio gaur hasi duen ibilbidean.

 

2021eko aurrekontuak

Bestalde, Mendozak aurreratu du datorren ostegunena, hilak 21, aurkeztuko dela 2021 urteko Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu proiektua. Gogoratu duenez, foru erakundeak pasa den urteko irailera arte ez zuen ezagutu defizit gaitasunik izango zuen ala ez, eta honen ondorioz pasa den urteko aurrekontuak luzatu behar izan ziren. Proiektuak Diputatuen Kontseiluaren oniritzia jasoko du ostegunean, eta ondoren Gipuzkoako Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatuko da. “Oso gustura gaude emaitzarekin, eta uste dugu proiektu txukuna osatu dugula; sendoa, egun bizi dugun krisiari alor guztietan erantzuteko”, adierazi du Mendozak.

Foru bozeramaileak gogoratu duenez, COVID-19 gaitzaren krisiaren aurrean sektore eta biztanle zaurgarrienak babestean jarri du azpimarra Aldundiak, eta horretarako “erreminta” izango da 2021eko foru aurrekontua: gizarte politika arloa indartuko du, eta aldi berean ekonomia suspertzeko ahaleginari sekulako indarra emango zaio. “Gainera, aurreratu dezaket Europak berreraikipenerako zehaztu dituen irizpideekin guztiz lerrokatuta dagoela, eta gure proiektu estrategikoek pisu handia dutela bertan”, aurreratu du Mendozak.

 

Gizarte politikako partea

Azkenik, eta astero legez, COVID-19 gaitzak Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du Mendozak. Adinekoen egoitzen kasuan, 51 kasu positibo daude, 9 egoitzatan banatuta: 1 Donostiako Hermano Garate – San Ignacio egoitzan, 3 Errenteriako Sanmarkosenen, 2 Hondarribiako San Gabrielen, 9 Irungo Gurutze Gorrian, 1 Donostiako Berminghamen, 30 Aretxabaleta Debagoienan, 2 Irungo Inmaculadan, 1 Lazkaoko Txindokin eta 2 Oñatiko San Martinen. Hauetatik 18 Eibarko Ospitaleko planta sozialean eta Ordiziako San Jose erreferentzia zentroan daude; bertan artatzen dira COVID-19 gaitzagatik positibo eman duten egoitzetako erabiltzaileak. Bigarren olatuan, guztira, 146 egoiliar hil dira 595k gainditu dute gaixotasuna.

          Adinetako egoitzetako langileen kasuan, egun 58 langile daude diagnostiko positiboarekin, 22 egoitza ezberdinetan. Bigarren olatuan, 489 langile sendatu dira guztira. Eguneko zentroen kasuan, azken astean positibo berri bat atzeman da, eta desgaitasuna dutenei arreta emateko zentroen sarean bi kasu berri daude. Bestalde, 6 positibo berri daude gizarte inklusioko baliabideen sarean, eta adingabeen kasuan ez da kasu berririk atzeman. Azkenik, egindako PCR frogei dagokionean, DYAko profesionalekin elkarlanean, 86.230 proba egin dira eta, zehazki pasa den astean, 4.069 proba, egoiliarren eta langileen artean.

  

2177