Breadcrumb

Asset Publisher

Back Elektromugikortasunari bultzada Donostiako Udalaren eta BIC Gipuzkoaren eskutik

Elektromugikortasunari bultzada Donostiako Udalaren eta BIC Gipuzkoaren eskutik

100.000 eta 75.000 euroko diru laguntza bana onartu du gaur Diputatuen Kontseiluak

Foru Aldundia legealdi honetan elektromugikortasunaren eta energia biltegiratzearen alde egiten ari den apustuari jarraituz, Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du 100.000 eta 75.000 euroko diru laguntzak ematea Donostiako Udalari eta BIC Gipuzkoari, hurrenez hurren. Aurrenekoaren helburua da DBus-en 28. lerroaren (Bulebarra-Ospitalak-Miramon) elektrifikazioa gauzatzea, hori baita Donostiako lerrorik erabiliena, eta hiri autobusetan urtean zehar, Euskadi mailan, ere bidaiari gehien dauzkana. Diru ekarpen horrekin, Miramongo parke teknologikoan karga azkarreko azpiegitura finantzatzen laguntzen du Aldundiak, bertan bukatzen baita aipatutako autobus lerroaren ibilbidea.

Imanol Lasa foru bozeramaileak gogorarazi duenez, urte hasieran, Aldundiak eta Donostiako Udalak elkarlan hitzarmena sinatu zuten, hiriburuan sektore estrategikoak bultzatzeko. “Testuinguru horretan kokatzen da gaur onartutako neurria, elektromugikortasuna baita sustatzea adostu genuen arloetako bat”, adierazi du. Zehazki, ‘Living Lab’ delako lan ildoan kokatzen da; horren helburua da, foru bozeramaileak azaldu duenez, “gure lurraldea elektromugikortasunari lotutako produktuak probatzeko eta zertifikatzeko azpiegiturekin hornitzea”.

2018ko otsailean onartu zen 28. lerroaren eletrifikazioa, Eusko Jaurlaritzak ere proiektuan parte hartzen duelarik. Espero da 2019. urte amaierarako lerro osoa elektrifikatuta egotea. Ekainean hasi zen lehen autobus elektrikoa zirkulatzen, eta orain jada martxan dagoen birkargarako puntuetako bat finantzatzen da. Kargarako azpiegitura hori gaur egun lerro horretan zerbitzua eskaintzen duten autobusei egokituta dago, baina lurraldeko beste modelo eta enpresetara ere egokitzeko aukera ematen du.

 Bestalde, BIC Gipuzkoarentzat onartutako diru laguntzaren heburua da, Mubil Elektromugikortasun Zentroaren barruan, enpresa berrien azeleragailua diseinatu eta abian jartzea. Laguntza tekniko espezializatua eskainiko da sektoreko adituen eskutik, mugikortasun elektrikoaren eta energia-metaketaren alorreko teknologia zorroaren azterketan, Gipuzkoako jakintza zentroek, hau da, teknologia zentroek eta unibertsitateek, dituzten proiektu oparoenak eta transferentzia ahalmen handienekoak identifikatuz.

Ahalmen handiko gisa identifikatutako proiektu bakoitzerako neurrira egindako garapen plan bat gauzatuko da haiekin. Helburua da Gipuzkoako zentro teknologikoetan eta unibertsitateetan dauden azterketa aukerak azaleratzea, mugikortasun elektrikoaren eta energia-metaketaren alorrean negozio aukera berriak sortzeko. Enpresa berri horiek aurrera atera ahal izateko eta garapen egokia edukitzeko, Mubil Elektromugikortasun Zentroaren azpiegiturak eta aktuazioak aprobetxatu nahi dira, hain zuzen. Izan ere, Europa mailan aitzindari izango den ekipamendu bereziak edukiko ditu Mubilek, kontzeptu, testaje eta zertifikazio probak, edota erabilera errealeko probak egin ahal izateko.

Esparru horretan gure lurraldea erreferente bihurtzeko estrategiaren barruan, euskarri garrantzitsuenetariko bat enpresa berriak sortzea da; izan ere, gai hori bereziki estrategikoa da azkar hazten ari den sektore batean, zeinetan enpresek indargune lehiakorrak sortuko dituzten jarduerak garaiz ezarriz gero. Ibilgailu elektrikoaren veste hainbat alor ere aintzat hartuko dira, hala nola tipología, osagaiak, edo negozio eta kudeaketa ereduak.

“Guzti horregatik, oso garrantzitsua da sektore honetako ekintzaileei laguntza ematea, kalitatezko enplegua sortzeko eta ehun ekonomikoa eraldatzeko ahalmena baitute. Eta laguntza hori emateko, BIC Gipuzkoak proiektu berritzaileak babesten daukan esperientziak berme osoa eskaintzen digu. Beste erakundeekin, eragileekin eta herritarrekin elkarlanean jarraituko dugu, gure ekonomia sendotzeko eta eraldatzeko gaitasun handiena duten sektoreetan Gipuzkoa erreferente izan dadin”, azpimarratu du foru bozeramaileak.  

