Breadcrumb

Asset Publisher

Back Ekintza komunitarioa aldarrikatu du Gipuzkoak, egungo munduko erronka konplexuei erantzuteko

Ekintza komunitarioa aldarrikatu du Gipuzkoak, egungo munduko erronka konplexuei erantzuteko

160 lagunek parte hartu duten lan prozesua osatu du lurraldeak, ekintza komunitarioren marko kontzeptuala definitzeko balio izan duena.

2022/09/14
Eider Mendoza foru diputatua eta ikastaroko hizlariak.

160 pertsona inguruk parte hartu dute azken hilabeteotan Gipuzkoako Foru Aldundia buru izan duen lan prozesu batean, ekintza komunitarioaren inguruko marko kontzeptual, estrategiko eta operatiboa definitzea helburu zuena. Gaur aurkeztu dute dokumentua EHUko Udako Ikastaroetan, eta datozen urteetan Gipuzkoako ekintza komunitarioa bideratuko duen ikuspegia jasotzen da bertan, administrazio publikoak bete behar duen papera bi rol, zazpi printzipio metodologiko eta bost estrategiatan laburbilduz. Eider Mendoza Gobernantzako diputatuak esan duenez, “egungo egoeran ditugun erronka konplexuen aurrean, Gipuzkoatik partaidetza, lankidetza eta ekintza komunitarioa aldarrikatu nahi ditugu, erronka horiei erantzuteko”.

Foru ordezkariak gaur eta bihar artean egiten ari den den udako ikastaroaren irekieran parte hartu du, "Ekintza komunitarioa: erronkak eta esperientziak" izenburupean. Ikastaroan, Oscar Rebollo UABko soziologiako irakasle eta Bartzelonako Udaleko Ekintza Komunitarioko Zerbitzuen zuzendari ohiak ere parte hartu du, Gipuzkoan garatutako kontzeptualizazio prozesua gidatzen aritu dena. Guztiek eskertu nahi izan dute Gipuzkoako prozesuan parte hartu duten pertsona denen inplikazioa, maila instituzional desberdinetako arduradun politikoak (udalak, aldundia, Eusko Jaurlaritza) eta hainbat arlotako langileak (gazteria, kirolak, parte-hartzea, berdintasuna, osasuna) izan baitituzte. Ekintza Gipuzkoako Eskola Irekiaren esparruan kokatzen da; Etorkizuna Eraikizen proiektu esperimentala da hau, eta herritarrak ahalduntzea du helburu, haien parte-hartze politikoa bultzatzeko.

Mendozak lankidetza eta ekintza komunitarioan sakontzearen aldeko apustua egin du gaur egungo erronkei aurre egiteko. "Gaur egungo munduko korronte indibidualisten aurrean, Gipuzkoan gure izaera komunitarioa indartzearen alde egiten dugu, pertsonen arteko sareak ehuntzearen alde, elkar hobeto eta gehiago zaintzeko", adierazi du. Hala, azaldu duenez, azken hilabeteetan eratu den kontzeptu-esparruak ekintza komunitario gisa definitzen du erronka sozialei modu kolektiboan erantzutea planteatzen duen edozein ekintza edo proiektu: "Administrazio publikook ezin dugu bakarrik jardun, eta herritarren inplikazioa eta protagonismoa bilatzeko eta errazteko lan egin behar dugu".

Foru diputatuak gogorarazi du mundua aldaketa prozesu etengabean dagoela, azken urteetan izandako iraultza zientifiko eta teknologikoak bultzatuta, baina horri orain krisi ekonomikoaren gaia ere gehitu behar zaiola. "Pandemiaren ondorio luzeak, Ukrainaren inbasioa, krisi energetikoa eta atzeraldi ekonomikoaren mehatxua… konplexutasun handiko gaiak dira guztiak, denoi eragiten digutenak, erantzun sendoak eta adostasun zabala dutenak behar dituztenak", adierazi du. Hori dela eta, Aldundia gizartearekin partaidetza, komunikazio eta ekintza komunitarioko bide berriak irekitzeko prozesuan murgilduta dago, batez ere Etorkizuna Eraikizen esparruan egiten diren ekimenen bidez.

 

Erraztu eta eraiki

Horrela, administrazio publikoak ekintza komunitarioa sustatzeko orduan jokatu behar dituen rol nagusiak erraztea eta eraikitzea dira. Era berean, gaur aurkeztutako dokumentuak erakundeek arlo horretan arrakastaz jarduteko jarraitu beharreko bost estrategia jasotzen ditu: politika sektorialetan ikuspegi komunitarioa txertatzea; azpiegitura sozialak edo komunitarioak eraikitzea; elkarteen proiektuak edo herritarren gaitasunak indartzea; antolatu gabeko herritarrekin eta herritarren alde lan egitea; eta erakunde bakoitzaren barruan zein administrazio desberdinen artean aliantzak elkarrekin sortzea. Esparru hori, foru diputatuak sakondu duenez, udal bakoitzera egokitu behar da gero, “eta Aldundia hor egongo da, behar denean laguntzeko”.

Mendozak azaldu duenez, kontzeptualizazio-prozesu horren bidez, Gipuzkoak lehen urratsa eman du lurraldeko ekintza komunitarioa antolatzeko eta homogeneizatzeko. “Zenbait udalek harremanak izateko modua birpentsatzeko eskatu ziguten, ekintza publikoari koherentzia, orientazioa eta zentzua emateko. Gaur aurkeztu dugun dokumentuak jasotzen duena horixe da, daukaguna antolatzen duen esparrua, baina batez ere hausnarketa eta eztabaida partekatu baten emaitza dena”, azaldu du. Haren ustez, egindako lana baliagarria izango da administrazioen eta gizartearen arteko harremanak behar bezala berreraikitzen laguntzeko.

  

2764