MUBIL Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriaren Poloak bultzada erabakigarria jaso du finkatzeko bidean
MUBIL Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriaren Poloak bultzada erabakigarria jaso du finkatzeko bidean
MUBIL Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriaren Poloak bultzada erabakigarria jaso du finkatzeko bidean
Lehenengo fasean, CIDETECen eta TECNALIAren azpiegitura bana hartuko ditu, eta CEITekin batera proiektu bat sustatuko du, 30 milioi eurotik gorako baterako inbertsioarekin.
Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriaren Poloa Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan sortutako proiektu bat da eta bultzada erabakigarria jaso du finkatzeko bidean, elkarlanaren ondorio diren azpiegitura berrien eta garrantzi handiko proiektuen eskutik. MUBILen behin betiko egoitzaz gain (uztailean hasi ziren obrak Eskuzaitzetan, 14,2 milioi euroko aurrekontuarekin), Poloak, dauzkan 48.000 m2-tan, energia biltegiratzeko CIDETECen egoitza berri bat hartuko du, mugikortasun jasangarrirako eta energia-trantsiziorako eraikin bat, TECNALIAk kudeatua, eta motor elektrikoak ekodiseinatzeko proiektu bat sustatuko du CEITekin lankidetzan. Horrek guztiak 30 milioi eurotik gorako baterako inbertsioa ekarriko du, Aldundiak eta zentroek batera finantzatuta.
Horien guztien berri eman da gaur, Poloaren aurrerapausoak mugikortasun jasangarriarekin lotutako hainbat eragile, enpresa eta erakunderekin partekatzeko antolatutako gizarteratze-jardunaldi batean. Bertan izan dira Markel Olano diputatu nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea, Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua, Ane Insausti MUBILeko zuzendaria, Iñigo Ansola EEEko zuzendaria, Javier Rodríguez, Jesús Valero eta Juan Meléndez CIDETEC, TECNALIA eta CEITeko zuzendariak, hurrenez hurren (solasaldi batean parte hartu dute), baita Adegi, Gipuzkoako Ganbera, BIC Gipuzkoa eta hizpide dugun arloan diharduten Gipuzkoako enpresen ordezkariak ere.
Tabakaleran izan da ekitaldia, eta Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriaren Poloa nolakoa izango den ezagutu ahal izan dute parte-hartzaileek, 3Dko murgiltze-esperientzia baten bidez, errealitate birtualeko betaurrekoekin. Gainera, José Manuel Cubert automobilen elektrifikazioan aditu eta GKN Drivelineko Ingeniaritzako zuzendari ohiak, hitzaldi bat eman du, «Mugikortasun jasangarria - MUBIL Poloaren erantzuna» izenburupean.
Diputatu nagusiak gogorarazi du «eragile erreferenteak» MUBIL Poloan sartzea albiste bikaina dela Gipuzkoako eta Euskadiko gizartearentzat, eta eskerrak eman dizkie hiru zentroei «proiektuan duten konfiantzagatik eta haien lankidetzagatik». «Izan ere, asmo handiko apustua da, eta, batez ere, partekatua. MUBILen gaitasun teknologikoak eta espezializazio-gaitasunak biderkatzeko aukera emango digu, eta Europako mugikortasun berriko ekosistema puntakoenen parera iristekoa ere bai. Proiektu hau funtsezkoa izango da gure industria osoari eta enpresa txiki eta ertainei mugikortasun-eredu berri baterantz eraldatzen laguntzeko, berebiziko garrantzia duen erronka baita klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren aurrean, kontuan hartuta sektore horrek gure industria-sarean duen pisua. Aukera emango digu gure ekonomia indartzeko eta garapen- eta enplegu-aukera berriak sortzeko», adierazi du.
Bestalde, Ane Insausti MUBILeko zuzendariak azaldu duenez, proiektu horien gauzatzea prozesu ireki baten emaitza da. Prozesu horretan, «lurraldeko I+Gko zentroek beren ekimenak aurkeztu ahal izan dituzte», eta nabarmendu du Poloa «etengabe hazten ari den errealitatea dela. Gure aurreikuspena da eragile berriak sartzen jarraitzea, bai zentroak, bai prestakuntza-arloko eragileak eta enpresak, eta hainbat elkarrizketa izaten ari gara, epe labur edo ertainera fruituak ematen jarraituko dutenak». Zuzendariak gaineratu duenez, «Poloa berrikuntza irekiko ekosistema bat izango da, gaitasun osagarriak batzea eta enpresei eta eragileei zerbitzu bateratuak eskaintzea ahalbidetuko duena, elkarlan gehiago eta hobearekin. Poloa mugikortasun berriari loturiko ezagutza-arlo gakoen elkargune bat izango da; beraz, eskura izango ditugun ezagutzarekin eta baliabide teknikoekin, Gipuzkoa eta Euskadi lehiakorragoak izango dira eremu horretan».