Villabonako zubia zabaltzea

Diputatuen Kontseiluak onartu du, baita ere, Villabonako zubia oinezkoentzat zabaltzeko proiektua, GI-4751 errepideko 0 kilometro puntuan.  Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 501.203,04 euro da, eta lana burutzeko epea lau hilabete. Proiektuko lanak dira taularen ertz bakoitzari 80 zentimetrko altzairuzko egitura bat atxikitzea. Horiek horrela, gaur egun, 5,6 metroko zabalera duen zubiaren alde bakoitza 80 zentimetro zabalduko da. Horrela, posible da 3,5 m-ko zabalera duen galtzada bat pasatzen den plataforma bat jartzea. Modu horretan lortuko da hiritar motako metalezko hesi bat eta 2 metro zabaleko espaloi bat, erabat banandua.

Proiektuan aurreikusita dago, orobat, espaloiak zolatzea, aglomeratu beltzarekin, eta taularen ertzak baranda batekin errematatzea. Baranda altzairu herdoilgaitzeko sare arin batez osatzen da, zeinari goitik eta behetik eusten baitiote luzetarako bi tutuk, altzairu herdoilgaitzekoak.  Anta Ingenieria Civil enpresak idatzitako proiektuaren bidez zabalera handiagoa emango zaio errepidearen plataformari, eta modu horretan oinezkoen segurtasuna hobetuko da.

Lanak egiteko beharrezkoak diren lursailak eskuragarri daude, eta proiektuak ez dio eragin berririk sortuko lurzoruari. “Legarreta zubiak, Sacemeko zubi gisa ere ezaguna denak, berritzeko premia zeukan, Udalak behin eta berriz jakinarazi izan digunez Aintzane Oiarbide diputatuarekin gai hori eta beste batzuk aztertzeko egindako bileretan. Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzerakoan kontuan hartu nahi dugun elementuetako bat lurralde oreka da, eta horrek eskatzen du baliabideak jartzea udaletako bideak egoera onean mantentzeko, eta enpresetarako sarbide egokiak eskaintzeko.  Proiektu honekin, aurrera jarraitzen dugu bide horretan”, azaldu du Lasak.

Eibar-Elgoibar bidegorria

Azkenik, gaurko bilkuran onespena eman zaio Azitain-Maltzaga (Eibar) bizikleta eta oinezkoentzako bidea eraikitzeko proiektu aldatuari, 5.171.494,07 euroko aurrekontuarekin. Diputatuen Kontseiluak onartu du lanak egiteko baldintza administratibo berezien agiria, eta erantzuna eman die jendaurreko informazio aldian aurkeztutako alegazioei. Proiektua aurtengo irailean idatzi da, eta bertan jaso dira URA Uraren Euskal Agentziak egindako oharrak eta Bide Azpiegituretako Departamentuak urrian emandako aldeko txostena.

Bizikleta eta oinezkoentzako bidearen trazatua bi zati handitan banatu da, lehenengoa 1.000 metro luzekoa, eta bigarrena 870 metrokoa. Zati horietako bakoitza modu independentean egin daiteke, kontratuaren xedea bi lotetan banatuta. 1. lotearen lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 1.987.116,23 euro da, eta 2. lotearena 3.184.377,84 euro; beraz, bi loteen lizitazioaren prezio metatua 5.171.494.07 euro da, eta lanak egiteko epea 10 hilabete loteetako bakoitzarentzat. Alabaina, proiektuan 15 hilabeteko gehieneko epe bat aurreikusten da, baldin eta proiektatutako obra, osorik, enpresa bakar bati esleitzen bazaio.

Eibar-Maltzaga bidegorria irekiz hobetu egingo da Debabarrenaren mugikortasunerako erabakigarria den bidezati bat, horrekin osatu egingo baita Eibarren eta Elgoibarren arteko lotura.  Bidegorri berria bi kilometro inguru luze eta hiru metro zabal izango da, Eibarko Barrena kalea gaur egun zabalik dagoen Elgoibar-Maltzaga bizikleta eta oinezkoentzako bidearekin lotuz.  Oso tarte luzea ez bada ere, konplikatua da, eta pasabideak eraikitzea bezalako konponbide teknikoak behar izan dira.

Bozeramaileak gogorarazi du eskaera hau izan zela gehien errepikatu zena 2016 eta 2017ko aurrekontu irekien prozesuetan. “Bilerak egin genituen bi urte horietan Eibarko jubilatuen elkartearekin, eta, iaz, Unzagan jarritako karpan izan ginen. Topaketa horietako lehenengoaren ondoren, Foru Aldundiak 200.000 euro xedatu zituen 2017ko aurrekontutik proiektua idazteko, eta bigarren topaketan, iazko maiatzean jubilatuen etxean egindakoan, Foru Aldundiak konpromisoa hartu zuen, batetik, proiektua aurten lizitatzeko, eta, bestetik, obraren bilakaeraren nahiz ematen joango diren pauso administratibo guztien berri ematen jarraitzeko.

“Herritarren inplikazioa eta, bereziki, jubilatuen elkartearena, funtsezkoa izan da eskualdeko lehentasunetako eta premietako asko (bidegorri hau edo Deba-Mutriku errepidea hobetzea) aurtengo aurrekontuetan jaso izateko eta behin betiko gauzatze bidean izateko, udalerri horietako bizi kalitatea hobetuz”, adierazi du amaitzeko.

  

1562