Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Pirinio Atlantikoetako departamentuaren mugaz gaindiko aurrekontuak saritu ditu Frantziako Senatuak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Pirinio Atlantikoetako departamentuaren mugaz gaindiko aurrekontuak saritu ditu Frantziako Senatuak

‘Zilarrezko Territoria’ aitorpena jaso du ekimenak, goi ganberak bultzatzen duen Berrikuntza Publikoaren Behatoki Nazionalak ematen duena.

2022/11/16
Eider Mendoza, Gobernantza diputatua, Frantziako Senatuan.

Eider Mendoza, Gobernantza diputatua, Frantziako Senatuan.


‘Ideiak 2022’ mugaz gaindiko aurrekontuen lehen edizioak Frantziako Senatuak bultzatzen duen Berrikuntza Publikoaren Behatoki Nazionalak ematen duen ‘zilarrezko Territoria’ saria jaso du. Urtero banatzen diren sari hauen helburua tokiko ekintza publikoaren eremuan ematen diren jardunbide egokien esperientziak saritzea da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Pirinio Atlantikoetako departamentuaren arteko lankidetzaren emaitza den ekimen honen kasuan izan den bezala. Sari banaketa atzo egin zen Parisen, Frantziako Nazio Biltzarrean egindako ekitaldian, eta bertan izan ziren Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatua, Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako presidentea, Ander Arzelus foru erakundeko Kanpo Harremanetarako arduraduna eta Joseba Erremundeguy Pirinio Atlantikoetako departamenduko kontseilaria.

Mendozak positibotzat jo du saria: “Aurten lehen aldiz egin dugu ekimena, eta potentzial handia duela erakutsi du”. “Mugaz gaindiko aurrekontu hauek esperimentu moduko bat izan dira, eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikuspuntutik, esperimentu arrakastatsua izan da, mugaz gaindiko lankidetzan urrats bat harago joatea lortu dugulako”, gaineratu du. Foru arduradunak foru erakundea gobernantza eredu ireki eta elkarlanekoaren alde egiten ari den apustuan jarri du arreta, eta, ildo horretan, mugaz gaindiko lankidetzak alor horretan duen garrantzia eta eskaintzen dituen aukerak azpimarratu ditu.

Mendozaren ustez, mugaz gaindiko aurrekontu parte-hartzaileen lehen edizioa “mugaz gaindiko lurraldeek aurre egin behar dieten desberdintasun administratibo, prozedurazko eta kulturalak gainditzeko gaitasunaren adibide ona da”. “Deialdi honetan, Europaren eraikuntzaren erronkari eskualde mailan heltzeko borondate eta erabaki politikoa funtsezkoak izan dira. Nahiz eta oraindik alde bien artean ezberdintasun garrantzitsuak egon, jarrera proaktibo batetik mugaz gaindiko anbizioa zehaztea lortu da, eta deialdi bateratu bat formalizatu eta gauzatu da, helburuei, lehentasunei, epeei, hautaketari… dagokienez”, azaldu du.

3.544 parte-hartzaile

3.544 pertsonak parte hartu zuten urteko honetako lehenengo seihilekoan egin zen ‘Ideiak 2022 'mugaz gaindiko aurrekontuen lehen edizioa, eta horietatik 1.542 gipuzkoarrak izan ziren. Mugaren bi aldeetako lankidetza indartzeko helburuarekin sortu zen ekimena: lehenik eta behin, hainbat eragile sozial eta ekonomikok mugaz gaindiko lankidetzarekin lotutako proiektuak aurkeztu zituzten, 42 guztira. Gero, bozketa-fasean, herritarrek euren artean aukeratu behar izan zuten. Fase hori bitarteko telematikoen bidez egin zen aurtengo maiatzaren 22tik ekainaren 17ra bitartean. Ondoren, erakunde bakoitzak 150.000 euroko ekarpena egin zien lurralde bakoitzean boto gehien jaso zituzten zortzi ekimenei.

Administrazioen arteko lankidetzaz gain, "Ideiak 2022" ekimenak elkarteen arteko mugaz gaindiko harremanen osasun ona egiaztatzeko balio izan du, eta, batez ere, horietan sakontzen jarraitzeko nahia dagoela ondorioztatzeko: Gipuzkoan aukeratu diren zortzi proiektuetatik, guztiak, bat izan ezik, Iparraldeko eta Hegoaldeko eragileek batera egingo dituzte. “Beraz, ekimen honen helburu nagusia bete dela esan daiteke: zubi bat eraikitzen lagundu dugu, hango eta hemengo elkarteen lankidetza sustatzeko”, azaldu du. Amaitzeko, Mendozak herritarrek aukeratutako gaien aniztasuna azpimarratu du: gazteak, hizkuntza, ingurumenaren zaintza, biodibertsitatea...

  

3681