Breadcrumb

Asset Publisher

Back Donostiarren etorkizunerako ideiak eta proposamenak jaso ditu Foru Aldundiak

Donostiarren etorkizunerako ideiak eta proposamenak jaso ditu Foru Aldundiak

Zurriola ikastolako eta Usandizaga instituko ikasleekin topaketa egin du Imanol Lasa foru Diputatuak, aurrekontu irekiak partekatzeko

2018/04/27

Gaurtik hasita eta ekainaren 30era bitarte, gipuzkoar guztiek parte hartu ahal izango dute Foru Aldundiaren 2019ko aurrekontuen osaketan eta Gipuzkoaren etorkizunaren diseinuan, Aurrekontu Irekiak ekimenaren bitartez. Aurten ere, herritarren lehentasunak eta proposamenak, zein etorkizuneko kezkak jasotzea du helburu Aldundiak, aurrekontuetan isla eduki dezaten. Nabarmen indartuta hasi du bere ibilbidea prozesuak: iraupena luzatu da –hiru hilabete-, eta baita irismena ere. Izan ere, aurreneko aldiz Aldundia aurrez aurre iritsiko da lurraldeko 89 udalerrietara, herritarrek helarazi nahi dituzten behar eta iradokizun guztiak “pertsonalki eta bertatik bertara” jasotzeko asmoarekin, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak azaldu duenez.

Ekimenak Donostian izan du geltokia egunotan. Atzo, osteguna, karpa jarri zuen  Katalunia plazan. Arretarako teknikariak izan ziren bertan, parte hartzeko interesa zutenei Aldundiaren aurrekontuen edukia azaltzeko, herritar guztiak parte hartzera animatzeko, laguntza eskaintzeko, zalantzak argitzeko, eta proposamenen bilketa sustatzeko. Ordutegi jarraian egon zen zabalik, 10:00etatik 19:00etara. Gaur, berriz, Loiola kalean egon da karpa. Bi egunotan, donostiar ugari gerturatu zen ekarpenak egitera

Gainera, topaketa agenda estua prestatu da aurten ere, 50 hitzordu baino gehiagorekin. Horren baitan, Lasak eta Joseba Muxikako Herritarren Partaidetzako zuzendariak, ikasleen, adinekoen, ekintzaileen, enpresen, eta hainbat arlotako eragile eta ordezkarien ekarpenak entzungo dituzte: kultura, kirola, boluntariotza edo gizarte politika. 

Agenda horren barruan, Lasak topaketa egin zuen atzo Zurriola ikastolako ikasle eta irakasleekin, eta beste horrenbeste egin du gaur Usandizaga institutukoekin. “Aurrekontu irekien dinamikari ekin genionetik ahalegin berezia egiten ari gara Aldundiaren jarduera gazteenei gerturatzeko, askotan ez baitute ezagutzen erakundearen lana eta bere funtzioak, eta baita beraien kezka eta eskaerak jasotzeko ere. Hori da gertutasunean eta konfiantzan oinarritutako harreman bat finlatzeko modu bakarra. Oso bilera aberasgarriak izaten ari dira, eta haien erantzuna eskertu besterik ezin dut egin”, nabarmendu du Lasak.           

Parte-hartze aktiboa eduki zuten ikasleek bi saioetan. Diputatuari galderak luzatu zizkioten etorkizuneko enpleguaren, adinekoen arretaren, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren edo hondakinen kudeaketaren inguruan, eta proposamenak egin zituzten garraiobide publikoaren hobekuntzari, bidegorriei,  ingurugiroari edota gazteentzat aisialdi espazio berriak eta formakuntza eskaintzak martxan jartzeari lotuta –sexualitatearen, drogen kontsumoaren edo sorospen lanen inguruan adibidez-.

Karpara joateko aukerarik eduki ez zutenek ere, ekainaren 30era bitarte parte hartu ahal izango dute. 16 urtetik gorako herritar guztiek, eta herritar kolektiboek aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak, esku orria bete eta udal erregistroan, edo Donostiako Gipuzkoa Plazan –beheko solairua- kokatutako herritarren arretarako eta informaziorako gunean ere entregatuz. Guztira 310.000 esku orri inguru bidali dira Gipuzkoako etxeetara, herritarrei ahalik eta erraztasun gehien emateko. Doan bidal dezakete frankeo ordainduaz, banatu den gutunazala erabilita.  

Arretarako eta partaidetzarako, aurrez aurreko kanalak eta birtualak uztartuko ditu prozesuak aurten ere, gipuzkoar biztanlegoaren estratu guztietara iritsi ahal izateko. Hala, hasieran aipatutako epe berean, internet bidez parte hartu ahal izango da, gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean, aurrekontu irekien atalean. Plataforma berritu da partaidetza errazteko eta kanal horren erabilera sustatzeko. Proposamenak helarazteaz gain, Gipuzkoaren etorkizuneko erronkak zeintzuk diren zehaztu ahal izango da.  

Kontu ematearen aldeko apustuari jarraituz, ekarpen horiek guztiak departamentu bakoitzeko teknikariek osatutako memoria batean jaso dira, arrazoitzen duena zeintzuk onartu ziren, zeintzuk ez, eta zergatiak. Memoria hori aurretik aipatutako partaidetzako webgunean kontsulta daiteke. Gainera, parte hartu duten herritar guztiek erantzun pertsonalizatua jaso dute, eta onartuak izan diren eskaerak egin dituztenak, nola gauzatzen diren jarraitu ahal izango dute. “Herritarrek ez digute eskatzen entzutea soilik. Erantzuna nahi dute, argudioekin eta baita beraien iradokizunak nola txertatzen diren ebaluatu ahal izatea ere. Konpromiso hori hartu dugu eta betetzen jarraitzea da gure asmoa”. 
  

1432