Breadcrumb

Asset Publisher

Back Bihar hasiko da Antioko musikaldia, 40 urteko ibilbidean 27.600 entzule baino gehiago izan dituen musika zikloa

Bihar hasiko da Antioko musikaldia, 40 urteko ibilbidean 27.600 entzule baino gehiago izan dituen musika zikloa

María José Tellería: «Antioko Musikaldia finkatuta dago; COVID-19ak eragindako edukiera murrizketak amaituta, pandemia baino lehen zuen entzule kopuru bera du gaur egun. Edizio bakoitzean 700 entzule bertaratu dira, COVID-19aren bi urteetan izan ezik, 500 pertsonara mugatu baitzen entzuleen kopurua". Mikel Serrano: «Aurten kontzertu bat gehiago izango da Musikaldian, sei denera: bost Antion, irailaren 2tik 30era, eta azkena, urriaren 7an, larunbatean, Igartubeiti baserrian». 

2023/09/01
Goizane Álvarez Kultura Musika

Goizane Álvarez Kulturako diputatua, María José Telleria Kulturako zuzendaria eta Mikel Serrano Zumarragako alkatea


Antioko Musikaldiaren 40. edizioa hasiko da bihar, eta sei kontzertu izango ditu, aurreko urteetan baino bat gehiago. Irailaren 2tik urriaren 7ra bitartean, larunbatetan, doako bost kontzertu egingo dira Antioko ermitan, eta azken egunean «Sagarrondo Txintxo, Sagarrondo on!» ikuskizuna izango da Igartubeiti Barriko Dolarea baserrian, 18:00etan.  Ermitako kontzertuak 19:30ean izango dira, eta autobus zerbitzua Elizkaletik abiatuko da 19:00etan.

Gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundian egin den prentsaurrekoan, María José Tellería Kulturako zuzendariak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak azaldu dute 40 urteko ibilbidean 27.600 pertsona baino gehiago bertaratu direla Musikaldira. Edizio bakoitzean 700 pertsona inguru hurbiltzen dira Musikaldian antolatutako kontzertuetara, COVID-19aren bi urteetan izan ezik, edukiera 500 pertsonara murriztu behar izan baitzen segurtasun neurriei eusteko. Gaur egun, pandemiaren aurretik biltzen zuen entzule kopuru bera biltzen du Musikaldiak.

Telleríak ziurtatu du ekimen hori duela 40 urte hasi zela musika eta kontzertuak lurralde osora eramateko eta musika jarduera «deszentralizatzeko» asmotan, eta esan du pozgarria dela Antioko Musikaldia «erabat finkatuta» dagoela ziurtatzea.  Are gehiago, ziur dago ermitaren akustika «onak», egurrezko sabaiei esker, eta Zumarragako Udalaren «beharrezko» antolamenduak eragin dutela, Musikaldia Gipuzkoako uda ondorengo kultur egutegian «ezinbesteko» hitzordua izatea.

Bestalde, Zumarragako alkate Mikel Serranok adierazi duenez, aurreko edizioetan bezala, datorrenean ere askotariko musika izango da, hainbat taldek interpretatuta eta estilo desberdinetakoa. Aurten ere ahalegina egin da «mota guztietako sentikortasun eta gustuei» erantzuteko. 

Azaldu duenez, aurten kontzertu bat gehiago egongo da, sei kontzertu denera. Urteurren honetan parte hartuko duten interpreteen artean, Steven Lin pianista iparramerikarra nabarmendu du; iaz ere etorri zen, arrakasta handia izan zuen, eta Zumarragako eta Urretxuko haurrekin bildu zen Musika Eskolan. Lin-ek, Tel Aviv-eko Arthur Rubinsteinen Nazioarteko Piano Lehiaketako lehen sariaren irabazlea eta musikaren haur prodigioa denak, piano errezitaldi bat eskainiko du irailaren 30ean, eta Blake Pouliot biolin-jolea izango du aldamenean. 

Musikaldia bihar hasiko da, irailaren 2an, larunbata, Antonio Serrano harmonikariak, Daniel Oyarzabal klabezinak eta Pablo Martín Caminero kontrabaxuak osatutako Bach&Bach taldearekin. Nazioarteko «ospe handiko» hiru musikari dira, eta 20 urte baino gehiago daramatzate elkarrekin jotzen. Musika klasikoa, popa, rocka, tangoa, flamenkoa eta jazza interpretatzeko gai dira. 

Irailaren 9an, Open Brass taldea igoko da Antiguako ermitako oholtzara. Haize metaliko perkusioduneko talde «berezi» bat da, agertokietan esperientzia “luze eta zabala” duena, eta hauek dira kideak: Nacho Valera tronboia; Luis Martínez, Alejandro Lozano eta Nacho Bolós, tronpetak; Eva Sánchez, perkusioa; eta, Juan Carlos Esteve, tronboia.

Irailaren 16an, Kea Ahots Taldearen txanda izango da. Talde hori «bakarra» da Euskadin bere generoan, eta musika garaikidean espezializatutako abesbatza garrantzitsuenetakoa ere bada estatu maila. 16 abeslari profesional dira eta, Enrique Azurza jarduten da zuzendari.

Irailaren 23an, Gorka Hermosa Zumarragako soinujoleak, Garikoitz Mendizabal txistulariarekin batera, bere «Sustraien Matxinada» (Roots Rebellion) proiektu berria aurkeztuko du Antion.  XXI. mendeko euskal musikaren inguruko begirada «iraultzaile» bat da, tradizioa eta modernitatea bateratzen dituena.  Disko bat grabatu dute eta laster aurkeztuko dute. Bertan, musikaren munduko bi mitok parte hartzen dute, Carles Benevent baxu-jotzaileak eta Tino di Geraldo bateria-jotzaileak, biak ere Chick Corea, Miles David, Paco de Lucía edo Camarón bezalako mitoekin arituak.

Azkenik, 40. edizio hau urriaren 7an amaituko da «Sagarrondo Txintxo, Sagarrondo on!» ikuskizunarekin. Garazi Etxaburu izango da dantzaria, Urbil Artola gitarra, eta, ahotsak, aldiz, David Azurza eta Andoni Salamero, Zumarragako poeta. Hitzordua, arratsaldeko seietan izango da, Igartubeiti baserrian.

DGN.actualidad.detalle.adjunto:

  

1956