Turismok Gipuzkoan hurbileko turismoa sustatzeko planak bultzatzearen aldeko apustua egin du
Turismok Gipuzkoan hurbileko turismoa sustatzeko planak bultzatzearen aldeko apustua egin du
Turismoko Zuzendaritzak "Hara! Hemen da uda!» kanpaina aurkezten du. Plan horien helburua da hurbiltasuneko eta kalitatezko turismoa sustatzea Gipuzkoako lurraldean zehar.
Gipuzkoako Foru Aldundiak udako turismo-kanpaina aurkeztu du gaur, «Hara! Hemen da uda!» leloarekin, zeinak ardatz nagusitzat baitu eguneko planak eta udan zehar Gipuzkoan programatutako ekitaldien askotariko agenda bat sustatzea. Asteroko planen agenda www.gipuzkoaturismoa.eus webgunean eta Gipuzkoa Turismoa sare sozialetan argitaratuz, ekintza honek jasangarritasun turistikoaren aldeko apustua egiten du eta hiriburutik deszentralizatutako interes-fokuak sortzen ditu, hartara Gipuzkoa osoan turisten fluxuak handitzeko.
Udako kanpaina honen bidez bi jende mota erakarri nahi dira. Alde batetik, Gipuzkoan bizi dena, tokikoa, udako hilabeteetan lurraldean geratzen dena eta proposamenak eta agenda oso bat eskatzen dituena. Bestalde, probintzia mugakideetatik datozen txangozaleak, hala nola Bizkaitik, Arabatik, Errioxatik, Nafarroatik edo Iparraldetik datozenak. Jendearen aniztasun geografiko horretara iristeko, estrategia digital bat gauzatuko da markaren sare sozialen bidez, hartara eremu horietan jarraitzaileen kopurua handitzeko.
Kanpainaren dinamika izango da Gipuzkoa Turismoa webgunean eta sare sozialetan asteko planak astero argitaratzea, ahalik eta informazio xehatu gehienarekin. Aurten, kanpainari ezaugarri bisual handi bat ematearen aldeko apustua egin da, eta, horretarako, estetika bat sortu da, bai alderdi grafikoan bai spotean, Wes Anderson zinema-zuzendariarengan eta haren «Asteroid City» film estreinatu berrian inspiratuta.
Turismo-gida berria
Kanpaina abiaraztearekin batera, Turismo Zuzendaritzak turismo-gida berria plazaratu du: lehendik zegoen gida eguneratu da, eta eduki berriak, agenda berritu bat eta komunikazio digitaletik hurbilago dagoen barne-diseinu berri bat gehitu zaizkio. Argitalpena doakoa da, eta lurraldeko turismo-bulego guztietan dago eskuragarri, bai eta eskualdeko garapen-agentzietan eta Aldundian bertan ere.
Okupazio-datuak
Uda honetako okupazioari eta bisitei dagokienez, Gipuzkoako Hotelak erakundeak berretsi egin dituzte denboraldi hasierako estimazio-datuak. Orduan, aurreikusten zuten hotelen okupazioa % 85 eta % 95 artekoa izango zela uztailerako eta abuzturako. Datu objektiboek berresten dute Gipuzkoak bere urtarokotasun-patroiei eusten diela Euskadiko gainerako lurraldeek baino maila handiagoan.
Bestalde, Nekatur, Nekazalturismoa Elkarteak hobetu egin ditu ostatuen okupazioaren datuak Gipuzkoan: 2021etik izandako hazkunde iraunkorrarekin jarraitzen da, uztaileko % 71,02ra eta abuzturako aurreikusitako % 69,78ra iritsi arte. Nabarmendu behar da barnealdeko eskualdeek erakargarritasun berezi bat izan dutela bidaiarientzat: % 87 Debagoienean, % 65,40 Tolosaldean eta % 64,5 Urola Garaian.
Aparture Euskadiko Apartamentu Turistikoen Elkarteak, bestalde, azpimarratu du uztaileko datuak aurreko denboraldikoen antzeko mailetan mugitzen direla, Donostian okupazioa ehuneko puntu bat jaitsi baita, okupatutako plazen % 82 gaindituta. Turisten jatorriari dagokionez, adierazi dute hazkunde nagusia Suediatik, Herbehereetatik eta Australiatik datorrela. Bisitari horiek Erresuma Batutik (-% 39,5), Alemaniatik (-% 37,6) eta Frantziatik (-% 28,1) etorritako bidaiarien beherakada nabarmena konpentsatzen dute.
2151