Elgoibarrek kultur etxe moderno eta funtzionala izango du laster
Elgoibarrek kultur etxe moderno eta funtzionala izango du laster
Aldundiak 510.000 euro jarri ditu.
Itxaso: “Beharrezkoa da gure ondare aberatsa babestea, baina batez ere erabilera praktikoa ematea, kasu honetan bezala”
Ane Beitia Elgoibarko alkateak eta Denis Itxaso Kulturako Diputatuak Aita Agirre Kulturunea berritzeko obrak bisitatu dituzte. Aldundiak 510.000 euro jarri ditu eraikina finkatu, eraberritu eta zaharberritzeko obrak egiteko.
XX. mendearen hasieran eraikitako eraikin historikoa da. Eraikinak lau solairu ditu eta 1900 m2-ko azalera erabilgarria; gaur egun, jatorrizko egitura mantentzen du, eta harlangaitzezko karga-hormaz, forjatuz, narriatutako egurrezko estalkiaz, eta harlangaitza eta pinturadun morterozko entokatua konbinatzen dituen harri naturalezko fatxadaz osaturik dago, baina narriadura nabaria da, forjatuek ez dute eusteko ahalmenik, zutabeak ustelduta daude, eta hezetasun arazoak daude, besteak beste. Beraz, eraikina zurkaiztu eta hustu egin da, eta bertan zeuden elkarteak Elgoibarko beste toki batzuetan kokatu dira. Egoera horren aurrean eta partaidetza prozesu bat egin ondoren, Udalak erabaki zuen jatorrizko erabilera berreskuratzea eta kultura erabilera ematea, eraikinak duen azalera eta herrian duen kokapena aprobetxatuz.
Itxasok proiektuaren garrantzia azpimarratu du eta, halaber, eraikinarak izango duen balio aniztuna, malgua, modernoa eta funtzionala goraipatu du.
"Gure ondarea zaintzen jakin behar dugu, baina, aldi berean, erabilera praktikoa eman behar diogu, hori baita gure ondarea zaintzeko modu bakarra; proiektu hau jokabide horren adibide argia da. Elgoibar herri bizia da, eta kultura arloan lan egiten duten mota guztietako entitate ugari daude; beraz, elkarteek bai herritarrek merezi dute beraien beharrei erantzungo dien toki egoki bat izatea" esan du.
Udal Bandak eta txarangak erabiliko dute behe solairua, akustika ona duen gunea baita, eta plaza berean kokatuko da musikarekin zerikusia duen guztia, kontserbatorioa ere alboko eraikinean baitago. Bi areto balioaniztun egokituko dira erakusketak jartzeko eta kultura ekintza ezberdinak antolatzeko, behe solairuan eraikiko den Kafe Antzokiarekin lotuta.
Lehenengo solairuan hitzaldi areto bat jarriko da, eta bertatik eraikinaren terraza berrira eta Euskara, Kultura eta Gazteriako udal sailetara sartu ahal izango da.
Bigarren solairuan liburutegi moderno bat jarriko da. Estalkipean, berriz, DEBABE edo udal euskaltegia kokatuko da, eta baita ere Elgoibarko Izarra elkartea, gazteen aisialdirako jarduerak eta Gazteleku eta Ludotekako zerbitzuak kudeatzen dituen elkartea.
1903