DSBLa ( AGI) egokitzeko lan proposamena onartu du Aldundiaren Gobernu Kontseiluak
DSBLa ( AGI) egokitzeko lan proposamena onartu du Aldundiaren Gobernu Kontseiluak
Laguntzak ez du gizarteratzen laguntzen eta, gainera, beharrak asetu ordez premia gehiago sortzen dituela argudiatu du Peña diputatuak
Gobernu kontseiluak Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntzan ( DSBL) aldaketak onartu ditu. Maite Peña, Gizarte Politikako diputatuak, prozesua nola garatu den azaldu du: “Hasieratik esan genuen, laguntza ezberdinen eraginkortasuna handitu nahi genuela eta horretarako neurri bakoitza berraztertuko genuela. DSBLk, ikusi dugu, ez dituela bete beharko lituzkeen helburuak betetzen eta, Gobernu bezala, arduragabekeria izango litzateke, laguntza horri bere horretan eustea”. Maite Peña oso kezkatuta agertu da diru laguntza, soilik Gipuzkoakoa izanik, lurralde oreka apurtzen duelako, Gipuzkoan migrazio isuri artifiziala eragin duelako, konpontzen dituenak baina arazo gehiago eragiten dituelako eta, batez ere, “ diru-laguntza honek ez dielako onuradunei gizarteratzen batere laguntzen”, azaldu du.
Peñak gogoratu duenez, Gizarte Politikako departamentuak txosten tekniko bat egin zuen gutxieneko diru sarrerak bermatzeko laguntzaren inguruan eta, ondoren, txostenaren ondorioak elkarbanatu ditu alderdi politikoekin, hainbat alkaterekin, hirugarren sektoreko ordezkariekin eta beste eragile batzurekin. Egindako bilerak eta gero, eta guztien ekarpenak jasota, hartu dute diru-laguntza moldatzeko erabakia.
Berrantolatze prozesurako finkatutako epeak ere azaldu ditu Maite Peñak: 2016 ekainak 30 arte bere horretan mantenduko da DBSLa; onuradun direnek laguntzari eutsiko diote eta kargupean haurrak dituzten familiek, berriz, 2015eko abenduaren 31an Gipuzkoan erroldatuta bazeuden, urte bukaera arteko epea izango dute laguntza eskatzeko.
Elkar-Ekin plana
Gizarte politikako diputatuak azpimarratu du “inor ez dela bazterrean utziko” eta “edonori lagunduko diotela gizarteratzen, betiere norberaren beharrak zein diren kontuan hartuta”. Helburu horrekin, DSBLren ordez Elkar-ekin plana abiaraziko dutela jakinarazi du eta lan ildo nagusiak zein izango diren ere aurreratu du diputatuak: Bazterkerian edo bazterkeria arriskuan dauden pertsonen egoera ebaluatzeko, balorazio zerbitzu bat jarriko da martxan, eta egoitza eta eguneko zentroetan plaza gehiago eskainiko dira. Atal honen barruan, Maite Peñak HousingFirst proiektua ere azaldu du; ez da izango orohar zabalduko den eskaintza, baina muturreko bazterkerian dauden pertsonei bizilekua bermatuko dien ekimena izango da behintzat, eta Donostian jarriko dute abian proiektu pilotu bezala. Bazterkerian edo arriskuan dauden pertsonak lan merkatura gerturatzeko hizkuntza ikasteko ikastaroak, lanerako laguntza programak, gizarteratzen lagunduko duen ekonomia sozial eta solidarioko enpresak garatzeko laguntzak edo bazterkerian dauden pertsonentzako formazioan lagundu asmo du Elkar-Ekin planak, gizarte politikako diputatuak aurreratu duenez. Planak bazterkerian dauden pertsonei arreta hobea eskaintzea du helburu, aukerak sortu nahi ditu bazterkerian edo bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzako, gizarteratzea bultzatzen duten proiektuak sustatuko ditu eta beste babes sistema batzurekin, bereziki, soziosanitarioarekin, koordinazioa indartuko du arreta hobea eskaintzeko.
Halere, argi utzi du plana udalen, hirugarren sektorearen eta beste eragile batzuren eskutik, eta haien laguntzarekin osatuko duela eta datozen asteetan lan horretan murgilduta ibiliko direla aurreratu du Peña diputatuak.
1302