Breadcrumb

Asset Publisher

Back Ekintza ikastolako haurrek hiria ezagutzeko eta inguruaz hausnartzeko aukera izan zuten

Ekintza ikastolako haurrek hiria ezagutzeko eta inguruaz hausnartzeko aukera izan zuten

‘Haurren Erabakia’ proiektuaren baitan, Ekintza Ikastolako LHko 5. mailako ikasleek Donostiako leku ezberdinak eta horien erabilerak aztertzeko aukera izan zuten parte hartzean oinarritutako tailerren bitartez.

2018/02/07

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UNICEFek ‘Haurren Erabakia’ proiektua abiarazi dute haurren eta nerabeen parte hartzea sustatzeko eta horien iritzi, ekarpen eta proposamenak politika publikoen diseinuan txertatzeko.  Gauzak horrela, parte hartze prozesu honetan gazteek hiri mailako zein lurralde mailako lanketa egingo dute. Lehen kasuan, hiriaren inguruko hausnarketa egingo dute, Gipuzkoa mailan, aldiz, etorkizuneko erronkei helduko diete, ondoren, Foru Aldundiaren aurrekontu irekietan parte hartu eta proposamenak eta ekarpenak egiteko. “Modu honetara, politika publikoen diseinuan haur eta nerabeen parte hartze eskubidea bermatu nahi dugu”, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak adierazitakoaren arabera.

Urtarrilaren 29an eta 31n Donostiako Ekintza Ikastolako Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek hiri mailako azterketari ekin zioten. Beren adinari lotutako arduretatik abiatuta eta beren beharrak eta nahiak kontuan hartuta hiriaren hainbat aspektu landu zituzten: dimentsioa, auzoak, leku desberdinak eta horiei ematen zaien erabilera… Horrela, haurrek beren ingurua nola bizitzen duten ezagutzeko aukera izan zen. Hausnarketa horren baitan, haurrak jabetu ziren zer esana badutela eta, horren haritik, hiriaren hobekuntzarako proposamen ezberdinak landu zituzten.

Aipatu saioetan lan metodologia parte hartzailea eta dinamikoa erabili zen, haurrengan sormena eta hausnarketa sustatzeko helburuarekin. 

Hiriaren azterketan murgildu aurretik, eta haurrak gaian kokatzeko, ‘egia ala gezurra’ izeneko dinamika egin zen. Hezitzaileek zenbait baieztapen egin eta haurrek egia ala gezurrak ziren erabaki behar zuten, baieztapen horien inguruko hausnarketa sustatuz. Ondoren, talde txikitan banatuta eta hiriko plano bat esku artean izanda, eurentzat garrantzitsuenak diren lekuak identifikatu eta leku horien inguruko hausnarketa egin zuten, hobetuko lituzketen egoerak zehazteko eta euren behar eta nahien araberako hiriaren plano edo eredu berria diseinatzeko.

Haur parte-hartzaileak jakitun ziren egindako proposamen eta eskaera guztiak ez direla Gipuzkoako Foru Aldundiaren edo Donostiako Udalaren eskumenekoak. Halere, beraientzat garrantzitsuak diren esparruetan parte hartzeko eta beraien iritzia emateko nahia azpimarratu zuten, batik bat, hezkuntza eta aisialdiari lotutakoak.

Lanketa eta proposamen aberasgarriak

Egindako tailerretan, besteak beste, zortzi gai garrantzitsu jorratu eta azpimarratu zituzten Ekintza Ikastolako ikasleek eta horien gaineko proposamen zehatzak ere egin zituzten.

Adibidez, Ikastolaren inguruari dagokionez bi gai landu ziren. Alde batetik, Ikastolara iristeko aldaparen hasieran dagoen zebra-bidearen inguruan jardun zuten. Batzuk hori aldatzearen alde zeuden oinezkoentzat arriskutsua izan daitekeelako eta besteek, ordea, zebra-bidea bere horretan mantentzearen alde egin zuten, kotxeen erraztasunerako horrela eginda dagoela ulertzen baitzuten. Bestalde, Ikastola atzeko maldan zeuden zuhaitzak moztu ziren eta haurrak berriak landatzeko boluntario aurkeztu ziren.

Julio Caro Baroja Plazari lotuta, bertan antolatzen diren feriak denbora gehiago egotea eta merkeagoak izatea proposatu zuten. Izan ere, Plazan aisialdi eskaintza urria dagoela aldarrikatu zuten.

Hondartzen egoera hobetze aldera, ikasleek ezinbestekoa ikusi zuten sortzen den zaborraren kontrola egitea eta hiritarrak jabetzea horren ardura dutela. Gainera, udako toldoen egutegia luzatzea eta parkeak berritzean beren iritzia kontuan hartzea gustatuko litzaieke. Esaterako, Ondarretan dagoen parkea hobetzeko tirolina batzuk jartzea proposatu zuten, besteak beste.

Aquariumari lotuta, animaliak askatzea proposatu zuten. Haurrak kontziente dira animalia batzuk bere habitatetik kanpo ezingo dutela biziraun, baina giltzapetuta ez dituzte ondo ikusten. Egindako proposamena izan zen animaliak gugana ekarri beharrean gu hurbiltzea haiengana “urpekari” moduko itsasontzi bat erabilita.

Animaliak alde batera utzi gabe, Cristina Enea parkean animalia gehiago egotea proposatu zuten. Horiek zaintzeko ardura haurrek hartuko lukete (jaten eman, garbitu, txukundu…), izan ere, animalia desberdinekin harremana izatea gustatuko litzaieke.

Tabakaleraren inguruan, umeentzako filmak eta erakusketak eskaintzea eskatu zuten. Haur batzuk aipatu zuten ikusi izan dutela euren adinekoentzat prestatutako egitaraua, baina aniztasun handiagoa gustatuko litzaiekela aldarrikatu zuten.

Anoeta leku gatazkatsutzat jotzen dute askok eta baketsuagoa bilakatzea gustatuko litzaieke. Horretarako, ultrei sarrera debekatzea eta segurtasun neurriak hobetzea proposatu zuten.

Amaitzeko, Igeldoko atrakzio parkeari dagokionez, parkea hobetzea proposatu zuten, batez ere, dauden jolasak txukunduz eta berriak eraikiz. Horrela, aisialdi eskaintzaren aniztasuna eta kalitatea hobetzeko.

  

1612