Eider Mendozak bere gobernuaren inguruko lehen nobedadeen berri eman du gobernu kontseilu ostean
Eider Mendozak bere gobernuaren inguruko lehen nobedadeen berri eman du gobernu kontseilu ostean
Kudeaketa planaren eta Aurrekontuen proiektuaren gainean lanean hasi da hiru zuzendaritza berri izango dituen Gipuzkoako foru gobernu berria
Gipuzkoako Diputatu Nagusi Eider Mendozak bere gobernuaren inguruko nobedadeen berri eman du, gaur, izendatu berri diren diputatuek asteartero egingo duten Gobernu Kontseiluaren ostean egindako prentsaurrekoan. Bere izendapena egin eta bost egunetara egin du agerraldia, “ideiak eta ibilbide orria argi” dituela adierazi eta lehen urratsen berri emateko. Aurreratu duenaren arabera, bera buru duen gobernua hasia da dagoeneko 2023-2027 Kudeaketa Plan Estrategikoa izango dena lantzen, bai eta datorren urterako aurrekontu proiektuaren zirriborroa prestatzen ere. “Ilusio haundiarekin hasten dugu ibilbidea. Erronka potoloak ditugu, baina argi daukagu gauzak nola egin, eta dugun onena emango dugu horiei guziei aurre egiteko” adierazi du. Mendozak aurreratu du Aurrekontuen proiektua urria amaitu baino lehen helaraziko dutela Batzar nagusietara, gainerako alderdi politikoek ekarpenak egin eta eztabaida zabaltzeko, eta Kudeaketa Planaren inguruan, berriz, aurreratu du urtea amaitzerako aurkeztuko duela Gipuzkoako Parlamentuan.
Lehen Gobernu kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan, halaber, “garai eta behar berriei” erantzuteko sortu zituzten hiru zuzendaritzen berri ematen du diputatu nagusiak, betiere argi utzita gobernua osatzen duten bi alderdien erabakia izan dela berrantolaketa horrek ez duela suposatuko konfiantzazko pertsonalera bideratutako inbertsioan inolako hazkunderik. Lehenengo zuzendaritza berria da Gobernantza departamentuan kokatuko den Administrazioaren Berrikuntzarako zuzendaritza nagusia. Bigarrena, Zainketetako eta gizarte Politiketako departamentuko 2030 Agendako, Berrikuntzako eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusia. Eta azkena, Jasangarritasun departamentuko Ingurumen Administrazioko Zuzendaritza Nagusia. Horrez gain, gainerako erakundeekin harremana sendotzeko arduradun bat izendatuko da Diputatu Nagusiaren Kabinetean. “Erronka berriei erantzuteko erreminta berriak sortu behar dira eta hala egin dugu, berrikuntzan, 2030 agendan, ingurumenean eta erakunde arteko harremanetan jauzi kualitatiboa emateko”, defendatu du.
Mendozak nabarmendu du bere gobernuaren helburua izango dela pertsonen zaintza hobetzen jarraitzea; Gipuzkoako lehiakortasuna eta kalitatezko enpleguak sustatzea; eta etorkizuneko erronkei elkarlanetik erantzutea. Eta horretarako, lurraldeko txoko guziak bisitatuko dituela: “Hautagaitza aurkeztu nuenean argi esan nuen nirea ez zela bulegoko legealdia izango. Gipuzkoa plazatik Gipuzkoa osora barreiatuko ginela datozen lau urteetan, ahalik eta herri, auzo, elkarte, enpresa, eragile eta erakunde gehienekin egoteko. Agenda berritzaile eta aktiboa izango dugu, gure erabakietan asmatzen lagunduko diguten lurraldeko errealitateak bertatik bertara ezagutzeko eta gizon emakumeei aurrez aurre entzuteko”. Eta ildo horretan nabarmendu du lurraldeko 88 herriak, 65 zaharren egoitzak, enpresak, eragileak, elkarteak eta gure lurraldeari ekarpena egiten dioten gainerako talde eta ordezkaritzekin egoteko asmoa daukala datozen lau urteetan.
Halaber, oposizioko taldeekin ere elkarrizketa eta akordiorako bide guziak zabaltzeko asmoa erakutsi du. “Aurreko legealdian, gehiengo absolutua genuenean, hala egin genuen konbentzimenduagatik Mahai Politikoaren bidez. Eta orain, konbentzimenduaz gain, beharra izango dugu, beraz oraindik eta ahalegin haundiagoa egingo dugu”, aurreratu du jarrera eraikitzaile, dialogante eta gertukoa izango duela ziurtatzeko.
Diputatu nagusiarekin batera agerraldian izan da Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile berria, Irune Berasaluze. Erakundeko kide izan ezik, honen ahotsa izatea “benetako ohorea” dela onartu du eta hedabideei bere prestutasun eta gertutasun osoa adierazi die, hemendik aurrera, “Gipuzkoa eta gipuzkoarren intereseko diren berri, politika publiko eta albisteen transmisioan bidelagun izateko”.
Donostia, 2023ko uztailak 4
4202