Era berean, Jabier Larrañaga diputatuak gogorarazi duenez, Mubil Poloa Eskuzaitzetako espaziotik harago doa; izan ere, «Zubietan ditugun 48.000 m2-etan fisikoki integratzea ez ezik, lankidetza-proiektuak abiarazteko interesa duten eragileen ekimenak aztertzea ere aurreikusten dugu; esaterako, CEITena, eta etorriko dira gehiago». Hizpide izan du, halaber, Gipuzkoako ordezkaritza batek orain dela gutxi egindako berrikuntzako misioa; Herbehereetako mugikortasun berriko ekosistema ezagutu eta lankidetza-bideak aztertu ahal izan ditu, eta nabarmendu du «poloaren hazkundeak aukera emango digula nazioartekotzean jauzi kualitatibo bat egiteko eta Europako antzeko ekimen aurreratuagoekin lotzeko». Eremu hori loraldian da, eta hori baliatzeko momentua da. Apustu honi esker, irteerako parrillaren lehen postuetan kokatuko gara».
Energia biltegiratzea
Horrela, MUBIL poloak CIDETECen egoitza berria hartuko du, zeina energia biltegiratzean zentratuko baita, guztira 18,3 milioiko baterako inbertsioarekin. Azpiegitura horri esker, gaitasunak indartu ahal izango dira energia-trantsizioaren funtsezko eremu batean, hori baita gakoa energia berriztagarriak modu efizientean aprobetxatzeko eta sisteman integratzeko. Baterien teknologiak, hala nola litio-ioizkoak, funtsezkoak dira mugikortasun jasangarriko estrategiak hedatzeko, eta aukera ugari planteatzen dituzte tokiko eta nazioarteko mailan, enpresa, negozio-eredu, produktu, teknologia eta kontsumo-ohitura berrien sorrerak bultzatuta.
MUBIL poloaren egoitza berriarekin, CIDETEC Energy Storage-ren espazioa egungoa halako bi izango da. Azalera horren erdia baino gehiago materialetan eta sistema-ingeniaritzan ikertzeko laborategietarako izango da, baita probatarako eta eskala doitzeko laborategietara ere, teknologia 9 inguruko TRLra garatzeko. Horrela, Gipuzkoak eta Euskadik, oro har, energia biltegiratzearekin eta, bereziki, bateriekin lotutako teknologia garatzeko Europako gune handienetako bat izango dute.
CIDETEC eragile erreferentea da energia biltegiratzearen eremuan, balio-kate osoan, gelaxketatik hasi eta sistemak eratu eta amaierako aplikazioan txertatu arte. MUBIL poloaren ahalmen teknologikoa osatu eta biderkatuko da azpiegiturarekin, eta, beraz, Gipuzkoan eta Euskadi osoan mugikortasun adimendunaren eta jasangarriaren sektoreari laguntzeko eta bultzada emateko aukerak, I+G+Bko proiektuak garatuz, enpresei zerbitzuak emanez eta enpresa-ekimen berriak sustatuz, ezagutza propioan eta/edo hautemandako merkatu-aukeretan oinarrituta. Aurreikuspenen arabera, egoitza berria 2024a amaitu baino lehen egongo da martxan.
Javier Rodríguez CIDETECeko zuzendari nagusiak adierazi duenez, «CIDETEC elkarlan estuan aritu da MUBILekin hasi-hasieratik. Esaterako, CIDETECek kudeatzen du MUBILen bateria-saiakuntzetarako laborategia. Tolosan dago egun, eta Eskuzaitzetara lekualdatuko da, gaitasunak handituz. Halaber, ia 20 milioiko inbertsio berriarekin, CIDETEC Energy Storagek plan estrategikoa garatu ahal izango du; horren arabera, tamaina bikoiztu nahi du datozen 5 urtetan. Era berean, MUBIL poloak mugikortasun berriaren balio-kate osoari eskainiko dion teknologia- eta industria-ingurune horrek aukera emango du gure estrategiaren alderdi funtsezko bat garatzeko; hau da, enpresa-ekimen berriak abiaraztea baterien arloan».
