Breadcrumb

Asset Publisher

Back Donostia Zinemaldiari buruzko irakasgai espezifiko bat izango du Elias Querejeta Zine Eskolak

Donostia Zinemaldiari buruzko irakasgai espezifiko bat izango du Elias Querejeta Zine Eskolak

Komisariotzako ikasleek edizio baten prestaketa prozesua ezagutu, eta zinemaldi eredu desberdinez eztabaidatuko dute

2018/03/23

Donostia Zinemaldiak irakasgai espezifiko bat izango du Elías Querejeta Zine Eskolaren programa akademikoan; bertan, ikasleekin partekatuko ditu Zinemaldiaren edizio bat prestatzeko prozesua eta programazioa hautatzeko irizpideak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu duen eskolak proiektu pedagogiko berezi bat proposatzen du, Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza granduondoen bidez. Programa horiek kontzeptualizatzeko hiru erakunde zinematografikoren ezagutza baliatu da: Euskadiko Filmategiarena, Donostia Zinemaldiarena eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarena, hurrenez hurren.

Komisariotzako espezialitatearen ardatza honako hau da: zinema eta ikus-entzunezko arteak xede eta protagonista dituzten programazioak, argitalpenak, esku-hartzeak eta erakusketak kontzeptualizatzea, kudeatzea, garatzea eta hedatzea. Donostia Zinemaldiak irakasgai espezifiko bat izango du bertan, eta eskolako ikasleekin eta profesionalekin partekatuko ditu edizio baten prestaketa prozesua, denbora errealean programazioa hautatzeko irizpideak, eta zinemaldi hau beste zita zinematografiko batzuetatik bereizten duten ezaugarriak.

“Zinemaldia eraikitzen” irakasgaia eztabaida formatu batean artikulatuko da, eta, ezagutza transmititzeaz gain, aukera bat izango da Zinemaldiarentzat ere, hark bere burua birpentsatzeko, identitate ezaugarriak berrikusteko, eta ikus-entzuleei, industriari edo komunikabideetako profesionalei dagozkien estrategiak eztabaidatzeko. Zinemaldiaren antolaketari helduko zaio komunikazioaren, industriaren, ekoizpenaren, marketing-aren, teknikaren edo harreman publikoen ikuspegitik, eta, gainera, beste zinemaldi eredu batzuk aztertuko dira, saioetan haietako arduradun batzuek parte hartuko dutelarik.

Saioak bi ordukoak izango dira, eta urte akademiko osoan zehar egingo dira, urritik irailera bitartean. Eskolako ikastaroa irailaren 21ean hasiko da, Zinemaldia hasten den egun berean, eta 2019ko Zinemaldiaren azken egunarekin batera amaituko da; hau da, 56 asteko aurrez aurreko irakaskuntza jarduera izango da. Zinemaldia hasten denetik ekainaren erdialdera arteko hilabeteetan, irakaskuntza atala, proiektu pertsonalaren garapena eta praktika profesionala landuko dira. Udako jardueraren ardatza batik bat praktika profesionala eta egile mintegiak izango dira, eta, azkenik, abenduan, proiektu pertsonalak defendatuko dira.

Eskolan izena emateko epea irekita egongo da maiatzaren 31ra arte. Matrikularen prezioa 3.500 eurokoa da.

  

1356