Breadcrumb

Asset Publisher

Back Ekonomia zirkularraren autodiagnostikoa tokiko saltokietan, lehiakortasuna handitzeko

Ekonomia zirkularraren autodiagnostikoa tokiko saltokietan, lehiakortasuna handitzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok eta Donostiako Udaleko Sustapen Ekonomiko eta Merkataritzako zinegotzi Marisol Garmendiak gaur goizean aurkeztu dute tokiko saltokietan ekonomia zirkularraren eta GJHen autodiagnostikoa egiteko tresna berria

2021/07/19

Tresna hori, hasiera batean, Shops Donostia elkarteko dendetan testatuko da, eta 150 bat saltokitara iristea espero da. Gipuzkoako hiriburuko pilotajearen ondoren, metodologia lurralde osoan aplikatuko da.

Atxikitzen diren saltokientzat berezko zigilu bereizgarri bat sortzea baloratuko da.

Asensio: "Ekonomia zirkularrari buruzko autodiagnostikoa egiteak eta gomendioak aplikatzeak, ekonomia eta ingurumen mailako onurak ekartzeaz gain, merkatu-nitxo berriak irekitzen lagun diezaieke saltokiei". "Ahal diren tresna guztiak eskaini behar ditugu gure ekonomia etorkizun jasangarri batera egokitzeko eta gure lehiakortasuna ikuspegi ekologikotik indartzeko, hazkundea bultzatuz eta, aldi berean, ingurumena babestuz".

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok eta Donostiako Udaleko Sustapen Ekonomiko  eta Merkataritzako zinegotzi Marisol Garmendiak gaur goizean aurkeztu dute tokiko saltokietan ekonomia zirkularraren eta GJHen autodiagnostikoa egiteko tresna berria. Helburua da sektore guztietako saltokiek web-tresna bat izatea jakiteko zein mailatan dauden Ekonomia Zirkularrari eta GJHak betetzeari dagokionez, hartara euren estrategiak egokitzeko eta ekonomia eredu jasangarriagoetara igarotzeko aukera izan dezaten.

 Tresna metodologikoa webgunean egongo da eskuragarri, eta autodiagnostiko formatuan egingo da. Modu sinple, intuitibo eta erabiltzaileen premietara egokituta diseinatuko da, ekonomia zirkularrarekin eta GJHak betetzearekin zerikusia duten hainbat alderdi neurtzeko helburuarekin, hala nola, saltokietako hondakinen kudeaketa, bilgarriak, argiaren faktura, aireztapena, produktuen trazabilitatea, hornitzaileak eta abar. Atxikitzen diren saltokiek aholkularitza teknikoa izango dute prozesuan orientatzeko, eta hobekuntzak egin ahal izango dituzte beren estrategia eta politiketan, egingo zaizkien hobekuntzako eta egokitzapeneko gomendioei esker. Era berean, atxikitzen diren saltokientzat berezko zigilu bereizgarri bat sortzea baloratzen ari dira.

Jose Ignacio Asensio foru diputatuak azpimarratu duenez, 2020-2030 hamarkada hau estrategikoa da trantsizio ekologiko justua egin ahal izateko, eta ezinbestekoa da sektore desberdinen beharretara egokitutako ekintza planetan lan egitea orain: "tresna posible guztiak eskaini behar ditugu gure ekonomia etorkizun jasangarrira egokitzeko eta gure lehiakortasuna ikuspegi ekologikotik indartzeko, hazkundea sustatuz eta, aldi berean, ingurumena babestuz".

Bestalde, Donostiako Udaleko Sustapen  Ekonomiko eta Merkataritzako zinegotzi Marisol Garmendiak adierazi duenez, “tokiko merkataritzak, hiriko jarduera ekonomiko nagusietako bat den aldetik, ekonomia zirkularrarekin konpromiso aktiboa hartu behar du, hondakinen sorrera eta energiaren gehiegizko kontsumoa murriztuz. Ekintza hau Donostiak klima-aldaketaren aurkako borrokan duen aldeko apustuaren adibide egokia da”.

Irizpide zirkular eta jasangarrien autodiagnostikorako tresna horrek lagunduko die saltokiei irizpide ekologikoak beren balio-kate osoan sartzen, eta lehiarako abantaila izango da epe ertainean. Foru diputatuak nabarmendu duenez, "autodiagnostiko bat egiteak eta ekonomia zirkularrari buruzko gomendioak aplikatzeak, ekonomia eta ingurumen mailako onurak ekartzeaz gain, merkatu-nitxo berriak irekitzen lagun diezaieke saltokiei".

Irailetik aurrera, tresna diseinatzen eta probatzen hasiko dira, Shops Donostia elkartearekin  lankidetzan.  Lehen fase horretan, arreta jarriko da Gipuzkoako merkataritzan bere errealitatea ulertzeko eta gizartean eta ingurumenean dituen inpaktuak ezagutzeko.  Web tresna diseinatuko da eta hainbat azpisektoretako saltoki talde txiki batekin testatuko da.

Abendutik aurrera, eskuragarri egongo da autodiagnostikorako tresna eta Shops Donostia elkarteko kide guztiei zabalduko zaie aukera.  150 bat saltokitara iristea espero da.

Ekainean, sei hilabeteko pilotajearen ondoren, Gipuzkoa osora iristeko estrategia bat zehaztuko da. Asmoa da web-tresna bera eta galdera berak izatea, baina baloratu beharko da eskualde bakoitzak zer erakunde mota biltzen dituen edo zer premia izan ditzakeen.  Gainera, hirugarren faserako, atxikitzen diren saltokientzat berezko zigilu bereizgarri bat sortzea baloratuko da.

 

  

1983