Elias Querejeta Zine Eskolak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak argitalpenaren lehen alea plazaratu dute
Elias Querejeta Zine Eskolak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak argitalpenaren lehen alea plazaratu dute
Elias Querejeta Zine Eskolak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak argitalpenaren lehen alea plazaratu dute
Online argitalpen hau urtean bitan plazaratuko da, eta kultura zinematografikoak beste diziplina zientifiko eta humanistiko batzuekin dituen loturak aztertuko ditu, arreta berezia eskainiz euskal zinemari
Lehenengo alean Nestor Basterretxearen zinematografia lana aztertu da, konstruktibismoaren ikuspuntutik, eta María Jesús “Tatus” Fombellidaren lana berreskuratu da.
ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak Elias Querejeta Zine Eskolak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak plazaratutako argitalpen akademikoa da. ZINEren helburua ikerketa originalak argitaratzea da, ikasketa zinematografikoen arloan ezagutza espezializatua lortzen laguntzeko, diziplina arteko ikuspegi batetik.
Harkaitz Millán Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura-diputatuaren iritziz, "Gipuzkoako ekosistema zinematografikoa apartekoa da, ez bakarrik sari-sorta zabalagatik, baizik eta baita Elias Querejate Zine Eskola, Euskal Filmategiak eta Zinemaldia bezalako erakundeen lankidetza estuagatik eta osagarritasunagatik ere. Horren ondorioa da ZINE, ikerketa zinematografikoa sustatzeko ekarpen handia egiteaz gain. Diputatu sozialistak azpimarratu du euskal zinemaren azterketan arreta jartzea eta bertako ikertzaileek egindako lanaren zabalkundea sustatzea ere garrantzitsua dela. Euskadiko Filmategiarentzat koherentea da argitalpen honen garapenean parte hartzea, euskal ikus-entzunezkoen ondarea ikertzeko eta babesteko bokazioa baitu. Tabakaleran jarri zenetik erakundeak egiten dituen jardueren zati handi baten dibulgazio izaeraren osagarri dira bi lan ildo eta helburu horiek. Bestalde, Zinemaldiak argitalpenean parte hartzea urte osoko jaialdi gisa duen konfigurazioaren parte da, bere burua pentsatzen duen eta zinemarekin zerikusia duten gaiei buruzko azterketa eta ikerketa sustatu nahi duen lehiaketa gisa.
Alorrerako garrantzitsuak diren ekarpen mota guztiak onartzen dituen arren, ZINEren helburu nagusia da euskal zinemaren eta ikus-entzunezkoen ondareari eta kulturari buruzko begirada berriak proposatzen dituzten lanak babestea eta argitaratzea, dela kontakizun kanonikoetatik kanpo geratu diren ikerketa kasuak aztertuz eta horiei balioa emanez, dela figura finkatuen berrikuspen kritikoa eginez, dela tokiko tradizio akademikoan horrenbeste garatu ez diren diziplina arteko metodologia berritzaileak praktikan jarriz. Laburbilduz, ZINE berrikuntza espazio gisa planteatzen da, eta euskal zinemari buruzko ikasketen mugak zabaltzea ez ezik, zinema ikasketenak ere zabaltzea proposatzen du Euskal Herritik.
ZINEren banaketa online egingo da, oso-osorik. Argitalpena proiektuan parte hartzen duten hiru instituzioen webguneetan egongo da eskuragarri, nahi duen orok euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez edo frantsesez deskargatzeko.
Lehenengo alea, euskal zinemari eskainita
ZINEren ale bakoitzak bi atal nagusi ditu: batetik, espezialistek egindako ikerketa monografiko bat, kidekoen kanpo berrikuspena egin dakiokeena; eta, bestetik, Elias Querejeta Zine Eskolaren Ikerketa Sailak bultzatutako ikerketa proiektuei eta ekintzei lotutako materialak, ikerketa akademikoaren eta sorkuntzaren arteko formatu hibridoak aztertzen dituen atal batean. Horregatik, ZINE nazioarteko komunitate akademikoaren eta EQZEn garatutako ikerketa ekimenen arteko topagunea ere bada.
Bildumaren lehen ale honetan, Elixabete Ansa Txileko Unibertsitate Katoliko Pontifikaleko Estetika Institutuko Ikasketa Gaietarako zuzendari eta irakasle elkartuak zinemaren eta fabrikaren arteko harremanaren azterketa bat proposatzen du, euskal zinema ikuspegi “eraikitzaile” batetik irakurtzeko proposamen baten bidez. Ansaren artikuluaren abiapuntua Nestor Basterretxearen Operación H (1963) filma eta euskal zinean komunitateak izan dituen formak problematizatzeko beharra dira.
Bestalde, eta EQZEren “Zinemaren artisauak: euskal zinema amateurraren inguruko ikerketa” ikerketa proiektuaren osagarri, María Jesús “Tatus” Fombellida zinemagile amateurrak 1975etik 1985era bitartean filmatutako Gure Herria dokumental sortari buruzko dosierra jaso da ZINEn. Atal hori sinatu dute Enrique Fibla CCCBko eta EQZEko ikertzaileak, Benoît Turquety Lausanneko Unibertsitateko irakasle eta zinema amateurrean adituak, eta Sahatsa Jauregi artistak, zeinek, beren diziplinetatik, horrelako filmek praktika kulturalen mapan duten tokiari buruzko gogoeta egiten duten. Dosierrarekin batera, Fombellidaren Gure Herria dokumental sortako bederatzi filmen bertsio digital berriak argitaratu dira EQZEren webgunean.
Call for papers
ZINE ikertzaileen ekarpenei zabalik dagoen proiektua da. ZINEko proposamenen aurrehautaketa Batzorde Editorialak egingo du, eta horiei ere kidekoen kanpo berrikuspena egin dakieke. Proposamenak zine@zine-eskola.eus helbidera helaraz daitezke. Proposamen bakoitzean 250-500 hitzeko laburpen bat eta egilearen CV osoa jarri behar dira. EQZEren webgunean daude egileentzako jarraibideak.
1679