Mugikortasun jasangarria eta energia-trantsizioa
TECNALIA ere Eskuzaitzetako polo berriko eragile erreferentea izango da, eta mugikortasun jasangarrira eta energia-trantsiziora bideratutako espazio berri bat izango du, 9,9 milioi inguruko inbertsioa ekarriko duena. Lau laborategi hartuko ditu: hidrogenoa mugikortasunerako erabiltzeko ekipamendu berezi bat, bakarra Euskadin, eta MUBILen test-gaitasunekin koordinatua; beste bat hidrogenoa sortzean zentratua, monogelaxkak eta stack txikiak elektrolisi-teknologia anitzekin garatzeko, fabrikatzeko eta probatzeko ekipamenduarekin; hirugarrena biltegiratzean, garraioan eta banaketan zentratuta egongo da, hidrogeno gasarekin edo hidrogeno likidotuarekin kontaktuan dauden materialak probatzeko ekipamenduarekin; eta laugarrena hiriko aireko mugikortasunarekin eta aireko robotikarekin lotutako teknologiak, aplikazioak eta aireontziak garatzera bideratuko da.
Laborategi horiek aukera emango diete eragileei balio erantsi handiko zerbitzuak eta kualifikazio handiko langileak eskuratzeko, enpresekin eta ikerketa-eragileekin sarean lan egin ahal izateko, lankidetzako I+G proiektuak garatuz, estatuko eta atzerriko bazkideekin nazioarteko I+G+B proiektuak garatzeko, eta puntako ekipamenduak eta azpiegiturak izateko. Era berean, eragileei funtzionamenduaren bizitza-probak egiteko aukera eskainiko die, materialak, osagaiak edo ekipoak baliozkotzeko berariazko garapen teknologikoak egitekoa, eta TRL txiki-ertainetik TRL handira garatzeko aukera.
Lanak 2025. urtean amaitzea aurreikusten da. Jesus Valero TECNALIAko zuzendari nagusiak azaldu duenez, «MUBIL ekimenak aukera emango digu mugikortasun jasangarriaren alde are irmoago apustu egiteko eta enpresen zerbitzura jarritako azpiegitura berriak izateko. TECNALIAN 15 urtetik gora daramatzagu mugikortasuneko soluzioetan lanean, teknologia eta negozio-eredu berriak garatu, eta ingurumen-inpaktu txikiko mugikortasun konektatu, efiziente, seguru eta adimendunerako aldaketa bultzatzeko. MUBIL tresna ezin hobea da arlo horretako etorkizuneko helburuetan lanean jarraitzeko».
Motor elektrikoen ekodiseinua
MUBILen eta CEITen arteko lankidetzari esker, ‘MAGMA’ proiektua hedatu ahal izango da, zeinaren helburua baita motor elektrikoen ekodiseinuan jauzi kualitatibo bat egitea mugikortasun elektriko eta jasangarrirako bidean. Lur arraroak berreskuratzeko, iman iraunkorrak fabrikatzeko eta motor elektriko efizienteagoak eta jasangarriagoak diseinatzeko gaikuntza teknologikoa eskainiko du, material berrien eta fabrikazio gehigarriaren bidez. Ibilgailu elektrikoaren balio-katea sustatuko du, trakzio-motorrarekin edo sistema osagarrien motorrekin lotutako katebegi hainbatetan (haizetako-garbigailua, bateria-aireztapena, beira-jasogailuak, etab.).
Lur arraroen elementuak 17 mineral dira, funtsezkoak sektore elektronikoan eta metalurgikoan, eta askotariko produktuetan, tartean, bateriak eta mugikorrak, eta, horietan, Europak kanpo-hornitzaileekiko mendekotasun handia du, gehienbat, Txinarekiko. Proiektuak 2,35 milioiko inbertsioa ekarriko du, eta eragina izango du automobilgintzan (autoa eta autobus elektrikoa) eta errepideko garraio astunean (kamioi elektrikoa) bezala, energiaren sektorean (aerosorgailua), hegazkingintzan (hegazkin elektrikoa), eraikingintzan (igogailuak) eta mugikortasun modu berrietan ere (patinete eta bizikleta elektrikoak).
Juan Meléndez CEITeko zuzendari nagusiaren arabera, «Aldundiak ‘MAGMA’ proiektuari laguntzea funtsezkoa da, Euskal Autonomia Erkidegoa gai izango bada parerik ez duen eta Europak lehentasunezko iritzi dion teknologia jakin bat sortzeko; alegia, lur arraroen berreskurapena eta motor elektriko efiziente eta jasangarriagoen diseinua. CEIT arlo horretan espezializatzearen azken buruko xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresak lehiakorragoak izatea sektore horretan, eta oinarri teknologikoko enpresak sortzea. CEITek eskerrak ematen dizkio Aldundiari Gipuzkoa nazioarteko industria-erreferente bihurtzeko apustuari eusteagatik, eta bat egiten du apustu horrekin. Konpromiso horrek enplegu gehiago eta hobeak ekarriko ditu, eta gizartea desparekotasun gutxiagokoa eta jasangarriagoa izatea».
6147