Cacereño dokumentalak 60ko hamarraldiko Gipuzkoaren erretratu soziala egiten du,
Cacereño dokumentalak 60ko hamarraldiko Gipuzkoaren erretratu soziala egiten du,
Raúl Guerra Garridoren eleberriko agertoki eta pertsonaien bidez
Denis Itxaso: «Garrantzitsua da Raúl Guerra Garridoren testigantza eta balioak belaunaldi berrietara iristea».
«Cacereño» eleberriaren 50. urteurrenaren harira Gipuzkoako Foru Aldundiak Raúl Guerra Garridori egin dion omenaldiaren testuinguruan, Kultura Departamentuak, Euskal Telebistarekin elkarlanean, dokumental bat ekoiztu du, eleberriaren agertokien eta pertsonaien bidez 60ko hamarraldiko Gipuzkoaren erretratu soziala egiteko. 57 minutu irauten duen ikus-entzunezko honetan idazlearen bizitzaren eta ibilbide artistikoaren errepasoa egiten da, literaturaren arloan eta mundu artistiko, intelektual nahiz politikoan autorearengandik gertu egon diren hainbat pertsonen laguntzarekin. Luanma Films ekoizpen etxeko Antonio Cristóbal arduratu da dokumentalaren zuzendu eta errealizatzeaz; gidoiaz, berriz, Felipe Juaristi.
Denis Itxaso Kultura diputatuak azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak nahi luke omenezko ekitaldi hertsitik harago joan dadin Raúl Guerra Garridoren figurari eta obrari egingo zaion aitorpena, eta baliagarria izan dadin hedadura handiago bat emateko haren literatura-obrari eta beraren konpromiso etikoa sostengatu duten ideiei. Horri dagokionez, Itxasok adierazi du ezen, aitorpena egiteaz gain, garrantzitsua dela Raúlen obrari eta haren balioei zabalkundea ematea gizarte gipuzkoarrean, funtsezko ekarpena baita gizarte anitz eta plural batean bizikidetza sustatzeko». Horregatik egin da dokumentala, edizio kritikoa euskaratzen lagundu da eta abian da autorearen omenezko argitalpen bat, euskal idazle askoren parte-hartzearekin. Horrek guztiak, Itxasoren hitzetan, helburu bat du: «Raúl Guerra Garridoren testigantza belaunaldi berrietara iristea».
Cristóbalen azaldu duenez, produkzioarekin lortu nahi izan da, lehenik eta behin, irudiak jartzea eleberrian deskribatzen diren agertokiei, eta 60ko hamarraldiko Gipuzkoara itzultzea, Extremadurako paisaiak eta protagonisten jatorriak ahaztu gabe. Ez da lan erraza izan, aldaketa handiak egon baitira azken berrogeita hamar urteetan, eta aipatzen diren leku batzuk desagertu egin dira. Hala eta guztiz ere, ahalegin handia egin da erretratu sinesgarri bat lortzeko, eta Donostian, Legazpin, Zumarragan, Andoainen eta Pasaian grabatu da. Extremadurako Miajadas ere agertzen da, eleberriko Torrecasar irudikatzeko, eta baita Quintana de la Serena ere. Gainera, dokumentalak Cacabelos ere bisitatzen du, El Bierzon. Izan ere, Raúl Guerra Garridok egonaldi luzeak egin ditu bertan, eta harreman oso berezia du herri horrekin. Grabatutako irudien bidez garai hartako Gipuzkoaren erretratu soziala egin nahi izan da, eta horretarako immigrazioak gehien ukitutako leku eta enpresekin harreman zuzena izan zuten pertsonen testigantza bildu da.
Felipe Juaristi gidoilariak azpimarratu duenez, «Cacereño» eleberriaren mundua islatzeaz gain, dokumentalak balio izan du iruditara ekartzeko Raúl Guerra Garridok, ETAren terrorismoaren urte ilunenetan, askatasunaren alde erakutsitako konpromiso etiko eta intelektuala. Dokumentalak autorearen bizitzan eta ibilbide artistikoan zehar eramaten gaitu, eta urteetan zehar defendatutako ideien eta iritzien lekukotza ematen du. Autorearen erretratu pertsonal hau marrazteko, autoreari lotutako jende askoren laguntza jaso da, mundu intelektual, literario, artistiko nahiz politikotik, senitarteko eta adiskide pertsonal batzuen laguntza ere ahaztu gabe. Dokumentalean parte hartu dute, eta testigantza eman dute, besteak beste: Ignacio Latierro, Lagun liburu dendakoa; Fernando Savater filosofoa; Angel García Ronda, Raúl Guerra Garridoren biografoa; Luisa Echenique idazlea; Juan Pablo Fusi historialaria; Fernando Larraz, Cacereñoren edizio kritikoaren arduraduna; Antonio Hernández, Poesiako Sari Nazionala eta Raúl Guerra Garridoren ohiko laguntzailea; Javier Puerto, Historiako akademikoa. Parte hartu dute, baita ere, Javier Mina, Jorge Aranguren, Fernando Golvano, Mar Palacio eta Tito Fernandezek.
1730