Ekonomia Zirkularrari buruzko Nazioarteko I. Topaketa
Ekonomia Zirkularrari buruzko Nazioarteko I. Topaketa
Topaketan, Birziklatze Industriaren Europako Konfederazioko ordezkariak Gipuzkoako birziklatze enpresa batzuk ikustera joango dira.
Topaketan, Birziklatze Industriaren Europako Konfederazioko ordezkariak Gipuzkoako birziklatze enpresa batzuk ikustera joango dira, ekonomia zirkularraren alorrean egiten duten lana bertatik bertara ezagutzeko.
José Ignacio Asensio: “Gipuzkoak birziklatzearen sektorea bikoizteko eta 2030. urterako 10.000 enpleguetara iristeko helburua du”.
José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak eta Ion Olaeta Birziklapenaren Espainiako Federazioko lehendakariak urtarrilaren 30ean eta 31n Miramongo Teknologia Parkean egingo den Ekonomia Zirkularrari buruzko Nazioarteko I. Topaketa aurkeztu dute gaur goizean.
Ekimena Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak sustatu du EuRIC Birziklatze Industriaren Europako Konfederazioarekin eta FER Espainiako Berreskuratzearen eta Birziklatzearen Federazioarekin elkarlanean, eta 200 profesional inguru elkartzea espero da; enpresentzat eta enpleguarentzat ekonomia zirkularra ezartzeak dituen abantailak izango ditu ardatz programak.
Topaketak enpresaren mundua, jakintzarena eta erakundeena bat egitea du helburu, guztion artean lurralde jasangarriagoa lortzeko lagungarri izango diren jarduerak abian jartzeko. Horrela, 2030. urteari begira, Gipuzkoak birziklatzearen sektorean dituen helburuak indartzen dira, besteak beste, klima aldaketaren prebentzioa eta haren aurka borroka egitea, zero isurketa eta zabortegirik gabeko hondakinen kudeaketa eredua lortzeko.
Jardunaldian bertaratuek Birziklatze Industriaren Europako Konfederazioko, Europako Batzordeko eta Frantziako Ekonomia Zirkularreko Institutuko nazioarteko adituen esperientzia eta jakintza zuzenean ezagutzeko aukera izango dute.
Horrez gain, jardunaldian workshopak egongo dira, zalantzak argitzeko, eta aztertzeko, adituekin batera, alde batetik, ekonomia zirkularrak enpresa eta industrietara eraman ditzakeen abantailak eta onurak, eta, bestetik, horrek lege aldetik izango dituen erronkak, horiei nola aurre egin, eta epe motz, ertain eta luzean aplikatzeko dauden perspektibak.
Urtarrilaren 31n, Birziklatze Industriaren Europako Konfederazioko hainbat arduradunek osatutako ordezkaritza bat Gipuzkoako birziklatze enpresa batzuk ikustera joango da eta bertatik bertara ezagutuko dituzte gure lurraldean egin diren aurrerapenak eta abian dauden proiektuak, arlo honetako erreferente bihurtu gaituztenak. Lan horri esker, litekeena da sektoreko zifrak bikoiztea eta 2030. urterako 10.000 enplegura iristea. Izan ere, ekonomia zirkularra klima aldaketari aurre egiteko ezinbestekoa izateaz gain, nahitaezkoa da Gipuzkoaren etorkizunerako ere. Gaur egun birziklatzearen sektoreak eta ekonomia zirkularrak 500 milioi euroko bolumena dute eta 5.000 pertsonari enplegua ematen diete. José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi du “hurrengo hamar urtetan, Gipuzkoak sektorea bikoiztu dezake eta 10.000 lanpostuen zenbatekoa gainditu”. Hau dela eta, “ekonomia zirkularra ez da soilik klima aldaketari aurre egiteko baliabide bat, Gipuzkoaren etorkizunari begira ezinbestekoa da ere, aberastasun eta ongizate iturria baita”, nabarmendu du Asensiok.
1552